Donostiako Udal Gobernuak erabaki du Tomas Alba Herri Batasuneko zinegotzi zenaren izena hiriko plaza bati jartzea. Hain zuzen, Saguesen dago plaza, Joxe Migel Barandiaran eta Luis Pedro Peña Santiago kaleen artean. Erabakia udalbatzak onartu beharko du irailaren 25ean.
1980an, haren izena jarri zitzaion Astigarragako kale bati —orduan Donostiako udal eremuan zegoenean—, eta bertan Tomas Muruaren monolito bat jarri zitzaion oroitzapen gisa 1984an.
Gatazka politikoak eragindako indarkeriaren biktima izan diren zinegotzi donostiarrei buruzko adostasun orokor baten ondorioz, Tomas Alba omendu zuten, Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi izandakoarekin batera, udaletxe barruan plaka bat ezarriz. Fernando Mugika Herzog 2006an omendu zuten beste plaka batekin.
1979ko irailaren 28ko goizaldean, Astigarragako Kako jatetxean afaldu eta gero eta autoa aparkatuta zeukan tokira zihoanean, Tomas Alba ehiza-eskopeta batekin tirokatu zuten ezezagun batzuek. Ospitalera eraman zuten, baina iritsi zirenerako hilotza zen.
Erasoa Batallon Vasco Españoleko Iturbide Komandoari egotzi zitzaion. Izan ere, epailearen aurrean Ignacio Iturbide eta Ladislao Zabala ultraeskuindarrek gertatutakoa aitortu zuten, eta 231 urteko kartzela zigorra ezarri zioten bakoitzari, zazpi hilketaren ondorioz.