Pablo Iglesiasen dimisioa

Piztutakoa itzali aurretik, badoa

Iglesiasek eta bestek 2014an sortu zuten Podemos, M-15 mugimenduaren abaroan. Sei urtean, presidenteorde izatera iritsi da, baina, jada batzen laguntzen ez duelakoan, agur esan dio politika instituzionalari.

Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Norbanako bat baliagarri ez denean, erretiratzen jakin behar da». Eta hala iruditu zaionean, joan egin da. Pablo Iglesias (1978, Madril) Podemoseko idazkari nagusi eta Espainiako presidenteorde ohiak «politika instituzionalean» dituen kargu guztiak utzi ditu, eta, hala, zazpi urteko ibilbide gorabeheratsuari amaiera eman. M-15 mugimenduaren aurpegi nagusietako bat izan zen, eta 2008an hasitako krisi ekonomikoak herritarrengan eragindako suminaren parte bat instituzioetara eramateko gai ere bai. Pixkanaka, ordea, lehen gar haiek ahulduz joan dira, eta itzali aurretik alboratzea erabaki du, lidergo berriek «proiektu politikoa berritu» dezaten.

Zuzenbideko lizentziaduna eta Zientzia Politikoetako doktorea da, eta telebistako iritzi emaile gisa iritsi zen lehen aldiz publiko orokorraren etxeetara. Fama horrek ahalbidetu zion, oratoriarako gaitasunarekin batera,M-15 mugimenduan sustraituta 2014ko urtarrilean eratuko zen Podemos alderdiaren ikurretako bat izatea.

Urte hartan bertan, Europako Parlamentura iritsiko zen Iglesias, bere aurpegia boto paperetan jarrita, eta alderdiaren idazkari nagusi bihurtuko zen. Hala, bipartidismoari amaiera eman zion alderdiaren liderra bilakatu zen.

2016ko bozetarako, IUrekin bat egitearen alde egin zuen, baina, esperotako sorpasso bat gertatzetik urrun, PSOEtik 40 eserlekura geratu zen koalizioa, inoizko emaitza onenak lortu arren. Erabaki hark, gainera, Podemosen lehen barne haustura handia eragin zuen.

Alderdiaren bigarren biltzarrean, Iglesiasek aurrez aurre izan zuen ordura arte bere bigarrena zena, Iñigo Errejon. Pablistak nagusitasunez gailendu ziren, eta idazkari nagusiak ezkerraren ohiko diskurtsoetara gerturatu zuen alderdia, baita indar handiagoa bereganatu ere. Izan ere, urte batzuk lehenago adierazi zuen bezala: «Podemosen agindu egiten da, eta nik asko agintzen dut».

2018an, orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren buruetako bat izan zen Iglesias, eta Kataluniako eta Euskal Herriko alderdiekin eginiko bitartekaritza lanak Pedro Sanchez presidentetzara iristea ahalbidetu zuen. Ezinbesteko izan zen Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa sustatzeko ere.

Urtebete geroago, alderdiak ordura arteko emaitzarik txarrenak izan zituen. Hauteskunde errepikapen bat tarteko, ordea, nahikoa izan zen PSOErekin koalizio gobernu bat osatzeko eta Iglesiasek bigarren presidenteordearen kargua eta Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro kargua hartzeko.

Aurrerapauso hark ahalbidetu zuen, neurri handi batean, Iglesiasek alderdiko buruzagitza mantentzea. Izan ere, sorreratik jasaniko urte zailenaren ostean iritsi zen. Emaitza kaskarrei gehitu zitzaien hainbat kide garrantzitsuren agurra, besteak beste haren itzalpean «garatzeko» aukerarik eza zela medio, Errejonek argudiatu zuenez. Hala, hark eman zion kolperik handienaIglesiasi, Mas Madrid sortuta. Iglesiasek ez zuen ikusi «halakorik zetorrenik».

Behin gobernuan, aurrez ere ohikoak ziren kritikek indar hartu zuten, besteak beste, bere bikotekide Irene Monterorekin batera txalet bat erosteagatik. Are gehiago, eskuinekoen iseken eta mehatxuen jomuga izan da Iglesias. Haren hitzetan, «pagaburu» bilakatu dute, «demokraziaren kontrako jarraitzailerik ilunenak» mobilizatzeko asmoz.

Horren jakitun, urte hasieran hasi zen koalizioaren lidergoa beste batzuen esku uzteko aukera iradokitzen, eta lehen pausoa eman zuen Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak erkidegoko biltzarrerako bozetarako deia egin ostean. Batetik, lidergo berri horiei leku uzteko, eta, bestetik, koalizioak biltzarretik kanpo geratzeko zuen arriskuari aurre egiteko, beste inork egin nahi ez zuenean. Bigarren helburu hori bete egin du, baina, ezkerrak emaitza orokorretan izaniko «porrotaren» ondorioz, politikari agur esan dio, batzuek espero baino lehenago, beste batzuek nahi baino beranduago. «Ez dut batzen laguntzen», argudiatu du.

Utzi egin du, beraz, «pasio» izan duena, «herrialdearen historia aldatu zuen proiektua» gidatu izanaz «harro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.