Iratzar fundazioak, Transform Europerekin, Olatukoopekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Parte Hartuz ikertaldearekin batera, Bizitzak eta lurraldeak jardunaldiak antolatu ditu apirilaren 9tik 11ra. EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan izango dira saioak, eta helburua da «plaza bat» ematea tokiko gobernantzan, tokiko garapenean eta ekonomia eraldatzailearen alorrean diharduten eragile eta pertsonei, «gogoeta komun bat» egiteko.
Hiru eguneko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Aurrenekoan, «tresna teorikoak» landuko dituzte Jule Goikoetxea EHUko irakasleak, Imanol Esnaola Gaindegiako zuzendariak eta Beñat Irasuegi Talaios kooperatibako kideak, eta, segidan, solasaldi bat egingo dute Joan Subirats Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradunak eta Eleonora de Majo Napoliko (Italia) zinegotziak. Bigarren egunean, tokiko garapena, udalgintza eta ekonomia eraldatzailea uztartzeaz ariko dira Joseba Garmendia EHUko irakaslea, Patri Perales Iruñeko zinegotzia eta Karlos Renedo arkitektoa, eta, ondoren, Ivan Miro soziologo katalana mintzatuko da.
Azken egunean, burujabetza bederatzi ertzetatik landuko dute beste hainbeste eremutan diharduten zenbaitek, eta, jarraian, topaketen itxiera hausnarketa egingo dute Pello Otxandiano Sortuko Herrigintza idazkariak eta Ulrik Kohl Kopenhageko zinegotziak. «Herritartasun berri bati» buruz eztabaidatuz itxiko dute jardunaldia Pastora Filigrana SAT Andaluziako sindikatuko kideak, Susanne Schultz Alemaniako Rosa Luxenburgo fundazioko kideak eta Andoni Olariaga Iratzar fundazioko kideak.
Elena Beloki Sortuko kideak, Otxandianok eta Irasuegik eman zituzten jardunaldiei buruzko xehetasunak, atzo. Belokik nabarmendu zuenez, «badaude praktika komunitarioak erantzuna emateko bizitzaren pribatizazioari eta merkantilizazioari». Horregatik, beharrezkotzat du «behetik gorako logikak» baliatzea, uste baitu Euskal Herrian horretarako «tradizioa» dagoela. Hain justu, Otxandianok uste du tokian tokiko praktika «aberats» horiei «bezainbesteko baliorik» ez zaiela eman, eta, beraz, ezinbestekotzat jo du «burujabetza materialaren eraikuntza» balioestea.
Irasuegik kezka azaldu zuen herritarren bizimoduan kapitalismoak duen «nagusitasunaz»; haren iritziz, «burujabetza autoritarioa nagusitzen» ari da, eta, horren aurrean, erronka gisa jarri du «komunitate emantzipatuak lortzea».
«Plaza bat» behetik eragiteko
'Bizitzak eta lurraldeak' jardunaldiak egingo ditu Iratzar fundazioak apirilaren 9tik 11ra, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu