Barakaldon (Bizkaia) ertzain bati ustez pistola lapurtzeagatik atxilotutako gazteari buruzko auzian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezagutarazi du Bilboko epaitegiari bidalitako jakinarazpena, zeinak Bilboko epaile dekano Aner Uriartek esandakoak gezurtatzen duen. Atzo, Uriartek adierazi zuen Ertzaintzak ez zuela aurkeztu arma lapurretari buruzko atestaturik epaitegian, eta horregatik utzi zutela aske gizonezkoa. Gazteak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.
Jakinarazpena modu telematikoan bidali zuen Ertzaintzak astelehen eguerdian, epailearen esku utzi baino ordu batzuk lehenago. Idatzian irakur daitekeenez, hari leporatzen diote pistolaren lapurreta. Larunbatean iritsi ziren ondorio horretara, eta, bila aritu arren, ez zuten aurkitu. Haren bikotekide ohia arriskuan zegoela ondorioztatuta, haren babes neurriak handitzeko erabakia hartu zuten.
19 urteko gizonezkoak astelehen arratsaldean entregatu zuen bere burua Deustuko polizia etxean (Bilbo), eta Ertzaintzak jakinarazi zuen bi delituz akusatuta atxilotu zutela: bortxaz egindako lapurreta eta armak baimenik gabe izatea. Gazteak, baina, ez zuen eraman ustez lapurtutako armarik.