Garbiñe Petriati. Behatokiko zuzendaria

«Plan mailakatu bat egin behar da sartuko diren beharginekin»

Hizkuntz eskubideen gaia lekua irabazten ari da, Petriatiren ustez. Administrazioan sumatu du aldaketa; eremu pribatuan, ez horrenbeste.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Hizkuntza Gutxituen Deklarazio Unibertsala egin zutela 21 urte ziren atzo. Egun hori hautatu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iazko txostena aurkezteko. Aurrerapena nabari dela adierazi du Garbiñe Petriati zuzendariak (Arbizu, Nafarroa, 1962). Beste urrats batzuetarako garaia dela dio.

Hamabosgarren txostena. Kexuek balio dute egoera aldatzeko? Zer erantzun izaten duzue?

Hastapenetan baino erantzun gehiago jasotzen ditugu. Erantzunetan erreferentziatzen dira hainbat gauza: plana martxan dutela, urratsak egiten ari direla, protokoloak kale egin duela kasu horretan... Iruditzen zaigu erreferentzialtasun bat irabazi duela Behatokiak, alde horretatik: herritarren bitartekari garelako. Haserreak ere badaude tartean, noski, batez ere administrazioaren eremutik kanpo: «Ni ez nago ezertara behartua. Zer urratu dut?». Horrelakoak ere baditugu.

Behatokia bera ez ezik, eskubideak ere ari dira pisua hartzen?

Behatokiaren lanaren ondorio argienetako bat hori da: herritarren artean piztu du hizkuntz eskubideen gaineko kontzientzia. Herritar multzo bat horietaz jabetu ere egin da. Hizkuntz eskubideen kontzeptua eta izatea bera ere Behatokiaren lanaren ondorio da.

Nabari da eragileen aldetik ere?

Bai. Batez ere administrazioaren eremuan. Administrazioek barneratu dute euren betekizun bat dela lurraldeko hizkuntzan zerbitzu ematea. Gehiago kostatzen ari da hortik kanpo, eremu sozioekonomikoan, merkataritzan eta. Lan handia dago egin beharrekoa, gure bizitzaren parte handia hartzen baitu. Administrazioak asko egin dezake: mediku kontsultaren zerbitzua zuzenean kudeatzen du, baina eragin dezake aparkalekuan jasotzen den tiketean ere. Administrazioak berak badu egiteko lana zuzenean kudeatzen ez dituen esparruetan ere.

Kexuei emaniko erantzun askotan, zera diote: badituztela planak, baina huts bat izan dela. Horrek bistan jartzen du planak betetzean dagoela hutsunea?

Neurriek antolaketa mailakoak ere izan behar dute, eta planetan, normalean, ez dira aintzat hartzen. Osakidetzan, adibidez, neurririk samurrena ere kale egiten ari da. Osakidetzak protokolo bat du, dioena osasun etxeetan ezin direla edonon eta edonola jarri kartelak eta; hizkuntz irizpideak ere ezarrita dauzkate. Baina herritarraren aurrean dagoen langileak jartzen du kartel bat irizpideak kontuan hartu gabe. Zentroan behar da norbait ardura izango duena. Nork egiten du planen jarraipena? Ardura hartu behar da.

Langile publikoak hartzean aldaketak eskatu dituzue. Zein irizpide behar da? Langile elebakarrik ez hartzea zuzenean?

Ez hurrengo hilabetetik edo urtetik aurrera. Plan mailakatu bat behar da erretiratuko diren langileak ordezkatzeko sartuko diren beharginekin. Adibidez: hemendik hamabost urtera ez dela sartuko elebiduna ez denik administrazioan. Horrelako aurreikuspen bat egin beharko litzateke.

Baina arlo batzuetan zailtasunak daude: Osakidetzak, adibidez, maiz esan du ez dagoela mediku espezialista euskaldunik.

Oso zaila da, bai. Baina bistadizo bat ematen bazaie Osakidetzak Behatokiaren lehen urteetan ematen zituen erantzunei, hori bera ageri da. Eta egia da: gabezia dago. Kontua da: hamabost urte hauetan zer egin da espezialistak sortzeko? Gurpil zoroa da osasun zerbitzuarena: profesional euskaldunik ez dago, baina, sortzeko ahaleginik ez badugu egiten, biribilgune horretan jarraituko dugu.

Lanpostuen hizkuntz eskakizunak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Nola ikusi duzue?

Uste dut azterketa egokia dela. Urteetan egin dira urrats batzuk, administrazio eremu ezberdinek ahal duten neurrian. Behar da neurriratze bat, bere onera ekartze bat, errealitateari so eginda. Eginkizunen araberako gaitasunak ezarri beharko dira. Lehentasun mailakatuen garapen bat egin beharko da, administrazioan sartzeko guztiak elebidunak izan arte. Zerbitzu hartzaileaz hitz egiten ari gara, baina euskaraz lan egiteko eskubidea ere hor dago. Horri begira ere ekin behar da.

Ezintasunak, euskaldunek egunero-egunero dituzten oztopoak jaso dituzue txostenean. Hala ere, aurrerapausoak izan badira.

Dudarik gabe. Atzera begiratzen badugu, orain dela 30 urte baino askoz baldintza hobeetan gaude. Zalantzarik gabe. Geure buruari ere aitortu beharko genioke hori. Baina, bizitza eta ingurua aldatzen diren neurrian, egiteko berriak sortzen dira, eta horiei ere erreparatu behar zaie hizkuntz irizpideak kontuan hartzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.