Ambrose Martin O'Daily irlandar abertzalea 1922ko apirilean iritsi zen Euskal Herrira.Euzko Gaztediren eskutik, hamar bat hitzaldi eman zituen astebetean Bilbon eta inguruko herrietan Irlandaren independentziaren aldeko borrokaz. Horietako batean, apirilaren 10ean Bilbon egindakoan, emakumeek prozesuan izandako parte hartzeaz mintzatu zen, eta azaldu zuen emakume irlandar abertzaleek bazutela euren erakundea mugimendu errepublikanoan, Cumann Nan nBan izenekoa. Hantxe bertan hasi ziren hitzaldian egondako zenbait emakume Euskal Herrian antzeko elkarte bat sortzeaz eztabaidatzen. 50 bat emakumek eman zuten izena; handik hilabera, 300 inguru ziren. Maiatzaren 7an bilera egin zuten, eta Emakume Abertzale Batza izeneko erakundea sortzea erabaki zuten.
Ehun urte beteko dira gaur EAB sortu zenetik. EAJri loturiko elkarteak ez zuen bide luzerik egin: hasieran, Primo de Riveraren diktadurak eten zuen haren jarduera, eta hurrengo hamarkadan frankismoak zapuztu zuen. Baina emakume haiek utzitako eredua ez da desagertu, eta arlo askotan egindako lana aitzindaritzat jo daiteke.
Gurutze Ezkurdia Arteaga, Karmele Perez Urraza eta Begoña Bilbao Bilbao EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak dira, eta luze eta zabal jorratu dute EABren historia. Diotenez, hura sortu aurretik ere egon ziren aitzindariak, abertzaletasunaren hedapenean emakumeek izan behar zuten parte hartzearen inguruko kezkak akuilatuak.
1922tik aurrera, EABk ekin zion lantegi horri, baina 1923ko irailean Primo de Riveraren diktadura iritsi zen, eta EAB desagertu egin zen elkarte gisa, hango kideek sasian lanean jarraitu zuten arren. EABk bigarren loraldi bat izan zuen Espainiako Errepublikaren etorrerarekin, eta 1931ko ekainean berriro ekin zioten lanari. Hasieran Bilboko mugimendu bat izan zena Hego Euskal Herriko lau lurraldeetara hedatzea izan zen haien lehentasunetako bat.
Ongintzan, haurren irakaskuntzan, emakumeen prestakuntzan eta abarretan aritzen ziren, baina propaganda politikoa ez zuten albo batera uzten: emakume haietako batzuk hizlari apartak ziren, eta herriz herri ibili ziren hitzaldiak ematen, mitinetan eta batzokien inaugurazioetan parte hartzen eta abar. Batez ere, lau emakume nabarmendu ziren zeregin horretan: Polixene Trabudua, Haydee Agirre, Julene Urzelai eta Maria Teresa Zabala. Lehenengo biak Larrinagako kartzelan (Bilbo) espetxeratu zituzten 1933an, mitin batean independentziaren alde berba egiteagatik.
Oinordekoen lekukotzak
Julene Urzelai (Azkoitia, Gipuzkoa, 1912Caracas, Venezuela, 1983) hizlari ospetsu haietako bat izan zen. Gerra ostean Caracasera erbesteratu zen, baina noizean behin Euskal Herrira itzuli zen etxekoak ikustera. Bisita haietan ezagutu zuen Tegi Urzelai haren lobak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1945): «Lehenengo aldiz etorri zenean, ni umea nintzen, eta ez daukat gogorapen askorik, baina geroago hobeto ezagutu nuen. Oso emakume alaia zen: agurtzeko, 'gero arte' esan ohi zuen, handik Caracasera joan behar bazuen ere».
«Xarma handikoa» eta «itxurazko emakumea» zen Urzelai, haren lobaren esanetan: «Eta ausarta, noski. Atera kontuak nolakoa zen emakumearen egoera garai hartan, eta, hala ere, noraino iritsi zen».
Julene Urzelai eta haren senide batzuk Gernikan egon ziren herria bonbardatu zutenean. Familiak gerra, jazarpena eta erbestea nozitu ditu, Tegi Urzelaik gogorarazten duenez: «Hala ere, nik beti eskertu diet nire senideei inoiz gorrotorik izan ez izana. Hemen jarraitzen dugu guk, abertzaletasunean, gorrotorik gabe, elkarrekin hitz eginda gauzak eginez».
Maria Oar (Elorrio, 1905Gasteiz, 1997) «nortasun handiko emakumea» izan zen, «oso langilea eta ekimen handikoa», haren alaba Begoña Agirrek dioenez (Gasteiz, 1936). EABko presidentea izan zen Gasteizen. Senarra Francisco Agirre Basterra zuen, EAJren Araba Buru Batzarreko presidente izandako Julian Agirreren anaia. Haiek ere kartzela eta erbestea nozitu zituzten.
Hala ere, Agirrek dioenez, diktadura garaian ere etxean ez zuten arazorik izaten horrelako kontuez hitz egiteko: «Ez zen txitean-pitean komentatzen genuen zerbait, baina gure sendian, osaba-izebak, lehengusuak eta abar, den-denak abertzaleak ginen. Gasteizen, Asterixen herriaren modukoak ginen, eta, hortaz, etxean natural hitz egiten genuen horren inguruan. Adibidez, amak kontatzen zidan San Prudentzio egunean EABko emakumeak oso goiz joaten zirela Armentiara, margaritak [Alderdi Karlistako emakumeak] baino lehenago iristeko».
Amaren lagunak, haiek ere EABko kide izandakoak, gogoan ditu Agirrek: «Amaren kideak emakume bikainak ziren. Beren artean harreman handia zuten. Nik denak ezagutu nituen frankismoaren garaian, eta ez naiz izenak ematen hasiko baten bat ahaztuko nukeelako, baina emakume apartak ziren. Eta aitzindariak ere izan ziren: gure amak, esaterako, Bilboko Bankuan lan egin zuen, oposizioak gaindituta; Gasteizen banku batean lan egin zuen lehenengo emakumea izan zen».
Alicia Aretxabaleta ere (Bilbo, 19012004) aitzindaria izan zen: gaztetan aktore izan zen Euzko Gaztediren antzerki taldean, eta biolin jotzaile ere izan zen, Bilboko Orkestra Sinfonikoan sartu zen lehenengo emakumea. Horrez gain, Bilboko EABko idazkari izendatu zuten 1922an eta 1931n.
Amonaren urratsei jarraitu die Nagore Garamendik (Bilbo, 1975): bera ere aktorea da. «Emakume zuhurra zen; adi egoten zen beti, baina ez zuen asko hitz egiten. Nik uste dut gauza asko galdu ditugula berak ez zituelako inoiz kontatu. Gaztetan ikasi zuen euskara, [Ebaristo Bustinza] Kirikiñorekin. Haren etxera joaten ginenean, nebari eta bioi beti esaten zigun euskaraz egiteko».
Orain, mendea igaro ostean, giroa kontra izanik ere plazara atera ziren andre haien gomuta berreskuratzeko garaia da, Begoña Bilbao irakasleak dioenez: «Nik ez dut dudarik: emakume haiek euskal feminismoaren aitzindariak izan ziren, modu antolatuan lan egin baitzuten euskal emakumeen ahalduntzearen alde».
Emakume Abertzale Batzaren urteurrena
Plazara atera ziren andreak
Ehun urte beteko dira gaur Emakume Abertzale Batza sortu zenetik. Ongintzan, irakaskuntzan, emakumeen prestakuntzan eta abertzaletasunaren hedapenean jardun zuten diktadura iritsi zen arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu