Positibo emateagatik edo positibo eman duen norbaitekin kontaktu estua izateagatik hamar Hegoaldean edo zazpi Iparraldean eguneko itxialdia egin beharra: hori da azken hilabeteetan milaka herritarrek bizi izan dutena. Maite Elizondo (Irun, Gipuzkoa, 1978) psikologoak ohartarazi du egun horietako emozioak kanporatu egin behar direla; bestela, luzerako ondorioak utzi ditzake itxialdiak.
PCRan positibo eman dutenek eta horien kontaktu estuek Hegoaldean hamar egunean bakartuta egon beharra daukate gelan. Nola eragiten die horrek psikologikoki?
Garrantzitsua da baloratzea edozein zailtasuni aurre egin behar diogunean, kasu honetan PCRan positibo bat jasotzen dugunean, nola iritsi garen momentu horretara. Behin berri hori jasotzen dugunean, eragina dute kanpoko faktoreek eta barneko faktoreek.
Zer gomendio emango zenizkieke positibo edo negatibo izanda itxialdia gelan egin behar dutenei?
Uste dut alde emozionala kudeatu ahal izateko oso garrantzitsua dela erlatibizatzea, gehiegi kezkatze hori ez elikatzeko. Bestalde, errutinaren kontua dago. Errutina horren barruan, distrakziorako uneak bilatu behar dira, eta, horretarako, etxean egin ditzakegun afizioak daude: idatzi, irakurri, margotu, josi, kozinatu bakarrik bizi bagara edo gure etxekideek ere positibo eman badute... Komunikatzea ere oso garrantzitsua da. Ez badugu kanporatzen sentitzen ari garen hori kezka, ardura...—, garunean txertatuta gera daiteke, eta hemendik hilabete batzuetara atera. Asko zaindu behar da norberak bere buruari zer esaten dion ere. Beste gauza oso garrantzitsu bat informazioarena da. Informatuta egon, bai, baina, agian, egunean bitan edo hirutan, horretarako tarte bat hartuta.
Pertsona bat positibo denean, azaldu daiteke errudun izatearen sentimendua?
Pila bat entzun dut. Bereziki, kutsatua izan bada nahitaezko egoera ez den batean. Gertatu baldin bazait lanera joan naizenean, lanerako bidean edo haurrarekin eskolara joan naizenean, hori egin behar nuen; beraz, tokatu zait. Baina kutsatzea gertatu izan denean aisiarekin lotura duen inguru batean, «hori saihestu nezakeen» entzuten ari naiz pila bat. Suertatu bada segurtasun neurriak errespetatuz, gertatu da; eta izan bada momenturen batean gertuegi egon naizelako, maskara eraman ez dudalako edo eskuak ez ditudalako nahikoa garbitu, ikasteko balio izatea.
Beste zer sentimendu ager daitezke?
Hamar egun horiek ez badute aldaketa handirik ekartzen zure bizitzan kontratua daukazu, zure eskubideak bermatuak daude... , kezka handiagoa izan daiteke osasuna, eta zaintza ere bai: elkarbizitza bat baldin badaukat, besteak ere kutsatzea. Horri gehitzen badiogu larritasun ekonomikoa edo ea lanpostua galduko dudan... Orduan, kezkaren alde hori askoz handiagoada. Emozioak ez baldin baditugu momentuan ondo kudeatzen edo kanporatzen, gero trauma osteko estresa sor daiteke.
Zer gertatzen da bat negatibo denean baina positibo batekin kontaktu estua izateagatik itxialdia egin behar duenean?
Ikusten dudan beste sentimendu bat amorrua da. Negatibo baldin bada, baina lan baldintzek bermatzen badute ekonomikoki aldaketarik ez edukitzea eta lanpostuan ere berdin mantentzea, etxean geratzen naiz, eta kito. Baina ondorio larriagoak baldin badituzte alde horretan, alde sozialean edo familiarrean... Hori guztia kudeatzea gogorragoa da.
Ingurukoek emandako babesak edo babes faltak ere izango du eragina, ezta?
Oso garrantzitsua da baldin badakigu inguruko batek horrelako egoera batean egon behar duela, gu eskaintzea. Laguntza bideratu alde emozionaletik eta psikologikotik: «Zer moduz zaude? Nola daramazu?». Baita alde funtzionaletik ere: «Erosketarik behar al duzu? Garbiketan zerbaitetan lagun zaitzaket?». Bakarrik sentitzen bazara eta ingurukoek ez badizute arreta berezi bat eskaintzen, tristuraren edo bakardadearen sentsazioa dago. Hori beti da mingarria, baina horrelako kasu batean, askoz ere gehiago.
Eta ingurukoengan zer eragin du itxialdian dagoenari lagundu beharrak?
Izaeraren arabera. Asko eraginkor sentitzen dira: bazkaria eramaten diot, galdetzen diot zeozer behar duen... Baina pertsona batzuk behartuak sentitzen dira.
Itxialdia egin behar duen pertsonaren adinak nola eragiten du?
Asko. Badakigu nerabezaroan eta gaztaroan taldeak edo kuadrillak garrantzi handia duela. Bat-batean hori murrizteak badu garrantzia, baina egia da beraiek tresna asko dituztela. Txikiak, jo dezagun 7 urtetik beherakoak, segur aski gurasoen ondoan egongo dira, hala egon behar lukete behintzat. 75 urtetik gorakoei segur aski beldurraren emozioa azkarrago piztuko zaie orokorrean.
Zer gertatzen da itxialdia amaitzen denean? Beldurrak ager daitezke?
Itxialdian emozioak nola kudeatu ditugun, horren araberakoa da hori ere. Egon banaiz besteei kontatzen nola egon naizen egunerokotasunean, segur aski aurrera jarraituko dut, eta kito. Noizbait neurriak ondo errespetatu ez ditudalako kutsatu banaiz, ikasteko balio dezake. Atera naiteke pixka bat beldur handiagoz edo ziurtasun handiagoz.
Beldur horiei nola egin dakieke aurre?
Horretarako, oso-oso garrantzitsua da arrazoiaren aldea, eta hori gizakiok badugu, baina batzuetan ez dugu erabiltzen. Bereizi behar da ea beldur horiek egoera zaila delako eta arriskuak badaudelako sortu diren orduan, beldur eraginkorrak dira, egokitzapenerako laguntzen digutenak, arreta areagotuz, edo diren beldur batzuk errealitatetik pixka bat distortsionatzen direnak eta mugatzen nautenak. Beldurrek oztopo bat eragiten badute egin nahi dudan horretan, hori berrikusi behar dugu, arrazoia erabili eta saiatu pixka bat kudeatzen eta pentsamendua beste modu batean eraikitzen.
Itxialdiak luzerako ondorioak utzi ditzake?
Nire kezkak kanporatzen baditut eta arrazionalki forma bat ematen badiot, segur aski ez du zertan eragin handirik izan; itxialdi horretako estutasun edo larritasun garaia antsietate handiz bizi izan badut, beldur handiz, ezin lo eginda eta tentsioan, segur aski hori guztia nire barruan metatuz joan da, eta hemendik denbora batera segur aski aterako da moduren batean. Orduan, eramateko moduak eragin handiagoa izango du berez hamar egun itxita egoteak baino; hau da, gure esku dago.
Koronabirusa. Maite Elizondo. Psikologoa
«Pila bat entzun dut errudun izatearen sentimendua dutela»
Beldurrak, kezkak, erruduntasun sentimendua... Askotariko bizipenak dituzte positiboek eta haiekin kontaktu estua izateagatik itxialdia egin behar dutenek. Horiek gainditzeko gakoak eman ditu Elizondok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu