Pirinioetako Bidearekin «herri gogoa» berpiztu nahi du Gure Esku-k

Uztailaren 2ko ekinbidea euskal herritarren eta katalanen arteko lehena izango da, baina elkarlanean segitzea espero dute. Alvarezek esan du burujabetza gatazken «arazoa estatuena» dela

JON URBE / @FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hilabete eskas barru, uztailaren 2an, euskal herritarrek eta katalanek Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte ilunabarrean. Gure Esku-k, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioak antolatu dute ekinbidea, Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzaz, eta espero dute etorkizunean elkarlanean jarraitzea. Gure Esku-k uste du«herri gogoa» berpiztea ezinbesteko dela erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean: «Herriari hitza emateko garaia da, edo, beharbada, herritarrok hitza hartzekoa», Amalur Alvarez bozeramailearen hitzetan. Jakitun dira, baina, burujabetza lortzeko ez dela aski Pirinioetan 430 kilometroko argi lerroa egitearekin, eta nabarmendu dute helburua jendea aktibatzea dutela.

Ekinbidea Donostian aurkeztu zuten atzo Gure Esku-ko bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk, eta Etxaburuk adierazi zuen euskal herritarren oroimenean «luze iraungo duen mugarria» izango dela. Egun berezian egin dute aurkezpena; izan ere, zortzi urte egin zituen atzo Gure Esku Dago-k Durango (Bizkaia) eta Iruñe artean antolatu zuen giza kateak. Bi udalerriak eskua emanda lotu zituzten 150.000 pertsonak, 123 kilometroko giza katea eginez.

Oraingo honetan, erabakitzeko eskubidea berriro ere eztabaida publikoaren erdigunean kokatu nahi dute. Izan ere, bai Euskal Herrian eta bai Katalunian, erabakitzeko eskubidea lehen lerroetatik atera da azkenaldian, hein batean bestelako gai batzuek hartu dutelako zentralitatea: pandemia, inflazioa, egiturazko krisia, Ukrainako inbasioa, eta beste zenbait kontu. Bestalde, autodeterminazio eskubideari buruz orain ez dela hitz egin behar diotenei oker daudela adierazi zien Etxaburuk: «Tokatzen dena da».

300 gailur

Euskal Herriari eta Kataluniari erabakitzeko askatasuna ukatuz eta errepresioa erabiliz Espainiako eta Frantziako estatuek «gatazka demokratiko bat» eragin dutela nabarmendu zuen Alvarezek: «Arazoa ez dago Euskal Herrian edo Katalunian; arazoa estatuena da».

Argiztatuko dituzten 300 gailurrak bi taldetan sailkatuko dituzte. Lehenak, gailur berdeak, errazenak eta irisgarrienak izango dira. Horietako batzuk mugikortasun murriztua duten pertsonentzat ere egokiak izango dira; Jaizkibelera igotzeko, adibidez, autobusak egongo dira. Beste mendiak, gailur gorriak, zailtasun tekniko eta fisiko handiagokoak dira, Erdialdeko Pirinioetan daudenak gehienbat, eta mendizale trebatuak igoko dira soilik.

Pirinioetako Bidean parte hartzeko, lehenik Gure Esku-ren webgunean mendien zerrenda begiratzea eta ondoren [email protected] helbide elektronikora idaztea galdegin dute. Gailurretara jende kopuru mugatua igoko denez, ekitaldiarekin kolaboratzeko beste bide batzuk ere ireki dituzte. Elastikoak erosi ahal izango dira, eta elkarte eta enpresek gailur bakoitzean egongo den farol handia finantzatu ahal izango dute, gutxienez 200 euro ordainduz. Ekitaldi politiko nagusia Castell de Llivian (Herrialde Katalanak) egingo dute uztailaren 2an, eta Euskal Herrian Donostian izango da agerraldia, uztailaren 4an.

Horren aurretik, ekainaren 22an, Eusko Legebiltzarrari eskatuko diote burujabetzari buruzko eztabaida berriro aktibatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.