Etxe turistikoen muga berak ezarriko dizkie Bilboko Udalak logela turistikoei

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatuko du Bilboko Udalak, eta jarduera ekonomiko gisa arautuko ditu logela turistikoak. Kontzentrazio handiko auzoetan, ezingo da etxe turistikorik ezarri zerbitzuetara bideratutako eraikinetan.

Etxe turistikoa eta logela turistikoak iragartzeko xaflak, Bilboko atari batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxe turistikoa eta logela turistikoak iragartzeko xaflak, Bilboko atari batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko urtarrilaren 14a
17:00
Entzun

Etxe turistikoak ezartzeko zenbait muga dituzte Bilbon 2022tik, eta aurrerantzean muga berak ezarriko dizkiete logela turistikoei. Izan ere, badira turistentzako etxeen baldintzak saihestu nahian logela turistikoak eskaintzen dituztenak, eta joera hori eten nahi du Bilboko Udalak. Horretarako, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatuko dute urtarrilaren 30eko udalbatzarrean, eta jarduera ekonomikotzat joko dituzte logela horiek —eta ez bizileku erabileratzat—, etxe turistikoen gisara. Gaur eman du xehetasunen berri Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak. Azaldu duenez, hiriaren garapen orekatua bermatzea da lege aldaketaren helburua.

Bilboko Udalak auzoz auzo aztertu du turismoaren egoera, eta neurri zorrotzagoak ezarriko dituzte turismo kontzentrazio handia duten auzoetan: Zazpikaleetan, Bilbo Zaharrean, Matikon, Abandon, Indautxun eta Olabeagan. Ildo horretatik, etxe turistikoen muga berak ezarriko dizkiete logelei, bai kontzentrazio handia dagoen eremuetan, bai besteetan. Turismora bideratutako loleku asko dauden auzoetan, bizitzera bideratutako eraikinetako behe solairuan baino ez dituzte onartuko logela turistikoak, etxe turistikoen gisara. Zazpikaleetan, zehazki, lehen solairuan baino ezingo dira egon. 

Gainera, logela turistikoek ere sarbide independentea izan beharko dute —eta ibilbide irisgarria—, eta, eraikin bakoitzeko, etxe edo logela turistiko bat egongo da soilik. Bilboko Udalak erantsi duenez, etxe batean erroldatuta egotea eta hura turismora bideratzea baimenduta dago, baina ez aldi berean.

Turismoarekin lotutako jarduerak ere mugatuko dituzte kontzentrazio handiko esparruetan. Esaterako, bizileku eraikinetan ezin dute establezimendu turistikorik ireki, baina bai, ordea, zerbitzuetara bideratutako eraikinetan. Haietan ezingo da etxe turistikorik ezarri.

Muga malguagoak

Gainerako auzoetan ere solairu baxuenean baimenduko dituzte etxe eta logela turistikoak, baina ez dute sarbide independenterik beharko; irisgarria izan beharko du. Gainera, ez dute mugatuko beheko solairu batean egon daitekeen etxe turistiko kopurua. Beste auzo horietan ere baimenduta egongo da etxe batean erroldatuta egotea eta hura turismora bideratzea, baina ez aldi berean. Zerbitzuetara bideratutako eraikinetan ahalko dituzte ezarri pisu turistikoak, hotelak, ostatuak eta bestelako loleku turistikoak.

«Gai hau planteamendu argi batekin jorratuko dugu: ohiko etxebizitzak bizitegi gisa erabiltzea bultzatu nahian. Gure baliabide turistikoez gozatzea bateragarri eginez, hiri ingurunearen babesa eta eraikinetan bizitegi erabileren eta jarduera ekonomikoaren bateratze orekatua ahaztu gabe», nabarmendu du Abaunzak prentsaren aurrean gaur egin duen agerraldian.

Ildo horretatik mintzatu zen atzo Juan Mari Aburto alkatea ere. Haren ustez, Bilbon badago nahikoa etxe turistiko, eta etxe turistikoak «mugatzeko» garaia iritsi dela uste du. Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, argitu zuen ez dela «erraza» dagoeneko baimena jasoa dutenak merkatutik ateratzea. Dena dela, garbi utzi nahi izan zuen berarentzat turismoa ez dela arazo, baizik «garapen ekonomikorako bide». Era berean, zehaztu zuen mugak ezartzearen aurkako jarrerak sumatzen ari dela, eta presio horiek eragina izan dutela. 

Etxe turistikoak, gora

Izan ere, azken urteetan asko ugaritu dira etxe eta logela turistikoak Bizkaiko hiriburuan. Egoerari neurria hartzeko balio duten bi adierazle gutxienez eman zituen Ekologistak Martxan-ek uztailean argitaratu zuen txosten batean. Bat: 2022an eta 2023an etxebizitza turistikoetarako 325 lizentzia eman zituzten Bilbon, hau da, hiribildu osoan dauden lizentzien %34,7, soilik bi urtean. Bi: Bilbon, 2016an, soilik 21 etxebizitzak eskaintzen zituzten turismo gelak; 2024an, berriz, 272 etxebizitzak. 

Udalak zehaztu duenez, hiriak turistei eskaintzen dizkien lolekuen %24 dira etxe eta logela turistikoak. Hala ere, iazko azarotik Bilboko Udalak ez du eman etxe eta logela turistikoetarako lizentziarik. Azaroan indarrean jarri zuten eten horri urtebeteko epea eman zioten gehienez.

Ekologistak Martxan-en ikerketaren ondorio nagusia zera da, turistifikazioak kalte egiten diola bilbotarren bizi kalitateari, eta alokairuak garestitu egiten dituela, «zeharka behintzat». Alde batetik, etxe turistikoen eraginez, bizitzeko apartamentuen alokairu parkea murrizten da, batez ere Alde Zaharrean; bestetik, biztanle ahulenak kanporatzen ditu. «Hori oso nabarmena da San Frantzisko inguruan».

«Arazoa, beste auzo batzuetara»

EH Bilduren ustez, Bilboko udal gobernuak planteatutako aldaketak, «arazoa konpondu beharrean, beste auzo batzuetara eramango du». Turismo kontzentrazio handia ez duten eremuak ez arautzea egotzi dio Karlos Renedo koalizioko zinegotziak udalari: «Ondorioz, turismo ostatuak gainerako auzoetan hedatuko dira, batez ere mugakideetan; arazoa, konpondu beharrean, araututa ez dauden auzoetara zabalduz». Hori onartezina da EH Bildurentzat.

Renedok moratoria bat eskatu du ostatu turistiko guztientzat, ez, gaur egun bezala, etxebizitza eta logela turistikoentzat soilik. Zinegotziak uste du hiriko turismo ostatuek eskaintzen duten leku kopuruak bateragarria izan behar duela hiri eredu jasangarri batekin, herritarren oinarrizko eskubideak, etxebizitza eskubidea eta bizi kalitatea hobetzea bermatzeko. Udalaren proposamenak ez du hori lortzen, eta gai horiei guztie heltzeko aukera galtzen du, Renedoren iritziz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.