Bi zango eta bi beso. Lau ardatz izanen ditu Plazara elkarteak: komunikazioa, aholkularitza, formakuntza eta plazagintza. Orain dela hamabi hilabete abiatu zuten proiektua, eta atzo aurkeztu zuten, Azkaineko plazan (Lapurdi). Eneko Gorri, Irati Fernandez Arbelaitz, Xan Aire eta Kamila Harluxet Gratien dira proiektuaren eramaileak, baina euskalgintzako eragileen eta hainbat herritarren babesarekin aurkeztu dute, eta atxikimendu kanpaina bat abiatuko dutela iragarri dute.
Plazalagunak eta plazakideak bildu nahi dituzte, 10 eta 50 euro arteko urteko bazkidetzarekin—prezio librea ere eskainikodute—; Euskal Herri osoko euskaltzaleei dei egin diete abiatu duten egitasmoa babes dezaten. Udazken honetan lehen lanpostuak sortu nahiko lituzkete, eta urte bukaerarako Europa mailako kooperatiba bilakatzeko prozesua abiatuko dute. «Jende asko ari da euskalgintzan arlo askotan, eta iruditzen zitzaigun zerbait ekartzen ahal genuela, eragileak laguntzen euskara gehiago eta hobeki erabiltzea. Batzuetan ez dakigu gauzak nola egin, euskararen alde zer egin. Arlo horretan nahi dugu zerbait ekarri», azaldu du Fernandezek.
Landu nahi dituzten lau ardatz horiek hainbat zerbitzu eta tresnatan bildu dituzte: itzulpenak, komunikazio kanpainak, sentsibilizazio tresnak, euskara planak, kontseilu praktikoa, ikerketak, iniziazioak, aktibazio tailerrak, gogoetaldiak, hiztun komunitateen arteko lankidetza, ekitaldi antolaketa eta auzolanak.
Airek azaldu du «biziki errazki» urrundu daitekeela euskararen mundutik. «Bada lanketa bat egitekoa horren inguruan». Erdaldunentzat euskara hurbilago izatea «funtsezkoa» zaie, eta haientzako euskaltzaletasun bat ere atzematea, euskara ikasteko bide bat hurbilago izatea. «Ikusten dugu ikasten ari direnak, ikasi berri dutenak eta euskaldunak direnak ere urruntzen ahal direla aski errazki euskara erabiltzetik egunerokoan, eta hor sendoago nahi ditugu utzi euskaldunak beren egunerokoan euskara erabiltzen, eta bereziki arrazoinamendu bat atzematen egunerokoan euskaraz bizitzeko».
Bada erabileraren gaia, baina bada «zergatik eta zertarako» eginen duen euskaraz euskaldunak goizean jaikitzen denean. «Eta praktikoago, hori ikusten baitugu anitz egituretan, izan publiko ala pribatu, gauzak euskaraz ere egiteak konplikatzen ahal duela egitura baten bizia edo komunikazioa. Gu horretarako ere hor gara, errateko ezetz: aberastuko duzu zure komunikazioa, hobetuko duzu menturaz, eta zuk uste ez duzun oihartzun bat bilduko duzu bidean euskaraz ere funtzionatuz».
Herri mugimenduan kokatu dute beren burua, euskalgintzako eragile moduan, baina jadanik dagoenaren osagarri izan nahi dute. «Guk ez dugu jendea euskaldunduko, ez ditugu egiturak labelizatuko. Horretan biziki ongi ari diren eragileak badira», zehaztu du Fernandezek. «Iniziazio eta tresnen bidez, gure xedea da erdaldunaren eta euskaltegiaren arteko bidea laburtzen laguntzea, ikasten ari direnak usaia berrien hartzera akuilatzea eta euskaldunak lotsa batzuk askatzera bideratzea». Onartu dute arriskua egon litekeela erakunde publiko batzuek iniziazioa euskalduntzearen alternatiba gisa har dezaten, eta argi mintzatu dira: halako eskaerarik izanen balute, ezezkoarekin erantzunen dute.
Atxikimendu kanpaina
Urte bateko ibilbidearen ondotik ez dute kausitu lanposturik sortzea: denbora osoz dedikatzen diren kideak langabezia edo auto-enpresari estatutupean dira. Azarotik aitzina sortu nahiko lituzkete lehen kontratuak, progresiboki. Baina bitartean ez dute proiektu berririk abiatu gabe egon nahi. Helburu horrekin abiatu dute Plazatik altxa dezagun Plazara kanpaina. «Plazara sostengatzeko molderik onena bazkidetzea da», azpimarratu du Harluxetek: «Herri oldar bat sentitu nahi genuke gure proiektuaren gibelean».
Plazara atera dira, euskara hurbilago, sendoago eta praktikoago izan dadin
Elkartea aurkeztu dute Azkainen, euskalgintzako eragile berri gisa, eta lehendik direnen osagarri. Askotariko zerbitzuak eskaini nahi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu