Euskara

Plataforma digitaletan Europako hizkuntza guztien «presentzia bermatzeko» eskatu du Puntueusek Estrasburgon

Josu Waliño Puntueus fundazioaren zuzendariak agerraldia egin du Europako Legebiltzarreko osoko bilkurako hizkuntza gutxituen lantaldean.

Waliñoren agerraldia, gaur goizean, Europako Legebiltzarreko plenoko hizkuntza gutxituen lan-taldean. PUNTUEUS
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 19a
13:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Googleren bilaketa zerbitzuek euskara gazteleraren mesedetan diskriminatzen dutela ondorioztatu zuen Puntueus fundazioak uztailean. Erakundeak ondorio hori azaldu du gaur Europako Legebiltzarreko hizkuntza gutxituen lantaldean.

Euskarak Interneten eta, batez ere, Google konpainiaren tresna eta zerbitzuetan duen egoera azaldu du fundazioak Estrasburgoko ganberan (Frantzia). Josu Waliño Putueuseko zuzendariak salatu du konpainia teknologiko handiek «ez ikusia egiten diotela Europako hizkuntza aniztasunari». Horren ondorioak nabarmendu ditu: hizkuntzok ikusgaitasuna galtzen dute Interneten, eta, oro har, ingurune digitalean, eta horrek hizkuntzon normalizazioa oztopatzen dute.

Eskaera argia egin du Waliñok: «Ezinbestekoa da industria digitaleko enpresa handiek beren tresna eta zerbitzuetan Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea Europako kultura eta hizkuntzen etorkizuna bermatzeko».

Bazterketa

Uztailean eginiko salaketak eragina izan du Google erraldoian. Katalunian eginiko ikerketa batek ondorioztatu zuen Googleren bilatzaileak gaztelaniazko emaitzak eskaintzen zizkiela erabiltzaileei bilaketa katalanez egin eta nabigatzailea eta sistema eragilea hizkuntza horretan edukita ere. Puntueusek ikertu zuen euskararekin gauza bera egiten ote zuen, eta baietz ondorioztatu zuen. 2022ko udaberritik gertatzen zen, eta orduan bilatzailearen algoritmoan eginiko aldaketa batekin lotu zuten okerra. Salaketaren eraginez, Googlek algoritmoa doitu zuen, eta egoera bere onera itzuli zen.

Edonola ere, Googlek oraindik ere baztertu egiten du euskara beste hainbat zerbitzutan, Waliñok gaur Estrasburgon azaldu duenez; besteak beste, Google Ads, Google Chrome eta Google Advanced Search zerbitzuetan. «Horiek ere gure hizkuntza sartu behar dute aukeren artean», esan du.

Azaldu duenez, konpainia handiak hizkuntza politika propioa ezartzen ari dira munduan, eta hiztun gehien dituzten mintzairak indartzen ari dira, besteen lepotik.

«Ezinbestekoa da plataforma digitalek Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea beren tresna eta zerbitzuetan, Europako kulturak eta hizkuntzak zaindu, garatu eta iraunarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.