Plazara atera dira euskara hurbilago, sendoago eta praktikoago izan dadin

Plazara elkartean aurkeztu dute Azkainen, euskalgintzako eragile berri gisa, eta lehendik direnen osagarri. Askotariko tresnak eta zerbitzuak eskaini nahi dituzte. Urte bukaera aitzin kooperatiba izatera iritsi nahi dute, eta atxikimendu kanpaina abiatu dute.

Plazara elkartearen eramaileak, Azkainen. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko irailaren 26a
17:25
Entzun

Bi zango eta bi beso. Lau ardatz izanen ditu Plazara elkarteak: komunikazioa, aholkularitza, formakuntza eta plazagintza. Orain dela hamabi hilabete abiatu zuten proiektua, eta gaur aurkeztu dute, Azkaineko plazan (Lapurdi). Eneko Gorri, Irati Fernandez Arbelaitz, Xan Aire eta Kamila Harluxet Gratien dira proiektuaren eramaileak, baina euskalgintzako eragileen eta hainbat herritarren babesarekin aurkeztu dute, eta atxikimendu kanpaina bat abiatuko dutela iragarri dute.

Plazalagunak eta plazakideak bildu nahi dituzte, 10 eta 50 euro arteko urteko bazkidetzarekin –prezio librea ere eskainiko dute–; Euskal Herri osoko euskalzaleei dei egin diete abiatu duten egitasmoa babes dezaten. Udazken honetan lehen lanpostuak sortu nahiko lituzkete, eta urte bukaerarako Europa mailako kooperatiba bilakatzeko prozesua abiatuko dute. «Jende asko ari da euskalgintzan arlo askotan, eta iruditzen zitzaigun zerbait ekartzen ahal genuela, eragileak laguntzen euskara gehiago eta hobeki erabiltzen. Batzuetan ez dakigu gauzak nola egin, euskararen alde zer egin. Arlo horretan nahi dugu zerbait ekarri», azaldu du Fernandezek.

Landu nahi dituzten lau ardatz horiek hainbat zerbitzu eta tresnatan bildu dituzte: itzulpenak, komunikazio kanpainak, sentsibilizazio tresnak, euskara planak, kontseilu praktikoa, ikerketak, iniziazioak, aktibazio tailerrak, gogoetaldiak, hiztun komunitateen arteko lankidetza, ekitaldi antolaketa eta auzolanak.

Airek esplikatu du «biziki errazki» urrundu daitekeela euskararen mundutik. «Bada lanketa bat egitekoa horren inguruan». Erdaldunarentzat euskara hurbilago izatea «funtsezkoa» zaie, eta harentzako euskaltzaletasun bat ere atzematea, euskara ikasteko bide bat hurbilago izatea. «Ikasten ari direnak, ikasi berri dutenak eta euskaldunak direnak ere, ikusten dugu urruntzen ahal direla aski errazki euskara erabiltzetik egunerokoan, eta hor sendoago nahi ditugu utzi euskaldunak beren egunerokotasunean euskara erabiltzen, eta bereziki arrazoinamendu bat atzematen egunerokoan euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko».

Bada erabileraren gaia, baina bada «zergatik eta zertarako» eginen duen euskaraz euskaldunak goizean jaikitzen denean. «Eta praktikoago, hori ikusten baitugu anitz egituretan, izan publiko ala pribatu, gauzak euskaraz ere egiteak konplikatzen ahal duela egitura baten bizia edo komunikazioa. Gu horretarako ere hor gara, errateko ezetz: aberastuko duzu zure komunikazioa, hobetuko duzu menturaz, eta zuk uste ez duzun oihartzun bat bilduko duzu bidean euskaraz ere funtzionatuz».

Herri mugimenduan kokatu dute beren burua, euskalgintzako eragile moduan, baina jadanik dagoenaren osagarri izan nahi dute. «Guk ez dugu jendea euskaldunduko, ez ditugu egiturak labelizatuko. Horretan biziki ongi ari diren eragileak badira», zehaztu du Fernandezek. «Iniziazio eta tresnen bidez, gure xedea da erdaldunaren eta euskaltegiaren arteko bidea laburtzen laguntzea, ikasten ari direnak usaia berrien hartzera akuilatzea eta euskaldunak lotsa batzuk askatzera bideratzea». Onartu dute arriskua egon litekeela erakunde publiko batzuek iniziazioa euskalduntzearen alternatiba gisa har dezaten, eta argi mintzatu dira: halako eskaerarik izanen balute, ezezkoarekin erantzunen dute.

Gaur-gaurkoz, 43 egiturarekin partaidetzan aritu dira, eta horien artean dira Euskarabentura, Garabide eta Soziolinguistika Klusterra. Hori azpimarratu du Airek. Orain dela aste pare bat Rifeko bost amazig aste batez etorri ziren Euskal Herriko eragileekin lanean aritzera. Urrian, berriz, Hego Amerikako hainbat aktibistak formakuntza ibilbide bat eginen dute. «Asko dugu ikasteko batak bestearengandik», Aireren hitzetan. «Mundu mailan beren hizkuntza eta kulturaren alde borrokatzen diren populuek inspiratzen gaituzte». Hori litzateke nazioarteko plaza batean biziberritzen ari diren beste hizkuntzekin elkarlan bat eramatea.

Atxikimendu kanpaina

Urte bateko ibilbidearen ondotik ez dute kausitu lanposturik sortzea: denbora osoz dedikatzen diren kideak langabezia edo auto-enpresari estatutupean dira. Azarotik aitzina sortu nahiko lituzkete lehen kontratuak, progresiboki. Baina bitartean ez dute proiektu berririk abiatu gabe egon nahi. Helburu horrekin abiatu dute Plazatik altxa dezagun Plazara kanpaina. «Plazara sostengatzeko molderik onena bazkidetzea da», azpimarratu du Harluxetek: «Herri oldar bat sentitu nahi genuke gure proiektuaren gibelean».

Urteko bazkidetza bat proposatuko dute, 10, 20 edo 50 eurokoa. Horiek plazalagunak izanen dira. Baina plazakide bilakatzeko aukera izanen dute, proiektuan inplikatuz bere disponibilitate eta zaletasunen arabera. «Plazara ez da bost lagunen proiektua izatera mugatuko; nahi dutenek aukera izanen dute formakuntzak animatzeko, plaza publikoetara euskara ekartzeko, materiala hedatzeko, tresnen diseinuan parte hartzeko... Formakuntza eta prestaketa segurtatuko dugu beharra izanez gero».

Euskararen egoerak «kezka» eragiten diela azpimarratu dute:konpromisoa hartu dute euskalgintzaren egoera kaskarra eta datuek agerian uzten duten etorkizun iluna gainditzeko lanean segitzeko, baina eragile batzuek izan lezaketen «basque-whashing» tentazioa saihestekoa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.