Plastikozko pinportei aurre egiteko prestatzen hasi dira instituzioak

Bizkaian hartutako laginen emaitzak biharko espero ditu Jaurlaritzak. Itsasontzi bat atontzen ari dira Santurtzin, kutsadura iritsiko balitz itsasoan bertan xurgatzen ahalegintzeko. Bizkaiko Foru Aldundia ere prestatu da garbiketa lanetarako.

(ID_13482768) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-01-10, Muskiz. Euskal Herrira iritsi dira plastikozko lehen bolatxoak, Bizkaiko kostaldera
Bi pertsona, gaur, Muskizko hondartzan. Plastikozko pinportak aurkitu dituzte bertan. ARITZ LOIOLA / FOKU
mikel p ansa
2024ko urtarrilaren 10a
17:15
Entzun

Oraindik ez da segurua azken orduetan kostaldera iristen hasi diren plastiko zatiak Toconao ontzitik uretara eroritakoak ote diren. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak gaur azaldu duenez, biharko espero dituzte laginei egindako proben emaitzak. AZTI eta Gaiker ari dira laginak aztertzen. Gaur goizean lagin gehiago hartu dituzte Bizkaiko hondartza batzuetan.

Tapiak azaldu du jasotako plastiko lagin horiek dentsitate txikia dutela, eta urak aise zabaldu ditzakeela, baina oraindik ez dutela daturik ziurtatzeko istripuaren ondorioz uretaratutakoak ote diren. Halere, adierazi du oso litekeena dela plastiko kutsadura horren zati bat euskal kostaldera iristea, eta horri aurre egiteko prestatzen ari direla zehaztu du, iristen baldin bada «ahalik eta gehien» garbitu ahal izateko.

Ingurumen Sailak aginduta, itsasontzi bat abiatzekoa da eguerdi honetan Muskiztik (Bizkaia), ikusteko ea itsasoan plastiko horien aztarnarik ba ote den. Horrez gain, Tapiak azaldu duenez, Santurtzin beste itsasontzi bat atontzen ari dira plastiko pinportak xurgatzeko uretatik, beharko balitz; sare oso trinko batzuk ere atontzen ari dira –AZTIk garatutakoa da teknologia hori–.

«Oso zaila da plastiko hori atzematea, eta eskura ditugun tresna guztiak beharko ditugu», ohartarazi du Tapiak. Diputazioekin koordinatzen ari direla ere esan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondartzetako Mahaia bilduko du ostiral honetan. Gipuzkoako kostaldeko udalerrietako ordezkariekin aztertu nahi du egoera, ahaleginak koordinatzeko. Elkarlanerako deia egin du diputazioak. Euskadi Irratiaren arabera, Getaria parean agertu dira plastiko zatiren batzuk, baina ez dago baieztatuta istripuko pinportak ote diren.

Bizkaia, garbiketarako prest

Bizkaiko Foru Aldundia ere ari da neurriak hartzen. Arantza Atutxa Ingurumen diputatuak jakinarazi duenez, Bizkaiko hondartzak garbitzeko prestatzen ari dira. Kostaldera iritsiko balira, herrialde horretako hondartzak garbitzen dituen zerbitzuko langileak eta guardak berehala hasiko lirateke lan horretan; 60 langile dira. Beste 40 langile gehitu ahalko lizkiokete talde operatiboari, beharko balira. Eta boluntarioen laguntza beharko balute, Sare Berdea eta Bizkaia Gara taldeen bidez koordinatuko lukete.

Atutxaren esanetan, guardak-eta lanean ari dira atzotik, kostaldeak miatzen, plastikoak iritsiko balira ere berehala jakiteko. Hiru hondartzatan atzeman dituzte plastiko pinportak: Arena, Gorrondatxe eta Sopelan. AZTIri bidali dizkiote laginak, azter ditzan, baina oraindik egiaztatzeko dago Portugalgo istripukoak diren. Bestalde, herritarrei abisu egin die Atutxak: ez sartzeko hondartzetara beren kasa garbiketa lanetara, oso erraza baita plastiko pinporta txiki horiek hondarretan lurperatzea.

Denis Itxaso Espainiak EAEn duen ordezkariak, bestalde, adierazi du orain garrantzitsuagoa dela instituzioen arteko komunikazioari eta elkarlanari bide ematea eskumenen auzietan katramilatzea baino. Kostako ardura duten estatuko ordezkariak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak deitu ditu gaur bilera batera.

Euskal Elkargoa, «alertan»

Euskal Hirigune Elkargoak ohar batean jakinarazi du «alertan» dagoela, eta hurbiletik aztertzen ari direla plastikozko pinporten mugimenduak. Gai hori lantzeko kabinete berezi bat osatu dute, Martine Bisauta Trantsizio Ekologikorako eta Energetikorako lehendakariordeak gidatua; itsas hegiaren arduradun Emmanuel Alzuri eta mugaz gaindiko harremanaren arduradun Joseba Erremundegi hautetsi delegatua ere parte hartzen ari dira lantaldean. 

Elkargoaren hitzetan, Tapiaren kabinetearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zuzeneko harremana dute, «eraginkortasunik onena eta akatsik gabeko kolaborazioa bermatzeko». Elkargoarentzat lan egiten duen Rivages Pro Tech laborategia harremanetan jarri da AZTIrekin, eta zuzeneko informazio jarioa dute.

Pirinio Atlantikoetako prefeturaren eskumena da itsasoko istripuen eta kutsaduraren prebenitzea eta kudeatzea. Oraingoz ez du erabaki itsas kutsadurari aurre egiteko Polmar planik aktibatzea. 

Bruselaren oharra

Europak ere hitz egin du auziari buruz. Virginijus Sinkevicius Ingurumen eta Itsaso komisarioak adierazi du plastiko bolatxo horiek «mehatxu bat» direla ingurumenarentzat eta arrantzarentzat. X sare sozialean mezu bat idatzi du, eta laguntzeko prest agertu da, baina laguntza hori nolakoa izango den zehaztu gabe. Europako Parlamentuan eta Kontseiluan eztabaidagai da, hain justu, itsasoko isuriak gutxitzea eta mikroplastikoen kutsadura borrokatzea helburu duen araudi berri bat.

Galizian, bestalde, Xuntak larrialdi egoera bigarren gradura igo zuen atzo azkenean, urrats hori egiteari uko egin badio ere zenbait egunez. Asturiasko Gobernuak atzo erabaki zuen hori bera, plastiko pinportak hango kostaldera iritsi zirenean. Larrialdia bigarren gradura igota, Espainiako Gobernuak esku har dezake auzian, eta baliabideak jarri, baina ez dute besterik zehaztu, oraingoz.

Xuntak atzo emandako datuen arabera, itsasora eroritako 25 tona plastikoetatik %10 inguru bildu da orain arte, eta Xuntako berrehun bat langile ari dira zeregin horretan. Larrialdi maila lehen graduan egon den bitartean, halere, udalak arduratu dira garbiketaz, hasieran batez ere. Maria Lagos Murosko alkateak, esaterako, Nòs Diario-n salatu du Xuntak ez diela ia lagundu orain arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.