Ahal Dugu-ren Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusi Pilar Garridok jakinarazi du ez duela bere burua berriro aurkeztuko karguan jarraitzeko. Haren asmoa da «proiektua bultzatzen jarraitzea, baina bigarren, hirugarren edo laugarren lerrotik». Radio Euskadin esan du badaudela alderdian hura ordezkatzeko moduko militanteak. Uste du «egokiena» dela hautagaitza desberdinak egotea primarioetan, baina adierazi du ez litzatekeela «arraroa izango» azkenean hautagaitza bakarra egotea.
Azaroan zabalduko du Ahal Dugu-k Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako primarioen prozesua, eta zuzendaritza berrituko dute haren bidez. «Indarberriturik, lema hartu eta berriro bultzatzeko» zuzendaritza aterako da, Garridoren arabera. Hark uste du bete duela dagoeneko bere lana, eta ez da berriro aurkeztuko primario horietan. Alderdikideei jakinarazi die jadanik erabaki hori. «Hanka bat kalean dugu, gizarte zibilaren alboan erreibindikatzen, eta bestea hausnarketan, proiektua bultzatzen», esan du.
Elkarrekin Podemosek porrot handia izan zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, apirilean, eta ganberan zituen sei legebiltzarkideak galdu zituen. Sumarrekin eta Ezker Anitza-IUrekin ez zuen akordiorik egin Podemosek, bozetan zerrenda bateratua aurkezteko, eta Miren Gorrotxategi lehendakarigaia zuen proiektua ordezkaritzarik gabe geratu zen. Sumar koalizioak, berriz, ordezkari bakarra lortu zuen, Ezker Anitzako hautagaia bera.
Ortuzar eta danborrada
Horiek horrela, Garridok ez du izenik eman nahi izan haren ordezko posibleen inguruan hitz egin duenean, baina esan du badaudela ordezkoak horretarako, eta espero du zuzendaritza «sendoa eta batua» aterako dela primarioen ondotik. Prest azaldu da «aholkuak» emateko «behar denean». Garridok ez du zalantzarik: «Podemos Euskadi orain lau urtekoa bezain sendoa izango da, edo sendoagoa». Erantsi du «batasun handia» dagoela militanteen artean, eta horregatik uste du espero izatekoa dela hautagaitza bakarra egotea primario horietan.
Bestalde, EAJko presidente Andoni Ortuzarrek oraindik ez du argitu EBBko buru gisa jarraituko ote duen. EAJk ere ekin dio zuzendaritzak berritzeko prozesuari, eta, harekin batera, ildo politikoari eragingo liokeen txosten politikoa onartzeko urratsak egiten hasiko dira. TVEn, Ortuzarrek gogorarazi du lurraldeetako agintaritzen atzetik iritsiko dela EBBren berritzea, eta erdi txantxetan esan du Donostiako danborradarekin batera iritsiko dela Ortuzarrek berak jarraituko duen ala ez argituko duen prozesuaren unea: «Danborradarekin batera iritsiko da».
Modu horretan, denbora irabazi du berriro, eta ABB, BBB eta GBBko buruzagiek ez dutela jarraitu jakin den honetan, Ortuzarrek jarraitzeko aukerei eutsi die. «Nik ezin dut hau erabaki Sanchezek edo Otegik bezala; guk primarioen prozesu konplexua egiten dugu, eta nire izena proposatu beharko lukete».