Iristear da uda, eta, horrekin batera, Udako Euskal Ikastaroak. Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide euskaltegiak ekainaren 30ean hasiko ditu Udako Ikastaroak, 40. aldiz. Hamabost eguneko sei ikastaro emango dituzte udako hiru hiletan, kultura egitarau zabalarekin hornituta. Ikastaroetan matrikulatu den ikasle kopuruak ere goraka egin du iazko aldean.
Berritasun bat izango du aurtengo udak. Uztaileko bigarren hamabostaldian, 14tik 25era, ikastaro berri bat jarri dute abian: 22na, euskara eta pilota ikastaroa. Ikastaro horretan euskara eta kirola uztartuko dituzte. "Herriko baliabideak aprobetxatuz egin nahi izan dugu ikastaro hori", azaldu du Jon Urdangarinek, Maizpide barnetegiko zuzendariak.
Urdangarinek gaineratu duenez, jendeak gauza biziak egin nahi ditu, eta, horretarako, herriko baliabideak erabili dituzte.
Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkarteak eta Asegarceko pilotarien prestatzaile fisiko Etor Mendiak emango dute uztaileko bigarren hamabostaldiko ikastaroa. Goizean euskara klase arruntak jasoko dituzte ikasleek. Arratsaldean, berriz, lehenik pilotarekin lotutako hiztegia landuko dute; "Pilota munduko hiztegia eta pilotaren inguruko testuak landuko ditugu", azaldu du Urdangarinek.
Bestalde, pilotan jokatzeko bi ordu inguru izango dituzte ikasleek. Pilota entrenamenduak bi egunez behin egingo dituzte. Egun batean entrenamendu fisikoa egingo dute Asegarceko pilota prestatzailearekin, eta hurrengo egunean, Lazkaoko Pilota Elkarteko irakasleekin arituko dira.
Euskara eta pilota ikastaroa ez da izango, baina, aurtengo berrikuntza bakarra. Maizpideko zuzendariak azaldu duenez, atzerritik euskaraz batere ez dakiten hainbat ikasle eta irakasle joan dira Lazkaora. Horiek uztaileko lehen hamabostaldian izango dira, eta helburu akademikorako idatzitako testuak landuko dituzte. "Gehienak hizkuntzalariak dira, eta helburua da testu bat euskaraz idatzita ikusten dutenean hiztegien laguntzaz testu horren gutxieneko ulermen bat lortzea".