Euskara. Murgiltze eredua Ipar Euskal Herrian

Pilota suprefetura gainean da

Euskaraz ikasi eta bizi nahi dutela aldarrikatu dute dozenaka gaztek Baionan. 'Molac legea' plantan jartzeko eskatu dute, eta diru laguntza gehiago bideratzeko Seaskari.

Dozenaka ikasle atera ziren karrikara atzo Baionan, baxoa euskaraz egin nahi dutela aldarrrikatzeko. GUILLAUME FAVEAU.
Ainhoa Larretxea Agirre - Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Suprefeturaren teilatu gainean dago pilota orain. Ez soilik sinbolikoki, baita fisikoki ere. Baionako Bernat Etxepare Lizeoko batzarrak deituta, manifestazioa egin zuten atzo Baionan, eta suprefeturara pilotak botaz bukatu zen. Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi zuen atzo berean, baina epaia eman baino ordu batzuk lehenago atera ziren karrikara ikasleak, euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzera. «Gaur, frantses errepublikaren ikur den suprefeturan, erakutsi dugu ez ditugula onartzen gure hizkuntzaren kontrako erasoak. Pilotak joz, ozenki adierazi nahi dugu euskaraz bizi eta ikasi nahi dugula», nabarmendu zuten.

[YouTube]https://youtu.be/kyZQB7XNx6g[/YouTube]

Suprefeturara iritsi aitzinetik, ibilbidea egin zuten Baionako karriketan barna, giro onean eta musikaz lagundurik. Euskaraz ikasi & bizi pankartaren atzean, dozenaka gazte bildu ziren, eta hain zuzen ere hori aldarrikatu zuten: euskaraz bizi eta ikasiko duten lehen belaunaldia izanen direla. Bereziki Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari mintzatu zitzaizkion, eta pankarta bat ere paratu zioten prefeturan: «Blanquer ustela, zure jukutriaz gaindi, euskaraz ikasiko dugu».

Gogor gaitzetsi zuten Frantziako Asanbleako diputatu talde batek Molac legeari jarritako helegitea, errekurtsoak berak euskarari kalte egiten diolakoan. Hain zuzen ere, handik minutu batzuetara eman zuen erabakia Frantziako Konstituzio Kontseiluak, hizkuntza gutxituetako murgiltzearen aurka.

Suprefeturara botatako pilotetan eskaera zehatzak egin zituzten ikasleek. Batetik, baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egitea. «Frantsesez egiteko maila dugun arren —notek hala frogatzen dute—, ez dugu nahi euskaraz ikasteko eskubidea sistematikoki urratua izan dadin», adierazi zuten. Bertzetik, Molac legea berehala plantan ezartzeko ere eskatu zuten, eta, horren harira, lau eskaera zehatz egin zituzten: Seaskarentzat baliabide gehiago bideratzea; sare publikoan murgiltze eredua zabaltzea eta bere aurkako erasoak etetea; Lanbide Heziketako euskarazko eskaintzak zabaltzea; eta goi mailako ikasketak Ipar Euskal Herrian euskaraz egiteko aukera egiazkoa izatea. Azken horri dagokionez, gogora ekarri zuten gaur egun euskaraz ikasten jarraitzeko duten aukera bakarra EHU Euskal Herriko Unibertsitatea dela, eta bide horretan oztopo administratibo «ugari» topatzen dituztela.

Ikasleen hitzetan, euskarazko irakaskuntza «ezinbesteko gakoa da luzaroan eramandako euskal hiztunen odolustea gelditzeko», eta horregatik argi aldarrikatu zuten «auzolan eta borrokan tradizio luze baten lekukoa» hartuko dutela: «Prestatu eta saldutako talo bakoitzak, antolatutako kantaldi bakoitzak, urteroko Herri Urrats bakoitzak, manifestazio bakoitzak ate berri bat zabaldu diote euskaraz ikasi nahi duen orori».

Euskara lan mundura

EEP Euskararen Erakunde Publikoak euskara ikasteko bitartekoen berri eman zuen atzo goizean. Euskaraz lan egin diru laguntzarako egitasmoa aurkeztu zuen Antton Kurutxarri EEPko zuzendariak. Beka horren bitartez, EEPk helduak euskalduntzeko erronka bete nahi du, «EEPren proiektu estrategikoarekin» bat egiten duten esparru profesionaletan euskararen erabilera «azkartzeko». 2017an abiatu zen egitasmoa, eta, orduan, irakasleei zuzendua zitzaion. Iaztik, berriz, lan eremu gehiagotara zabaldu dute deialdia: «Lan sektore batzuek euskaraz eta frantsesez ondo dakiten pertsona kualifikatuak atzemateko zailtasunak dituzte: irakaskuntzan, heziketa artistikoan eta kulturan, animazioan, hedabideetan...».

Diru laguntza eskuratzeko epea zabalik dago, eta berantenez ekainaren 15a aitzin igorri beharko dira hautagaitzak. Ikasle bakoitzak, gehienez, 10.500 euroko laguntza jasotzen ahalko du, EEPk beka horretarako duen aurrekontua 146.000 eurokoa baita. Aurten, beraz, hogei helduren formakuntzak diruztatzen ahalko ditu EEPk. Euskarazko formakuntzak Ipar Euskal Herrian egiten ahalko dituzte ikasleek, AEKrekin. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan ikasteko ere balioko du diru laguntzak.

Helburua da ikastalditik ateratzean gutxienez B2 maila lortzea, jakinez zenbait arlotan C1 maila ere beharrezkoa dela. Hala, ikasketa prozesuaren epea ikaslearen hastapeneko mailaren araberakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.