Luizia Zaldibarko zabortegian

Planaren hurrengo pausoak

Premiazko lanak lau hilabetean bukatzea espero du Jaurlaritzak, eta, gero, zabortegirako konponbide bat diseinatu beharko du Verterrek. Hondakinak barneko bideetatik eramango dituzte biltegietara

Luiziko hondakinak hartzeko biltegiak: ezkerretara zabortegiaren azpian eraikiko dutena, eta eskuinetara goikoa. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zaldibarko (Bizkaia) luizia konpontzeko lanak fase berri batean sartu dira hondakinak hartzeko bi biltegiak eraikitzeko erabakiarekin. Luiziaren osteko lehen asteetan zabortegiaren ontzitik kanpo eroritako «hondakin arriskutsu» gisa izendaturiko lur eta zaborrak nola eraman izan zen Jaurlaritzaren buruhauste nagusia, erresistentzia ugari ikusi zituelako inguruko zabortegietan. Baina behin zabortegiaren inguruan geldituko direla erabakita, luizi gaineko lanek bultzada jasoko dute eraikitzen ari diren bide eta pista berriei esker, eta, era berean, bizkortu egin ahal izango dira Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzeko lanak.

Jaurlaritzak sei eta zortzi aste arteko epe batean espero du luizia egonkortzea, eta lau hilabetean bukatu nahiko lituzke premiazko lanak. Ardura horiek —suteak itzaltzea, desagertuen bilaketa, luizia finkatzea...— subsidiarioki hartu zituen, Verter Recyclingek bere gain har ez zitzakeela esan zuelako. Hala ere, eta behin premiazko jarduera hori bukatuta, enpresaren jabeengana joko du berriz, eta zabortegirako konponketa plan bat eskatuko dio. Ingurumen mailako legeak argiak dira arlo horretan, kaltearen erantzuleak du ardura hori. Ikusi beharko da enpresak bere gain hartu ahal izango duen.

Bien bitartean, eta desagertuen bilaketarekin batera, luizia finkatzea eta biltegiak eraiki eta betetzea dira orain lehentasunak. Ingurumen Saileko ordezkariek herenegun Eitzagako auzokideei azaldu zietenez —Elena Moreno sailburua egon zen bertan besteak beste—, eta BERRIAk jakin ahal izan duenez, bi hilabetean luiziaren azpiko zatia finkatzea espero dute, autobidera zuzenean ematen duena. Arreta handiena behar duen zatietako bat da. Luiziaren aurrean Olaetxe Errota eta Olaetxe Txiki baserriak daude, eta haien jabeak ezin dira etxean egon. Lanen arduradunen arabera, lau hilabete inguru barru itzuli ahalko dira.

Luiziaren goiko aldeko lurrak egonkorragoak dira, oso gutxi mugitu dira. Teknikariek eitzagarrei emaniko datuen arabera, ez dago bost edo sei zentimetro baino gehiago mugitu den zonalderik. Luizia monitorizatua dago une oro, eta lan guztiak bideoan grabatzen dituzte. Kamera termografikoak ere badarabiltzate balizko suteak detektatzeko. Urei dagokienez, aldiz, Aixola errekara ur zikin batzuk erori direla onartu zuten, baina analisien datuak onak direla, besteak beste, euriaren eraginez lixibiatuak diluitu egiten direlako. Errekak Ego ibaira ematen du, eta handik ez du inor edaten.

Sei hilabetean, biltegia

Jakina denez, hondakinentzako bi biltegi eraikiko dituzte zabortegiaren inguruko lurretan. Azpikoarekin hasiko dira, Etxeberri baserriaren alboan, 140.000 metro kuboko edukiera izango duena. Verterren eta enpresak alokatuak zituen —desjabetu egingo dituzte— lur batzuetan eraikiko dute. Bizpahiru astean biltegi hori prest egotea espero dute, eta gero hasiko dira goikoa eraikitzen, 160.000 metro kubokoa. Teknikariek aurreratu zuten espero dutela bakoitzean sei bat hilabetez lan egitea. Ez dakite zehazki goiko biltegia goraino beteko duten, baina uste dute azpiegitura hori mesedegarria izango dela enpresak ondoren bideratu beharreko garbiketa lanetarako. Behin beteta, zigilatu egingo dituzte, eta badirudi hori izango dela zabortegiaren eremu osoak jasoko duen tratamendua.

Biltegiak hain gertu eraikitzearen arrazoi nagusia hondakinak ahalik eta gutxien mugitzea da, eta lanen arduradunen asmoa horiek zabortegi barneko bideetatik garraiatzea da. Horiek hala, hondakinak ez lirateke pasatuko inoren bizitokiaren aurretik. Eitzagarrak lasai gelditu ziren hori entzunda. Are gehiago, ondo bidean, eta lanen arduradunen asmoak betetzen badira, hondakinen kamioiak ez lirateke Etxeberri baserriaren aurretik pasatuko. Hondakinek «arriskutsu» kalifikazioa dute, asko amiantoarekin nahastu zirelako luizian. Amianto hori segurtasun biltegietan gordeta zegoen, eta luizian hautsi egin ziren biltegi horietako batzuk. Beste batzuek, baina, eutsi zioten, eta teknikariek lokalizatuak dituzte. Luizia egonkortzeko lanekin batera, biltegi horietara iristen badira, birkokatu egingo dituzte. Biltegi horietako amiantoa behar bezala bilduta eta isolatuta dago.

Zabor kamioirik ez da pasatuko Eitzaga edo Sallabente Ermuko eskolaren aurretik, baina hurrengo bi asteetan gutxienez ibilgailu astunen mugimendu handia izango dute. Asfaltoa, harri handiak eta bestelako material ugari eraman behar dute biltegiak eraiki ahal izateko, baita langileak ere, eta barruko pistak egin artean hori da iristeko bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.