Euskara

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hitzeman dute Iruñean izango direla aurten, "udalarekin edo udalik gabe"

Pailazoek eta Santxo abokatuak "zentsura" salatu dute, eta Iruñerriko haurrei eskatu diete marrazkiak bidaltzeko Enrique Maia Iruñeko alkateari.

Pailazoek Maia alkateari marrazkiak bidaltzera dei egin diete haurrei Iruñeko kaleetan, jendez inguratuta. IñIGO URIZ / FOKU
Berria
2019ko azaroaren 18a
20:52
Entzun

Joan den astean egin zuten salaketa, eta berretsi egin dute gaur: Iruñeko Udalak "zentsuratu" egin dituela adierazi dute Pirritx Porrotx eta Marimototsek Iruñeko Katakrak liburu dendan eman duten prentsaurrekoan, Iñigo Santxo abokatuarekin batera. Pailazoek joan den astean salatu zuten Iruñeko Udalak bertan behera utzi duela haiek azaroaren 29an Baluarten egin behar zuten Bizi dantza ikuskizuna. "Zentsura izan da, argi eta garbi", esan du Santxok. Prentsaurrekoan, Olentzero eta Mari Domingi izan dituzte lagun.

Gainera, pailazoek Iruñerriko haurrei eskaera berezi bat egin diete, "opari bat" egiteko Enrique Maia Iruñeko alkateari. Azaldu dute lagunak adiskidetu egiten direla marrazkiak egindakoan, eta, horregatik, haurrei eskatu diete "marrazki koloretsu" bat bidaltzeko Maiari. "Iruñean izango gara aurten, udalarekin edo gabe, baina haurrei esker". 

Aurretik, pailazoek bideo batean egin zuten udalak emandako erantzunaren parodia: No bengais a Plamplona! Hay-untamiento mezua zeraman kartel bat erakutsi zuten, umorerik galdu gabe. Iruñeko haurrekin eta familiekin "jolastu ezina" kritikatu zuten orduan. Santxo abokatuak "gehiegikeriatzat" eta "zentsuratzat" jo zuen orduan ere udalaren erabakia, eta aurreratu zuen "irudimena eta ekimena" beharko dituztela horri aurre egiteko.

[youtube]https://youtu.be/HhyakrlPTDI[/youtube]

Iruñeko Udalak, berriz, zuzenean aurreko gobernu taldeari egotzi zion ikuskizuna bertan behera utzi izanaren ardura. Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotziak adierazi zuen kontratua "era irregularrean" sinatu zuela aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokik: "Halako kontratuak egiteko, txosten juridiko bat, txosten tekniko bat eta esleipena onartzeko erresoluzio bat behar da, baina kasu honetan ez dago halakorik. Maider Belokik ekainaren 12an sinatutako kontratu bat daukagu, prozedura bete gabe eginikoa". Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari buruzko "espedienterik ez dagoela" esan zuen zinegotziak, eta auzia Nafarroako Kontseilura igorri duela, ikerketa egin dezan.

EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik, berriz, Garcia-Barberenaren bertsioa "faltsua" dela esan zion BERRIAri, eta kargu hartu zion udal gobernu taldeari, "gardentasunik gabe" jarduteagatik: "Espedientea egon badago, baina Navarra Sumak ez du erakutsi nahi. Hilabete eta erdi daramagu txosten hori udalean eskatzen, eta ez digute eman. Zergatik ez?". Kontratua sinatzeko prozedurari dagokionez, EH Bilduko kideak azaldu zuen kontratazio publikorako araudian "artisten espezifikotasuna" aintzat hartzen duen 75. artikuluari jarraikiz egina dagoela hitzarmena, eta kontratu artistiko guztiak "modu horretan" egiten direla.

Ez da lehenengoa

Ez da UPNk pailazoen aurka egiten duen lehen aldia. 2017. urtean, Iruñeko Udalak —EH Bildu zegoen agintean— hirukoteari Baluarte auditoriuma "doan" uztea salatu zuen alderdiak: "Fabore tratua da hori, hirian tradizio handia duten ekitaldiek jasotzen dutenarekin alderatuta; besteak beste, Bildu alkatetzara iritsi zenetik boikotatu nahi duen Corpusen ospakizuna". UPNk "Batasunaren pailazoak" direla adierazi zuen ohar hartan. Bilboko Udalak ere betoa ezarri zien Pirritx eta Porrotxi, Iñaki Azkuna alkate zela. Haien "ibilbide politikoa" jarri zuen aitzakiatzat. PPk egin zuen orduan pailazo horien ikuskizunak debekatzeko eskaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.