ERREFUXIATUEN NAZIOARTEKO EGUNA

Pirinioak zeharkatzen ari dira 220 gazte, errefuxiatuen gizarteratzea aldarrikatzeko

Abiatu dute Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialen X. Mendi Martxa: 700 kilometro eginen dituzte, Euskal Herritik Kataluniara

Pirinioko zeharkaldia egiten diren gazteetako batzuk. TSS
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 20a
13:30
Entzun

Bidea eginen dute mendian zehar, errefuxiatuen egoeraz ohartarazteko. TSS Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialaren X. Mendi Martxa hasi da aste honetan. Hondarribitik abiatuta (Gipuzkoa), Pirinioak zeharkatuko dituzte 220 gaztek, eta Bartzelonara iritsiko dira uztailaren 20an. Guztira, 700 kilometro eginen dituzte 37 egunean.

Gaur eginen dute lehen etapa, Hondarribia eta Zabaldika artekoa (Nafarroa), Zure etorkizuna, zure erabakia lelopean. Ibilbideari ekin dioten gazteen artean daude Afganistango eta Ukrainako zenbait errefuxiatu, egoera zaurgarrian diren beste hainbat lagun, eta baita Sei eta Nafarroako CEAR elkarteetako kide ugari ere. Egitasmoan parte hartzen ari dira, bestalde, Euskal Herriko, Aragoiko eta Kataluniako 80 bat hezitzaile. «Guretzat, oso garrantzitsua da gazte hauei aukerak ematea gizarteratzeko, jendea ezagutzeko, ongi etorriak direla sentitzeko eta haien egoerari ikusgaitasuna emateko», azaldu du Irene Zendrerak, TSS Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialeko zuzendariak. Haren esanetan, horretarako baliabide garrantzitsua da Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotuko dituen mendi martxa: «Gazte zaurgarriak boteretzen dituen proiektu sozial eta hezigarria da».

Gazte horietako bat da Abdelhadi marokoarra. Sorterritik ihes egin behar izan zuen, Europan etorkizun berri bat lortu ahal izateko. Haren esanetan, «gurasoei agur esatea» izan zen bere bizitzako unerik gogorrenenetako bat: «Niretzat, TSS eskola batizan da, gauza mordoa ikasi ahal izan baitut; baina horrez gain, etxe bat ere izan da, eta lagun ugari egin ditut hemen». Orain arteko bidea gogorra izan da Mohamed Marron gazte marokoarrarentzat ere. Duela hiru urte zeharkatu zuen Ceutako muga (Espainia), kamioi baten azpiko aldean ezkutatuta: «Orduan galdu nuen beldurra».

Hamar urteko ibilbidea

2013an egin zuten mendi martxa lehenengo aldiz, eta, Zendrerak esan duenez, orduko helburuari eutsi diote aurten ere: «Bazterketari aurre egitea du xede, egoera zaurgarrian diren gazteentzat aisialdirako eta harremanak lantzeko berdintasun espazio bat sustatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.