Pilar Kaltzada hautatu dute Save The Children erakundeko Espainiako lehendakari

Hogei urtetik gorako eskarmentua du komunikazioaren alorrean; besteak beste, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kide izan zen.

Pilar Kaltzada, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko ekainaren 27a
10:47
Entzun

Pilar Kaltzada (Donostia, 1970) da Save the Children erakundearen Espainiako presidente berria, larunbat honetan erakundearen gobernu organoak berritzeko prozesua egin ondoren.

Lehendakaritza talde berria honako hauek osatuko dute: Gorka Aretxabaleta eta Gema Reig izanen dira lehendakariorde, eta Isabel Lazarok egingo ditu idazkari lanak.

Espainiako Save the Children-eko patronatuko kide izan da Kaltzada 2016tik, eta azken hiru urteetan presidenteorde gisa jardun du. Kazetaria eta komunikazio estrategikoko aholkularia da Linking Ideas erakundean, eta erakunde horretako zuzendaria eta bazkide sortzailea da. Hogei urte baino gehiagoko eskarmentua du komunikazioaren arloko aholkularitzan eta kudeaketan, berrikuntzarekin, kulturarekin eta generoarekin lotutako arloetan. Bere ibilbidean zehar, enpresa pribatuetan eta erakunde publikoetan lan egin du exekutibo eta aholkulari gisa. Ibilbide profesional luzea du komunikabideetan eta, besteak beste, BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kide izandakoa da. EnpresaBIDEAren sustatzaileetako bat ere bada.

Ikusi gehiago:Pilar Kaltzadari elkarrizketa BERRIAn, 2020an

«Haurren pobreziak, haurren aurkako indarkeriak edo haurrek beren bizitza eta etorkizuna baldintzatzen duten erabakietan parte hartzeko aukerarik ez izateak argi erakusten dute asko dagoela oraindik egiteko haurren eskubideak bermatzeko bidean. Mundu osoko krisi humanitarioek, gerrek eta desorekek eragin handia dute milioika haurren bizitzan, eta ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, egoera horiek ez baitira halabeharrezkoak, baizik eta konpondu ahal ditugun eta konpondu behar ditugun oinarrizko eskubideen urraketak», azaldu du Kaltzadak.

Mundu osoan haurren eskubideen alde ari den erakundea da Save the Children. Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan ari da lanean. Euskal Herrian, esate baterako, bi hamarkada baino gehiago daramatza jardunean, «arlo politikoan eta sozialean jarduera ugari garatuz nahiz hezkuntzaren arloan babesa emanez eta aisialdiko jarduerak eskainiz, Bilbon, Barakaldon edo Gasteizen pobrezia edo bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden 500 haurri baino gehiagori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.