Pirinioetako glaziarrak dira Euskal Herritik gertuen daudenak, eta, euskal herritar askorentzat, inoiz ikusi edo ikusiko dituzten bakarrak. Asko ikertu du horien bilakaerari buruz Ibai Ricok, EHUko glaziologo eta geografoak, eta esan du espero baino azkarrago galtzen ari direla.
Nola daude egun Pirinioetako glaziarrak?
Oso egoera kaskarrean daude. Gogoratu behar dugu lehen bazeudela glaziarrak Euskal Herrian, azkenengo glaziazioan: Gorbeian, Aralarren... Gaur egun, oso desorekatuta daude Pirinioetako glaziarrak, eta geroz eta gutxiago geratzen dira. Oraindik ere hamabost glaziar geratzen dira, 2023an egin genuen inbentarioaren arabera, eta 143 hektarea inguru hartzen zituzten. Baina 2016an 22 glaziar geratzen ziren, eta ia 100 hektarea gehiagoko azalera zuten. Beraz, oso egoera zaurgarrian daude.
Handienek —Maladeta, Aneto, Monte Perdido eta Osseau— dezenteko lodiera dute oraindik, 20 edo 30 metrokoa gune batzuetan, baina batez besteko lodiera 10 metro da. Gainera, urtero metro bat galtzen dute batez beste; lehen pentsatzen genuen Pirinioetako glaziarrak 2050erako-edo desagertuko zirela, baina ikusi dugu gehienak 2030erako desagertu egingo direla. Horregatik esaten diogu jendeari lehenbailehen ikustera joateko, baliteke-eta hemendik gutxira jada ez egotea.
Zer-nolako abiaduran ari dira desagertzen?
Lau handienek nahiko bilakaera homogeneoa dute, klimari lotutako bilakaera dutelako eta antzeko ezaugarriak dituztelako. Baina glaziar txiki batzuek —Infiernosetakoa eta Tempestades, adibidez— oso modu heterogeneoan erantzuten dute. Glaziarrak asko txikitzen direnean, tokiko faktore batzuek eragin handiagoa dute: harriz estaltzen dira, edo elurrez estaltzen dira... Faktore topoklimatiko horiek, epe ertainean, glaziarren bilakaera moldatzen dute.
Alabaina, epe ertain eta luzean, bilakaera bera dute guztiek. Bero bolada bat dagoenean —2022an eta 2023an, adibidez—, batez beste hiru metro galtzen dituzte glaziarrek lodieran urtero, metro bat galdu beharrean, eta azalera galera handiak ere izaten dira.
«Glaziarrak geoadierazle onak dira, argi erakusten baitute aldaketa global bizkor hau nola gertatzen ari den»
Zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta motelago desagertzen dira?
Bada, bitxia bada ere, ez; nahiz eta txikiagoak izan, batez beste gehiago galtzen dute, bai lodieran bai azaleran. Pirinioetan, berotzea 1,5-2 gradukoa izan da udan, munduko batezbestekoa baino altuagoa, eta ikusi dugu Europako hegoaldeko ekosistemak aldatzen ari direla. Glaziarrak geoadierazle onak dira, argi erakusten baitute aldaketa global bizkor hau nola gertatzen ari den.
Noiz esan daiteke glaziar bat desagertu egin dela?
Ez dira bat-batean desagertzen, aztikeriaz bezala. Izoztegi bilakatzen dira; hau da, mugimendu gabeko izotz eremuak. Kolapsoak ere egoten dira, arrokaz estaltzen dira, mugitzeari uzten diote, ez da izotzik pilatzen, eta orduan ikusten dugu glaziar izateari utzi dietela. La Paul glaziarra, Posetsen, izoztegi bihurtu zen duela bi urte-edo, eta halaxe daude beste batzuk ere. Gehienbat mugimendurik eza da faktore nagusia.
Glaziar bat mendi baten iparraldeko ala hegoaldeko aurpegian egon, ba al dago alderik?
Bai, badago. Gaur egun, Pirinioetan ez dago hegoaldera ematen duen glaziar bat ere. Lehen bazeuden, baina tenperatura hauekin ezin da elurra metatu. Zenbat iraun dezake gaur egun elur horrek hegoaldeko magaletan? Metatze prozesuak, nahiz eta altuera handian izan, ezin dira gertatu hegoaldeko aurpegietan.
Zer eragin du glaziarrak urtzeak inguruko ekosistemetan?
Ez ditut zuzenean biologia eta fauna kontuak lantzen, baina glaziarrak atzeratzen diren heinean eta tenperaturak igotzen diren heinean, aukera berriak sortzen dira beste espezie batzuentzako, eta espazio hori kolonizatu egiten da, eta ekosistema berriak sortzen. Mendiko lakuak ere sortzen dira.
Giza ondarean ere aldaketak daude, paisaia aldatzen delako. Laster, oroitzapen bat besterik ez dira izango. Dokumentatuta geratuko dira, baina ezin izango dira ikusi. Ondorioak izan ditzake esperientzietan, mendizaletasunean, hezkuntzan, ezagupen zientifikoan...