Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

'Pilotikariak'

Lehen pilotak bezala, politikak batu ditu orain Pascual eta Eulate. Norbere lekutik, aldaketaren alde jo nahi dute.

Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Aspalditik ezagutzen dute elkar Iñigo Pascualek (Abartzuza, Nafarroa, 1976) eta Peio Martinez de Eulatek (Lizarra, Nafarroa, 1979). Estellerrikoak dira biak, pilotari profesionalak izandakoak, eta urte luzez enpresa berean ibiliak (Aspen). Eulatek dioenez, «harreman handia» dute, «entrenamendu, partida eta txapelketa asko partekatu» dituztelako. Pascualen hitzetan, «pilota munduko lagun handienetakoa» da Eulate. Pilotak bainoago, ordea, politikak elkartu ditu oraingoan bi lagunak, BERRIAk deituta. Lau urteren ostean, astebete barru amaituko du Eulatek Iruñeko Udalean EH Bilduko zinegotzi gisara bizitako etapa. Pascualek, ordea, debuta egin berri du politikan: Podemos Ahal Dugu-ren Nafarroako kontseiluko kide izateko aukeratu dute, eta Nafarroako Parlamenturako zerrendetan doa, 12. postuan.

Pilotari zen bitartean «militantzian geldialdia» egin bazuen ere, «betidanik» interesatu zaio politika Eulateri. Horregatik, kirol profesionaletik erretiratu berritan, hautagaia izatea proposatu ziotenean, ez zuen zalantzarik izan «jauzia emateko». Orain, «egindako lanarekin pozik» utziko du lehia politikoaren lehen lerroa. Pascualen politikarako urratsa, ordea, egungo testuinguruak bultzatua da. Dioenez, «ia nahi gabe etorri da erabakia», baina «argi» zuen Ahal Dugu-n parte hartu nahi zuela, batez ere, «UPNk eta PSNk sortutako egitura ustela bukatzeko». Argi du «orain dela horretarako garaia», eta «gizartea aldatzeko aukera historikoa» ikusten du, parez pare. Eta horretarako «baliabidea» Ahal Dugu dela dio.

Inkesten arabera, edonola, indar politiko ezberdinen arteko aliantza ezinbestekoa izango da maiatzaren 24aren ondotik, Nafarroan aldaketa gauzatzeko. Eulatek dioenez, EH Bilduk «behin eta berriro» adierazi du akordioetarako borondatea, eta koalizioaren marra gorriak «orain arte erregimenaren parte izan direnak» direla dio. Argi du , gainera, jendeari ezin zaiola huts egin. Pascualen arabera, «aldaketa irabazi eta gidatzea» da Ahal Duguren nahia, baina «programaren gainean akordioak» egiteko prest dago, «egoera aldatu nahi duten guztiekin».

Parlamentuan aldaketaren aldeko gehiengoa osatzea, ariketa konplexua izanagatik, lehenengo urratsa baino ez da izango. Hortik aurrera, martxan hasi beharko luke balizko gobernu berriak. Pascualek dioenez, «herritarrak erreskatatzea» da lehentasuna, «dirua herritarren zerbitzura jarriz, eta ez, orain arte bezala, enpresa eraikitzaileak aberasteko».

Kirolari dagokionez, bestalde, oinarrizko kirola bultzatzearen alde mintzo da Eulate: «Mundu guztiak esaten du hori, baina gero esaten dena baino gutxiago egiten da». Modu bertsuan, «kiroleko espekulazioa bukatzeko» eskatzen du Pascualek, eta «hainbat lotsagabe aberasteko bainoago, dirua oinarrizko kirola laguntzeko» erabiltzea nahi du. UPNk bultzatutako kirol instalazio handien inguruan —Navarra Arena, Los Arcosko zirkuitua—, kritiko dira biak. Eta Eulatek laburbiltzen du haiekiko jarrera: «Pentsa kirola bultzatzeko zenbat gauza egin zitezkeen azpiegitura horietan xahututako diruarekin».

Herritarrak politikari

Joko politikora jauzi egin badu ere, Pascualek ez du bere burua politikaritzat. Horrek «grazia» egiten dio Eulateri, berak ere horixe bera zioelako lehen: «Gerora konturatzen zara baietz, zinegotzia bazara politikaria zarela. Politikarien kontzepzioa aldatu behar da, eta inor ez dadila lotsatu politikaria dela esaterakoan». Lagunaren azalpenak entzunda, bere hitzak «zehaztu» nahi ditu Pascualek, eta umorez dio: «Ados, Ahal Dugu-k 12 parlamentari ateratzen baditu —bera doa postu horretan— eta Nafarroan oinarrizko aldaketa eragiteko politikari bihurtu behar badut, arazorik gabe bihurtuko naiz».

Elkarri desio onenak opatuz amaitu da solasaldia. Pilota munduko «giro ona» nabarmendu nahi dute. Pilotarien arteko liskarrak «oso bakanak» direla dio Eulatek. Eta politikara eraman nahi dute giro hori ere: «Kirol gutxitan aldatzen eta dutxatzen dira aurkariak aldagela berean». Aldagela berean aldatu ez, baina aldaketaren bidean elkar ikusteko desioarekin agurtu dute elkar. Hautetsontziek esanen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.