Abuztuaren 25ean hainbat pintaketa faxista eta arrazista agertu ziren Kanbon eta Ezpeletan (Lapurdi). Gurutze zeltikoen marrazkien ondoan, Frantzia frantziarrentzat, eta Frantzia lehenik, zuria beti bezalako esaldiak tindatu zituzten, frantsesez. Gainera, lehenago Mikel Barriosen atxiloketaren harira eginak izan ziren pintaketak ezabatu zituzten, eskuin muturreko mezuekin ordezkatzeko. Horren salatzeko mobilizazio bat antolatu zen Kanbon abuztuaren 26an, baina ondoko gauean, gisa bereko pintaketa gehiago agertu ziren. Hala, gaur arratsaldean, ehunka pertsonak manifestaldia egin dute Kanboko herriko etxetik abiatuta, faxismoaren kontra.
Faxismoari ez. Ez hemen, ez nihun lelodun pankarta eraman dute manifestazioan. Kanboko Gaztetxeko kideek «ustelkeria» horiek fermuki kondenatzen dituztela adierazi dute. Herriko auzapez Christian Devezek salaketak jarri ditu pintaketen kontra. Bihar eguerdian elkarretaratze «errepublikar» batean parte hartzera deitu du.