Plentziako adierazpena «bide emankor baten lehen harria» izatea nahi du Ehunek

«Historikotzat» jo du udalerriak Euskal Errepublikako kide dela aldarrikatu izana. Ekainean bilerak egingo dituzte eragileekin, bide hori urratzen jarraitzeko.

Ehun mugimenduak Plentzian egindako agerraldia. MAIDER AIO
Ehun mugimenduak Plentzian egindako agerraldia. MAIDER AIO
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 1a
13:30
Entzun

Joan den ostegunean egindako osoko bilkuran, Plentziako Udalak (Bizkaia) «Euskal Errepublikako kide» izendatu zuen bere burua. Mozioa bultzatu duen eragileak, Ehun mugimenduak, «historikotzat» jo du adierazpena, eta «bide emankor baten lehenengo harria» izatea nahi du. Horregatik, lanari ekingo dio, datozen asteetan udalerri gehiagok bat egin dezaten adierazpen horrekin, eta herritarrei ere euren burua «Euskal Errepublikako herritartzat» jotzeko aukera irekiko die.

Ehun mugimenduaren aburuz, «historikoa» da Plentziako adierazpena, «lehenengo aldiz Euskal Herriko erakunde batek lurraldearen zati bat Euskal Errepublikako parte deklaratu duelako». Lehenago ere izan da euskal udalerrietan independentziaren aldeko aldarririk, baina, Ehun mugimenduak nabarmendu duenez, horrelakoetan Euskal Errepublika eskatu baino ez zen egiten; oraingoan, berriz, «aldebakarreko deklarazioa» egin du Plentziak.

«Norberari buruzko erabakiak norberak hartu behar dituela sinetsita, Plentzian onartutako mozioak ez du Espainiako Estatuaren onarpena eskatu», azaldu du Ehun mugimenduak. «Plentziar gehienen nahiari men egin dio; modu argi eta sinplean, Plentziako herria autodeterminatu egin da».

«Bizitza duinak»

Mozioaren arabera, Euskal Errepublika aldarrikatzeko arrazoietako bat da Espainiak ezarritako esparruan ezin direla Euskal Herriko arazoak konpondu. Horren «berritasuna» ere nabarmendu du Ehun mugimenduak: «Egiturazko gaiak soilik Euskal Errepublikan konpon ditzakegula ondorioztatzen du mozioak, eta hori ere berria da. Espainian eta Frantzian ezinezkoa da bizitza duinak izatea eta, ondorioz, munduko beste herriekin errespetuzko erlazioak izatea».

Ehun mugimenduak nahi du Plentzian hasitakoa «bide emankor baten lehenengo harria» izatea, eta, horretarako, Euskal Herri osora zabaltzea dute helburu: «Herritar guztion bultzada beharko dugu. Horregatik, eskaera zehatza egiten diegu eragile, sindikatu eta alderdi politikoei: lagun diezagutela Euskal Herriko udal guztietan mozio hau aurkezten eta aurrera ateratzen».

Iragarri dutenez, ekainean bilerak egingo dituzte sindikatu eta eragile politikoekin Plentziako adierazpenari segida emateko, eta uztail hasieran jakinaraziko dute bilera erronda horren emaitza. Gainera, herritarrei ere euren burua «Euskal Errepublikako herritartzat» jotzeko aukera emango diete: «Lurraldea eta herritarrak askatzen hasi gara. Zenbat eta pertsona eta herri gehiago askatu, orduan eta zilegitasun handiagoa izango dugu pertsona eta herri gehiago askatzeko, eta indar handiagoa Euskal Errepublika Euskal Herri osoan aldarrikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.