Eskuin muturra

Pintaketa euskalfoboak egin dituzte Baionan

Eskuin muturraren mezuak margotu dituzte Lapurdiko hiriburuan. Nestor Basterretxearen eskultura bat zikindu dute, eta Frantziako Alderdi Komunistaren egoitza. Horrez gain, zeinu antisemitak idatzi dituzte.

Baionako Udaleko langileak tindaketa faxistak ezabatzen, Basterretxearen eskulturan, atzo. GUILLAUME FAUVEAU
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 31
11:14
Entzun

Hau kaka euskalduna da mezua frantsesez idatzita agertu zen igande goizean, Nestor Basterretxearen Egun On Baiona eskulturan, Lapurdiko hiriburuko Pedro kaian. Hiriko eragileek zalantza gutxi dute pintaketen egileen inguruan, hirian agertu diren beste antzeko pintaketek ere eskuin muturreko kutsua dutelako. Izan ere, mezu iraingarriak idatzi dituzte Frantziako Alderdi Komunistako egoitzan, eta zeinu antisemitak Richard Anconina aktorearen ekitaldi baten afixan.

Duela gutxi jarri dute Basterretxearen eskultura Baionan. Euskaldunen aurkako mezuaz gain, Heil Pepito testua margotu dute artelanean, eta agur nazia egiten duen gizon baten marrazki infantil batekin lagundu dute. Atzo goizean bertan garbitu zituzten eskulturako mezuak.

Frantziako Alderdi Komunistak ohar bar argitaratu du mezuon inguruan. Izan ere, PCF, hemen putakumeak idatzi diete Santizpiritu auzoko egoitzaren horman. Alderdiak elkarretaratzera deitu du 15:00etarako, erasoturiko egoitzan bertan, protesta egiteko. «PCFren egoitzan irainak margotu dituzte, eta baita gure hautagai Fabien Rousselen afixak ere». Richard Anconina aktore juduaren afixetan eginiko pintaketal ere salatu ditu PCFk. Alderdiak zuzenean seinalatu ditu eskuin muturreko ekintzaileak: «Eskuin muturreko hautagaiaren bertako sostengatzaileek euren benetako aurpegia erakutsi dute».

EH Bai alderdiak ere adierazi du protesta sare sozialetan, eta, PCFri elkartasuna adierazteaz gain, elkarretaratzean egongo direla iragarri dute.

Abertzaleek adierazi dutenez, Baiona inguruko beste hainbat herritan ere egin dituztela eskuin muturreko pintaketak.

Baionako alkate Jean-Rene Etxegaraik pintaketak gaitzetsi ditu, eta salaketa jarraiko duela iragarri du.

Eskuin muturra kale eta mendietan

Frantziako neofaxistak kanpaina betean dira Euskal Herrian. Asteburuko pintaketez gain, joan zen irailean metalezko gurutze bat jarri zuten Orhi (Otsagabia, Nafarroa) mendiko tontorrean, besteak beste «Frantziaren burujabetzaren» ikur gisa. Croix Citadelles eskuin muturreko taldeak hartu zuen bere gain ekintza.

Ikurrak gutxi iraun zuen, ordea, inguruko hainbat mendizalek kendu egin zutelako luze gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.