«Horrelako sustapen politikak abiatzen dituztenean, argi ikusten dugu badirela pizgarri: herritar gehiago etortzen dira gurera», azaldu du AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kide Aize Otañok. Iaz ikusi zuten, esaterako, Jaurlaritzak erabaki zuenean 16 eta 18 urte artekoen matrikulak merkeagoak izatea. «Halako diru-laguntza lerroek badute eragina». Ikasturte honen hasieran, A1 mailaren «doakotasuna» izan da albistea, eta hedabideetan agertu orduko igarri zuten: euskaltegietan ugaritu egin ziren «deiak», informazio eske. Eta informazioa eskatu ondoren matrikulatzeko urratsa egin dutenak ez dira gutxi izan. Igoera ez da homogeneoa izan, ordea: «Toki batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Baina igoera izan dugu». A1A0 deitzen duten mailan igarri dute igoera, batez ere: hastapen-hastapenekoan. Iaz 1.200 ikasle pasatxo zituzten; orain, berriz, 1.659.
Bilbozaharra euskaltegian, Nerea Arteagak erantzun du deia. Elkarlan euskaltegi sarearen parte dira, Gabriel Aresti eta J.M. Zabala euskaltegiekin batera. Bilbon daude hirurak. Baikor erantzun du hark ere. «Igoera egon da: talde gehiago atera ditugu A1 mailan», azaldu du. Ez du dudarik Arteagak ere, propio ikasleentzat jarritako diru laguntzek eragina dute. «Jendea animatzen da».
Euskaltegien eskaera orokorra da, ordea, doakotasunaren bidean urrats irmoagoak egin behar direla. Eta gogora ekarri nahi izan dute oraindik eskaintza ez dela guztiz doakoa, ezta A1 mailan aritzeko ere; izan ere, gutxiago bada ere, ikasleek dirua aurreratu behar dute. Eta hori oztopo da askorentzat. Uste dute aintzakotzat hartu behar dela, besteak beste, usu euskara ikasteko hastapen-hastapenetan dauden ikasle horien «tipologia» zer-nolakoa den, eta, bereziki, atzerritik heldutakoak direla asko. «Eta, askotan, zaurgarriak izaten dira, ezin dute dirua aurreratu», ohartarazi du Otañok. Arteaga ere bat dator horretan: «Nahiz eta merke atera, familia askorentzat zaila da dirua aurreratzea».
Otañok uste du badela nora begiratua. «Aurreratu beharreko kopurua, adibidez, askoz ere txikiagoa da 16-17 urteko tarte horretan», gogoratu du. Horregatik, argi du euskaltegiek sektore modura aritu behar dutela aurreratzean ere, aurrerapen gehiago eskatzen: «Guk doakotasuna ez dugu horrela ulertzen. Jaurlaritza ari da urratsak egiten, baina, laguntza lerro hauek egonda ere, ikasleak dirua aurreratu behar du oraindik». Hala ere, ezin ukatu, aurtengo aurrerabideari ez dio garrantzirik kendu nahi. «Pizgarri dira halakoak, eta tankera horretako sustapen kanpainak egin behar dituzte aurrerantzean ere».
Nola jarraitu
Administrazioaren helburuetako bat da ikasle horiek, behin ikasketa prozesua abiarazita, aurrera jarraitzea. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok berriki hartu du kargua, eta mahai gainean jarri duen kezketako bat da A1 mailako ikasle askok ez dutela aurrera jarraitzen ikasketa prozesuan. «%45-50ek uzten dute», ohartarazi du. Otañok onartu du badirela propio maila horretan ikasketa prozesua hasi eta eteten duten ikasleak; gogoratu du, hala ere, haien egoerari tentuz erreparatu behar zaiola, eta prekario bizi direla sarri askotan: «Beste lehentasun batzuk dituzte». Ikasturtea bera amaitu gabe uzten dute zenbaitek, baina askorentzat aski emankorra izaten dela adierazi du. «Ikasturte batean, lasai asko lor dezakete A1 maila. Egiten duten ordu kopuruaren arabera, badaude aurrerago egiten dutenak ere. Ikastaroaren trinkotasunaren araberakoa izaten da hori».
Aurten Jaurlaritzak abiarazitako bideak, arrakasta izatekotan, segida behar du. Euskaltegien beste eskabideetako bat da hori. «Azken batean, ikasturte honetan diru laguntza hori baliatuta etorri direnek ez badute halako aukerarik datorren urtean, zer esan beharko diegu? Ohiko matrikula ordaindu behar dutela? Horrek ekarriko luke askok ez jarraitzea. Horrelako politikek jarraituak izan behar dute», azaldu du Otañok. Horiek horrela, sektorean «estrategikoki» diseinatutako «plan mailakatu bat» nahi dute, bidea egiteko aurrerantzean ere.
Elkarri begira
Ezinbestekoa da ikasle migratzaileei begirako gogoetak lehen lerroan jartzea ere. «Guk hori aukeratzat ikusten dugu, ez oztopotzat», nabarmendu du Otañok. Bide horretan, betiere, ikasleen «jatorriari» erreparatzeko ahalegina egiten dute, esan duenez; are, azaldu du saiatzen direla hizkuntza irakasten ez ezik, euskarak barne hartzen duen «komunitatearen» parte izateko ateak irekitzen ere. «Baina haiena ere ezagutu nahi dugu, eta eskolak baliatzen ditugu elkar ezagutzeko; kultur aniztasuna baliatzen dugu euskara ikasteko, eta elkarrengana gerturatzeko». Metodologian ere buru-belarri ari dira, didaktika arloan ikasle horien beharrei taxuz erreparatze aldera. «Une oro ari gara baliabideak egokitzen, egungo errealitatera moldatzeko».
Erruben del Cura AEK euskaltegien Hego Uribeko arduraduna da. «Eskualde osoan igarri dugu A1 mailako ikasleen ugaritzea», azaldu du. Horri erantzuteko propio «programatu» dute euskaltegietako jarduna. Eta hastapeneko maila horietan ere ikasleak hasiera-hasieratik euskaraz «produzitzen» jartzea izaten da xedeetako bat. «Idatziz, ahoz, ulermenean...». «Motibazioa» lantzea izaten da asmoa. «Eta nahiz eta hasieran gauza batzuk ulertu ez, ikusten dute euskaraz bizitzeak badituela onurak».