Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Bat gehi bat ez omen da beti bi. Leire Remiro Erroibarko (Nafarroa) alkateak argi du Pirinioetako herriek elkarrekin gauza handiagoak lor ditzaketela: «Denbora asko daramagu borrokan hemen ongi bizitzeko, eta bide horretan ikasi dugu herri bakoitzak bere aldetik petatxu txikiak bakarrik lor ditzakeela. Herriak elkartuta, lorpenak ugaritzen dira, eskualde gisa jarduten dugulako». Herritik egindako politika ereduaz mintzo da Remiro, orain arteko inertziak alde batera utzi eta bide horizontalago bati ekitearen beharraz.
Remirok garbi dauka ez dutela behar Pirinioetan bizitzea «pagotxa» bilakatzerik: bertzerik gabe «posible» dela erakutsi nahi dute. Horretarako mezu positiboa zabaltzen saiatzen dira: «Zaila baldin bada, gazteak ez dira geratuko, eta kanpokoak ez dira etorriko. Horretarako, baliabideak jarri behar dira, eta hiru erpinek [administrazioak, herriak eta eragile ekonomikoek] batera jardun behar dugu».
Kasualitatea edo ez, duela zortzi urte Pirinioetan bi prozesu paralelo abiatu ziren helburu hori motibazio zutela. Batetik, arlo administratiboan, inguruko alkateak elkartzen hasi ziren, Pirinioetako Mahaia sortzeko. Bertzetik, arlo komunitarioan, Pirinioetako egoerari buruz hausnartzeko beharra aldarrikatu zuten hainbat herri egitasmok Nafarroako Parlamentuan —Pirinioak Bizirik, Txantxalan, eta Lan eta Bizi—: Bost minutu Nafarroako ekialdeko Pirinioentzat izeneko egitasmoa aurkeztu zuten. Legebiltzarkideek aho batez erabaki zuten ekinaldi jakin bat abiatzea, Pirinioetako Mahaia erreminta gisa hartuz.
Mahai hartan haran bakoitzeko bi alkate eta herri bakoitzeko bat dago, tartean Remiro. Lantaldeak sortu dituzte hezkuntzaren, osasunaren eta etxebizitzaren alorrean. Horietako bakoitzean, mahaiko kideez gain, herritarrak eta teknikari talde bat elkartzen dira. Gaiak aztertzen dituzte, eta gero proposamenak Pirinioetako Mahaira eraman, gobernurat bideratu edo ez erabakitzeko. Beraz, gobernuaren eta herritarren arteko bitartekari gisa jarduten du mahaiak. Zubi lana egiten duen entitate bat edukitzea premiazkoa dela azaldu du Remirok: «Gobernuarekin hartu-emana izatea oso zaila izan da, beti falta izan baitzaio herritarren errealitatearen informazioa».
Alabaina, Pirinioetako Mahaia ez da legeak herritarren beharrizanetara egokitzera bakarrik mugatzen: herritarren arteko kolaborazioa ere bada haren xedea. Remiroren erranetan, Pirinioetan herrigintza «osasuntsu» mantentzen da. Hala ere, argitu nahi izan du hori horrela dela bertako egoerak bultzatzen duelako: «Jendeak nahi gabe ateratzen du iraupen eta autogestio masterra. Oso ohituta gaude gauzak gure kabuz egin behar izatera, baliabide gutxi baitaude».
«Jendeak nahi gabe ateratzen du iraupen eta autogestio masterra. Oso ohituta gaude gauzak gure kabuz egin behar izatera, baliabide gutxi baitaude»
LEIRE REMIROErroibarko alkatea
Bat dator Eneko Villegas ekintzailea: «Hemen geratzeko hautua egiten duen oro jada ekintzailea da bere horretan». Ekintzaileen eta kooperatiben artean sareak sortzeko lanetan ere jarduten du Villegasek. Olatukoopeko kideek ekintzailetzan jarduteko formakuntza saioak eskaini zituzten Pirinioetan duela bi urte, eta horrela sortu zuten Bidekariak izeneko proiektua. Bidekari deritze bertan parte hartzen duten ekintzaileei, eta haietako bat da Villegas: «Ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan dauden ekintzaile eta kooperatibei laguntza eskaintzen diegu».
Txabi Bados eta Rita Perandres ere bidekariak dira, eta Azokoop mikrokooperatiba sortu zuten. «Kooperatibismoa langilea eta gizartea antolatzeko forma juridiko-politikoa izan daitekeela uste dugu, horizontaltasuna, gardentasuna, demokrazia eta halako balioak egokitzeko erabat aproposa», azaldu du Badosek. Herritarren artean saretzeko eta komunitatea indartzeko aukera anitz ematen dituela ere gaineratu du Perandresek. Iritzi berekoa da Villegas: «Ez diote men egiten botere ekonomikoari: lurraldetik eta lurralderako sortuak dira».
Bados eta Perandres Urdirotzen bizi dira, Artzibar udalerriko herri txiki batean. Erosketak egiteko nahitaez bertze eskualde batera joan behar zutela ikusita, etxe azpian Azoka-Denda sortzea erabaki zuten. «Gure esfortzuak Artzibar bizigarriagoa egiteko eta bertako biztanleei zerbitzuak emateko bideratu nahi ditugu», adierazi du Badosek. Proiektuak harrera ona eduki duelakoan dago bikotea.
«Dirua tartean dagoenean bakarka jarduteko joera dago, baina gu saiatzen gara erakusten auzolanaren balioak lan esparrura eramanda ez zaigula okerrago joango»
RITA PERANDESEkintzailea
Horrez gain, tokiko produktuei ematen diete lehentasuna, inguruan egiten dena bultzatzea garrantzitsua dela uste baitute. «Nik zerbait egiten badut, besteei mesede egiteko ere egiten dut; basamortuan lehoia izateak ez baitit ezertarako balio», dio Perandresek.
Herritarren arteko lankidetzaz galdetuta, egunerokotasunean jada gertatzen dela uste du Perandresek, baina komunitatea egituratzea falta dela: «Dirua tartean dagoenean bakarka jarduteko joera dago, baina gu saiatzen gara erakusten auzolanaren balioak lan esparrura eramanda ez zaigula okerrago joango». Adibide bat paratzekotan, bidekariek lehenbiziko sektorean beharrizan bat hauteman zutela kontatu du bikoteak: abeltzainek ez dute oporretan joateko edo eritzeko aukerarik. Hori kontuan izanda, bortz gazte elkartu dituzte, eta laborariak ordezkatzeko proiektu bat martxan paratu.
Luzerako plana
Egitasmo zehatzak bultzatu dituzte eredu politiko berri horri segituz, baina despopulazioari aurre egiteko luzera begirako helburuak izanen dituen «irtenbide estruktural baten» beharraz ohartarazi du Remirok: «Bi abiaduratan lan egin behar dugu, epe motzean eta luzean; ezin dugu fokua galdu».
Izan ere, despopulazioa arazo larria da Pirinioetan. Batetik, gazteek hirirat migratzen dute, hiriburua «arrakastaren sinonimo» izan baita urte luzez. Remiro, ordea, baikorra da, eta uste du kontzeptu sozial horri buelta ematen ari zaiola. Bertzetik, etxebizitza falta «arazo historikotzat» jo du: «Etxe pila bat daude hutsik, eta horiei beste erabilera bat emateko plan estruktural bat behar dugu. Prozesu luzea da, baina ezinbestekoa herriak biziberritzeko».
Garbi du agente guztiek batera jardunez bakarrik lortuko dutela egoerari buelta ematea. Gauzak horrela, herritarren iritzia oinarri edukiko duen legea sortzeko prozesuan daude mahaikideak, Despopulazioaren Legea sortzen alegia, gobernuarekin elkarlanean.
Aurrerantzean proiektuak errazago bultzatzeko «euritako» gisa definitu du Remirok lege hori: «Lanabes bat izan behar du, legeak gure beharrei egokitzeko, ez baitugu liga berean jokatzen herri guztiek. Adibidez, udalean berdintasun teknikari bat edukitzeko 5.000 biztanle behar dira. Horrela, landa eremuan ez genuke inoiz edukiko, baina araudi berriarekin klausula bat jar genezake despopulatzeko arriskuan dauden eremuetan aplikatzeko».
Oztopoz beteriko bidea
Herrigintza oinarri duen eredu politiko berri bat gauzatzeko bidea ez da beti erraza, eta anitzetan maldan goiti egiten da. Gailurrerat ailegatu arte ez dira guti gainditu beharreko zailtasunak. Izan ere, hiru erpinen —herriaren, administrazioaren eta eragile ekonomikoen— arteko oreka mantentzea zaila izan daiteke batzuetan, mendi gandorretik ibiltzea bezala: urrats bakoitza aurrerapauso bat da, baina hanka sartze batek kolokan jar dezake aitzindutakoa.
Hiru zutabetatik, administrazioari dagokiona izan ohi da kulunka gehien egiten duena. Hala, Pirinioetako herritarrek beren kezka plazaratu dute Nafarroako Gobernuak berriki hartutako norabidearekin. Legealdi aldaketarekin Pirinioetako Plana bertze departamentu baten esku paratu dute, eta aldaketa prozesu horrek luze jo duela aditzera eman du Remirok: «Urte bat galdu genuen; ez genekien non zegoen gure plana, ezta norengana jo ere». Kontaktua berreskuratuta, bai udala eta bai herritarrak konturatu ziren lan egiteko modua aldatua zela.
«Lehen, talde bat zegoen gure lurraldean, eta oso harreman estua genuen. Orain, ordea, bi langile kaleratu dituzte, eta gure jarduna zeharo mantsotu da», jakinarazi du Villegasek. «Harremana bertikalagoa bihurtu da, eta badirudi aurreratu dugun guztia atzeraka doala», gehitu du Perandresek. Remiroren iritziz, «zilbor hestea moztu» baliete bezala izan da teknikariak bat-batean eta abisatu gabe botatzea, eta gobernuari plana «bost axola» zitzaiola ondorioztatzeko «proba ukaezina» bertzerik ez da. Batzar bat egin zuten, eta egoera «bideratu» dutela uste du Remirok.
«Lehen, talde bat zegoen gure lurraldean, eta oso harreman estua genuen. Orain, ordea, bi langile kaleratu dituzte, eta gure jarduna zeharo mantsotu da»
ENEKO VILLEGASEkintzailea
Horrela, «benetako kogobernantzara» hurbiltzen ari direlakoan dago alkatea: «Gobernuan, lehen hitz bera erabiltzen zuten, hitz handi hori modan dagoelako, baina, dirudienez, haientzat ez zuen esan nahi gauzak elkarlanean egitea». Eta aitortu du beldur dela legealdi aldaketa bakoitzean gauza bera gertatuko den: «Aldaketak egonkortu bitartean, herritarrek beren bizitzarekin jarraitu behar dute; hortaz, lana etetea ezin da aukera bat izan».
Bidekariek ere burokrazia gehiegizkoaren aurka borrokatu behar dutela azaldu du Badosek: «Bulegoan ordu pila bat pasatzen ditugu, denbora hori jendeari dedikatu beharrean. Amorrua ematen digu hainbeste burokraziak denbora kentzeak». Villegasek erantsi du militantzian oinarrituta egiten dutela lan: «Hori egiten dugu sinesten dugulako beharrezkoa dela gure eremua bizirik mantentzeko, eta lana bizi proiektu gisa ulertzen dugulako, baina jasangarria izan behar du».
«Bulegoan ordu pila bat pasatzen ditugu, denbora hori jendeari dedikatu beharrean. Amorrua ematen digu hainbeste burokraziak denbora kentzeak»
TXABI BADOSEkintzailea
Hala ere, aitortu du tinko segitzen dutela lanean, konbentzituta baitaude Pirinioetan bizi daitekeela eredu politiko berri batekin, herrigintza erdigunera ekarriz: «Bertze eredu bat sustatzea ez da erraza, baina badakigu lurraldean bizi ahal izateko beharrezko abiapuntua dela. Gauza ezberdinak nahi baditugu, gauzak ezberdin egin beharko ditugu».