Jauzi egin nahi dute. Aurki, EAEko Hezkuntza Lege proposamena aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta aukera baliatu nahi du Hezkuntza Plazara elkarteak, komunitate osoaren adostasuna lortu eta urrunago joateko. Legeaz harago, bide orri oso bat nahi du elkarteak, «plan pilotu bat, legea bera garatu eta agenda berri bat martxan jarriko duena». Atzo, Hezkuntza Plazara-ko ordezkariek agerraldia egin zuten Donostian, batetik, plan horren hiru ardatz nagusiak azaltzeko, eta, bestetik, hurrengo hilabeteetan martxan jarriko duten bilera sorta iragartzeko.
Ikuspegi kritikoa erakutsi zuten elkarteko kideek EAEko Hezkuntza Legearen zirriborroaz. «Urruti» ikusten dute hezkuntza akordioak legebiltzarrean izan zuen adostasunetik. «Arreta handiz erreparatzen ari gara legearen sortze prozesua, eta datozen asteetan aurkeztuko duten lege proposamenak beste izaera bat izan behar du, hezkuntza akordioaren filosofian oinarritua, gure hezkuntza sisteman beharrezkoa den jauzi hori egingo badugu».
Begi bat legean jarrita izanen du, beraz, Hezkuntza Plazara-k; bestea, berriz, etorkizunean. Elkarteko ordezkariek uste dute, legeaz gain, beharrezkoa izanen dela beste tresna batzuk sortzea: «Euskalduntzean, euskal kultur transmisioan eta sareen bateratzean urrats esanguratsuak egiteko anbizioz jokatu behar da, eta lehenbailehen baliabide guztiak jarri, esperientzia berriak martxan jartzeko».
Plan pilotu horren barruan, hiru ardatz nagusi identifikatu ditu Hezkuntza Plazara-k: ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, herrietako hezkuntza proiektuak eta euskal curriculumaren eguneratzea.
Hizkuntza eskubideei dagokienez, uste dute eskolek «gaur egun baino askoz gehiago egin dezaketela». Horregatik, ezinbestekotzat jo dute ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektua garatzea, «diagnostiko integral batetik abiatuta». Helburuez harago, ordea, «ikuspegi soziolinguistikoa, historikoa, soziala eta kulturala» aintzat hartu behar direla gaineratu du Hezkuntza Plazara-k, «Euskal Herriko egoera diglosikoa kontuan hartuta, euskara ikas eredu orokortua bihurtuko duen proiektu integrala» lortzeko.
Udalerriak ere hezkuntza eragile aktibo bihurtu nahi ditu Hezkuntza Plazara-k, eta, horretarako, uste du herri bakoitzak bere hezkuntza proiektua garatu beharko lukeela. Horra bigarren ardatza: «Udalak, ikastetxeak, eragileak eta herritarrak hezkuntzan parte hartuz, herri hezitzaileak garatu behar dira; ezberdinkeriaren eta lehiaren logikatik elkarlanera pasatuz».
«Publikotasun berri bat»
Elkartearen esanetan, espazio horiek lagungarriak izan daitezke «publikotasun eredu berri batean oinarrituko den hezkuntza sistema» lortzeko: «Eskola publikoa ardatz izanik, ikastoletako bulkadari helduz, sare publiko deszentralizatu bakarrerako bidea behetik gora eraikitzeko,gertuko administrazioetatik hasita».
Azkenik, euskal curriculuma eguneratzeko beharra sumatu du Hezkuntza Plazara-k, munduan, euskal gizartean eta hezkuntzan gertatutako aldaketak jasotzeko. «Hamabost urte igaro dira euskal hezkuntza komunitateak euskal curriculuma diseinatu zuenetik. Ariketa hura berritu eta, egungo testuinguruan, adostu behar dugu nola bermatzen den euskal kulturaren transmisioa».
Elkarteak uste du «komunitate osoaren elkarlana» beharko dela erronka horiei heltzeko, eta bilera sorta bat abiatuko du datozen hilabeteetan, hainbat eragilerekin: «Bakoitzak bere esparrutik, elkarlanean, euskal hezkuntzaren bidean jauzi egin dezagun».
«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean
Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu