Plentziako Udalak (Bizkaia) erran du Euskal Errepublikako kide dela. Ehun mugimenduaren mozio bat izan da erabaki horren abiapuntua, eta, adierazi dutenez, lehenbiziko aldia da erakunde batek horrelako adierazpenak egiten dituena; «historikoa» da erabakia. «Izan dira historian zehar antzeko gertakariak Euskal Herriko hainbat udaletxetan, baina horiek, nahiz eta bidea ireki, Euskal Errepublika eman diezagutela eskatzera mugatu dira, ez independentzia deklaratzera», adierazi du mugimenduak. Ekintza horrek aurrera begira zer ondorio izanen dituen edo zer erronka ekarriko dituen bihar azalduko dute, 12:00etan, Plentziako Goñi Portal kultur etxean.
Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran onartu zuten mozioa, non «aldebakarreko independentzia deklarazioa» egiten den. Mugimenduak azaldu duenez, udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta, beraz, baita herritarren beharrak hobekien ezagutzen dituztenak ere. Ordea, interes horiek babesteko «erremintarik gabe» daudela sinesten dute: «Udalen beharretatik urrun sortzen da legedia, zer esanik ez Euskal Herriko udaletatik». Plentziari dagokionez, bi arlotako legedian jarri dute arreta: etxebizitza eta kosta eremua. «Bi esparru horiek eragin handia daukate Plentziako egunerokoan, eta traba dira udalak aurrera atera nahi dituen hainbat asmorentzat».
Oztopo horiei guztiei aurre egiteko araudia Espainiako Estatuan lortzea «ezinezkoa» dela uste dute, eta, beraz, Euskal Errepublika dela «herritar guztien ongizaterako derrigorrezko erreminta». «Errepublika hau eskubide parekideak dituzten herritar parte hartzaileek osatzen dute, eta Plentziako herritarrak haren parte gara», dio mozioak.
Burujabetza erdigunean
Ehun mugimenduak Euskal Errepublikaren aldarria zabaltzen dihardu azken urteotan. Hainbat eta hainbat egitasmo egin dituzte beren mezua kalera eramateko: kontzientziazio lana egiteko, erraterako, hamabortz udalerri eta auzotan ekitaldiak egin zituzten 2020ko otsailean; Frantziak Bilbon eta Iruñean dituen kontsuletxeetan sartu ziren hainbat irakasle 2022ko uztailean; eta joan den irailean bi eguneko kanpaldia egin zuten Donostian, «etxebizitza eskubidearen alde».
Edozein egitasmo egiten dutela ere, «Euskal Errepublikaren eskaria hezurmamitzea» da taldearen helburua, «burujabetzak praktikara eramatea».