Pla gaur Espainiaratuko dute, bihar Auzitegi Nazionalean deklaratzeko

enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
David Pla euskal preso ohia Frantziak gaur Espainiaratuko du, bihar Madrilen goizeko hamarretan Auzitegi Nazionalean epailearen aurrean deklara dezan (h)Alboka auzian, Plaren abokatuek baieztatu dutenez. Gaur, Soto del Real (Madril) espetxean sartuko dute, eta, bihar, handik eramango dute auzitegira.

Joan den ostegunean atxilotu zuten, Hendaian (Lapurdi), polizia etxera sinatzera joandakoan. Hendaian bertan bizi da, sendiarekin, eta, kartzela zigorra osorik beteta joan den urtean apirilean libre geratu zenetik, astean bitan joan da sinatzera, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibo bategatik. Baionako espetxean sartu zuten, behin-behinean. Plak atzo ere jaso zuen han bere sendiaren bisita, eta hura «ondo» dagoela adierazi du familiaren iturri batek.

Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2011ko euroagindu eskaera batean, Plari egotzi zion 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat egin zuela etakide batekin. Frantziako Dei Auzitegiak onartu egin zuen eskaera, iazko azaroan, eta Kasazio Auzitegiak ere bai, abenduan. Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek dio Pla 2008ko egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, euskal preso bat bisitatzen.

Parisek iaz etakide izateagatik epaitu zuenez Pla, Madrilek orain ezingo luke delitu bera leporatuta epaitu. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak adierazi du epailearen aurretik pasatu eta berehala libre utzi beharko luketela.

Azkeneko aldiz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko zuzendaritzako kidetzat jota. Hark berak gero jendaurrean jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.