Erabakitzeko eskubidea

Pirinioetako Bidean parte hartzeko izen ematea zabaldu du Gure Esku-k

Uztailaren 2an Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatzeko mobilizazio bat antolatu du dinamikak, Kataluniako beste plataforma batzuekin batera.

Gure Esku-ren agerraldia urtarrilaren 29an, Pirinioetako Bidea aurkezteko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko martxoaren 14a
13:24
Entzun

Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak urtarrilaren 29an eman zuen uztailaren 2rako deitutako mobilizazio baten berri: Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte, Kataluniako plataforma batzuekin elkarlanean. Euskal herritarrek 115 gailur bete beharko dituzte, Jaizkibeldik (Gipuzkoa) Benasquera. Horiek bitan bereizi dituzte: gailur berde eta gorri gisa izendatu dituztenak. Igoeraren eta jaitsieraren iraupenaren, ibilbidearen, desnibelaren eta sarbidearen ezaugarriak aintzat hartuz bereizi dituzte, eta, berdeen kasuan, uste dute ez dutela aparteko zailtasunik eta jende gehiena igotzeko modukoak direla. Beraz, izen ematea gaurtik irekia izango da gailur berdeetarako.

Herri bakoitzak gailur berde bat edo batzuk edukiko ditu izendatuta, eta, beraz, izena emateko garaian, jendeak nongoa den adierazten duenean, gailur bat edo batzuk proposatuko zaizkio, herrikideekin batera joan dadin. Edonola ere, beste edozein gailur aukeratu ahal izango du. Mugikortasun murriztua dutenentzat egokiak diren gailurrak ere aukeratu dira.

Gailur gorri gisa izendatu dituzten gehienak Erdialdeko Pirinioetan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak. Horregatik, izen emate mugatua dute: [email protected] helbide elektronikora idatzi behar da horietara joateko. Gailur horietarako izen ematea martxan dago urtarrilaren 29tik, eta, antolatzaileen esanetan, asko dira dagoeneko egitasmoaren inguruko interesa erakutsi duten herritarrak; hala, gailur gorrien erdietan espedizio taldeak osatuta daude. Mendietara igo gabe ere, herri ugaritan mobilizazioak egingo dituzte uztailaren 2ko ilunabarrean.

Egitasmoa herriz herri aurkezten ari dira antolatzaileak; bihar Bilbon egingo dute saio bat, La Bolsa aretoan (19:00). Donostian, martxoaren 24an, Kriptan; Gasteizen, hilaren 25ean, Landatxon; eta Iruñean, hilaren 30ean, Katakraken. Guztiak, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.