Pizkundearen argiaren omenez

Gaur 77 urte bete dira frankistek Jose Ariztimuño 'Aitzol' Hernaniko hilerrian fusilatu zutela. Aranzadik hari buruzko dokumentala estreinatu du. Josu Erkorekak azkeneko beatifikazioekin alderatu du Aitzolen hilketa.

Elorrieta, Markez eta Miner kantuan aritu ziren atzo Donostian, Aitzolen omenezko ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Borondate handikoa, langile porrokatua eta ekintzen antolatzaile aparta. Jose Ariztimuño Aitzol (1896-1936) halakoa zela esan zuten ezagutu zutenek, jarduteko moduagatik kritikak ere jaso zituen arren. Euskal gizartean egitasmo kristau, abertzale eta euskaltzalea gauzatzeko ametsa zeraman barnean. Idazle, kazetari eta elizgizon garrantzitsua izan zen XX. mendeko lehen hamarkadetan, Aranzadi zientzia elkarteak egin duen dokumentalean ageri denez. Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zuten atzo arratsaldean dokumentala, etaomenaldia egin zioten Aitzoli.

Iñigo Egiaren eta Eider Conderen gidoiarekin, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiak zuzendu du Aitzol. Euskal pizkundearen heriotza dokumentala. Azkeneko zortzi urteetan, Mikel Errazkin eta Agirre Mauleon giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa lanetan aritu dira Tolosan. «Prozesu horretan, hainbat desagerturen hilobien bila aritu gara. Aitzol Hernaniko hilerrian zegoen. 2003an saialdi arkeologiko bat egin genuen han, baina emaitzak ez ziren positiboak izan. Aitzolekin zor moral batekin gelditu ginen», azaldu du Agirre Mauleonek. «Aitzol ezezaguna da, eta horregatik erabaki dugu dokumentalarekin haren irudia eta lekukoa zabaltzea».

Oroimen historikoa berreskuratzea, Aitzoli eta euskal pizkundeari buruzko ezagutza zabaltzea eta Euskal Herriko historiaren pasarte bat gizarteratzea dira Aranzadiren dokumentalaren helburuak. «Argia eman nahi genuen Aitzolen hilketaren inguruan. Frankistek euskarari zioten gorrotoaren erakusgarri izan zen fusilatze hura».

Ikus-entzunezko lanean elkarrizketak dira oinarria: Ramon Labaienek Aitzolen azkeneko egunak kontatu ditu —bere aita oso laguna zuen Aitzolek—; Jean Pelletierrek, 1936ko urrian, Galerna itsasontzian Aitzol ezagutu zuenekoa azaldu du haren alaba Nena Pelletierrek; Mikel Aizpuru historialariak Hernanin egin zituzten fusilatzeen inguruan hitz egin du; Lourdes Otaegi filologoak euskal pizkundearen mugimenduari buruzko zertzeladak eman ditu; Iñaki Egaña historialariak Donostiako Ondarretako kartzela deskribatu du; eta Juan Pardo adituak Galerna itsasontziaren harrapaketa kontatu du.

Dokumentala egiten ari ziren bitartean hil zen Pardo, eta atzo omenaldia egin zioten ekitaldian, lore sorta bat emanda haren alabari. Aitzolen senide batek ere hitz egin du dokumentalean, Aitzol Azpirozek —Francisco Etxeberria Aranzadiko presidenteak lore sorta bat eman zion hari ere atzo—. Jose Maria Setien apezpikuaren eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendiren hitzak ere jaso dituzte ikus-entzunezkoan.

Datorren urtean dokumentala Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztea da Aranzadiren nahia. «Lanaren azpian ikusten da giza eskubideen irakurketa bat. Torturaren afera ez dela gaurko kontua ageri da», ohartarazi du egileak.

Euskaltzalea eta abertzalea

Dokumentalaren zuzendariaren arabera, Aitzol kultur bultzatzaile garrantzitsua izan zen. «Oso aktiboa eta dinamikoa zen. Kulturan eta politikan aitzindariak izan zirenengandik gertu zebilen». Garaiko euskal idazleekin gertuko harremana zuen. Eta, 1930. urtean, Euskaltzaleak erakundearen zuzendaritzaren ardura hartu zuen Jose Mari Agirre Lizardi-ren eskutik; Euskaltzaleak erakundearen lanak argitaratzeko Yakintza aldizkaria sortu zuen, 1933an. Donostian bizi zen urte haietan, eta El Día egunkaria ere atera zuen, 1930ean. «EAJko militantea zen Aitzol, baina militantzia horretaz harago, egunkariaren independentzia eta euskal kulturaren presentzia defendatzen zituen», gogorarazi du Agirre Mauleonek. Apaiz «aurrerakoia» zela ere nabarmendu du zuzendariak. «Errepublika aldarrikatu zutenean, Aitzolek esaten zuen Elizak bere bideari jarraitu behar ziola eta ez zuela loturarik izan behar Estatuarekin».

Euskararen maitasunarekin batera hartua zuen Aitzolek aberriarekiko konpromisoa. Horren erakusgarri da lehenengo euskal estatutuaren aldeko kanpainan parte hartu izana. Jose Antonio Agirrerekin harreman estua izan zuen. Nazioarteko zein Euskal Herriko politikari buruzko artikulu ugari idatzi zituen. La democracia en Euzkadi saiakera liburuan, berriz, euskal erakunde politikoak eta haien bilakaera historikoa aztertu zituen. Bereziki ikertu zituen Europako mugimendu abertzaleak eta hizkuntza gutxituak berreskuratzeko egiten zituzten ahaleginak. Biziki interesatzen zitzaizkion Finlandiako eta Irlandako prozesuak.

Herrien nortasuna eta arimaren bizi-aukerak idazleen eskuetan zeudela uste zuen Aitzolek. Poesia herrikoiaren estetikarekiko interes handia zuen, eta gai horri buruzko hainbat saio argitaratu zituen. Interes horri lotuta, Euskaltzaleak erakundearekin Euskal-Olerti Jaiak antolatu zituen 1930etik 1936era. Lehenbiziko Bertsolari Guduak ere berak antolatu zituen, Donostian, 1935ean eta 1936an.

Frankisten altxamendua gertatu zenean, 1936an, Aitzol Donostian zegoen. Ihes egiteko gomendatu zioten eta, aste batzuk Hendaian egin ostean, Lapurdin, irailean Belokeko monasteriora joan zen, errefuxiatuengana. Eusko Jaurlaritzaren ondoan aritu nahi zuenez, ordea, Bilbora joatea erabaki zuen 1936ko urrian. Baionan Galerna itsasontzia hartu zuen urriaren 15ean, baina Alcazar de Toledo itsasontzi frankistak gerarazi zituen, eta bidaiari guztiak atxilotu zituzten. Ondarretako espetxera eraman zuten Aitzol. Urriaren 17ko data darama Aitzolen «askatasun agiriak». Hurrengo goizaldean fusilatu zuten Hernaniko hilerrian.

Aitzolek egindako lan hori guztia oroitu zuten atzo Donostiako Antzoki Zaharrean, Aitzol. Bizitza bati omenaldia ekitaldiarekin. Dokumentalaren aurretik, Mikel Markez, Arkaitz Miner eta Eñaut Elorrietak hiru kanta jo zituzten, eta Unai Elorriaga idazleak poema batzuk irakurri zituen.

«Gorroto zutelako hil zuten»

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Josu Erkorekak ere parte hartu zuen atzoko ekitaldian, eta Aitzolen lana goraipatu zuen. Ezin izan zuen alde batera utzi, ordea, joan den asteburuan 522 elizgizon eta elizemakume beatifikatu izana Tarragonan, Herrialde Katalanetan. 1936ko gerran ezkertiarrek eta errepublikarrek hildakoak ziren fededun haiek, eta horregatik beatifikatu dituzte. Aitzol ere fededuna zela, «modu basatian» atxilotu eta torturatu zutela, eta fusilatuta hil zutela, baina horregatik ez dutela beatifikatu ekarri zuen gogora Erkorekak. «Euskaltzalea eta abertzalea zelako hil zuten Aitzol. Haren fede herrikoia gorroto zutelako hil zuten», erantsi zuen Justizia sailburuak. «Guk ez dugu ezer beatifikatu dituztenen aurka, baina Aitzol aldarrikatu behar dugu», ohartarazi zuen Erkorekak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.