Aurrez Abantoko Udalak Petronorren koke plantari emandako baimenak baliogabetu zituen bezala, orain Muskizko Udalak emandakoak utzi ditu baliogabe epaileak. Meatzaldea Bizirik talde ekologistak aurkeztua zuen salaketa, eta arrazoia eman die Administrazioarekiko Auzien Bilboko 4. Epaitegiak. Zehazki, koke planta eraikitzeko obra lizentzia eta jarduera lizentzia, eta kogenerazio unitate bat ezartzeko obra lizentzia eta jarduera lizentzia utzi ditu baliogabe epaileak.
Meatzaldea Bizirik taldeak 2009an jarri zuen Muskizko Udalaren aurkako salaketa auzitegian; lau urte geroago etorri da epaia, Petronorren koke planta eta kogenerazio unitatea dagoeneko martxan direla. Abantoko Udalaren aurkako salaketa ere talde horrek aurkeztu zuen, 2008an. Antzerako argudioak eman zituen Meatzaldea Bizirik taldeak, eta bi aldietan arrazoia eman diete auzitegiek. Epaileak azaldu du Petronorrek ez zituela aurkeztu egin beharrekoak zituen dokumentu batzuk. Abantoko Udalaren kasuko epaia gogora ekarri du orain epaileak, gainera, eta orduko argudioak berritu.
Koke plantaren eta kogenerazio unitatearen proiektuek Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimen integratua eskuratu zuten 2008ko maiatzaren 6an. Baina Jaurlaritzak baldintza batzuk ezarri zizkion ingurumen baimen integratu hari. Besteak beste, sufrea berreskuratzea hobetzeko, uren tratamendurako, usain txarrak gutxitzeko eta ingurumena zaintzeko programak egitea.
Programa eta plan horietako batzuek Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren onespena behar zuten, ostera ere, eta Petronorrek sei hilabeteko epea zuen haiek aurkezteko. Sei hilabete horiek pasatu aurretik eman zizkion jarduera eta obra lizentziak Muskizko Udalak, eta hor dago akatsa, orain epaileak aitortu duenez. Ingurumen baimen integratua edukitzeak ez du zuritzen udalak baimenak ematea, haren esanetan.
Bestalde, Petronorren instalazioak itsas eremu publikoan daudenez, ingurumen baimen integratua eskuratzeko uren eta kosten txostenak beharrezko zituela azaldu du epaileak. Zehaztu du Jaurlaritzak 2008an emandako ingurumen baimenean ez direla txosten horiek agertzen eta, beraz, udalaren lizentziak baliogabetzeko badela beste arrazoi bat.
Ebazpena, edozein kasutan, ez da behin betikoa. Aldeek helegiteak aurkeztu ahal izango dituzte, hamabost eguneko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian.
Ezin «automatikoki» eman
«Udalaren ebazpena ezin zen automatikoa izan», adierazi du epaileak. Petronorrek obra eta jarduera lizentziak eskuratzeko, dokumentu horiek guztiak aurkezteak derrigorrezkoa zen. Abantoko Udalaren aurka duela bi urte eman zuen epaia auzitegiak, eta orduan ere argudio berak eman zituen. Meatzaldea Bizirik taldeak ordurako ohartarazi zuen: «Muskizko eta Abantoko udalen baimenak berdinak dira». Zierbenako lurrei ere eragiten diete Petronorreko instalazioek.
E-PRTR erregistroaren arabera, Petronorren Muskizko findegia da Euskal Herriko enpresa kutsatzaileenetako bat. Lau hamarkada daramatza lanean, eta beste lau hamarkada bertan jarraitzeko baimena du. Ekonomia Iraunkorraren Legeak espresuki aipatu zuen Petronorrek egungo kokapenean jarraituko duela lanean beste 40 urtez. EAJk hitzartu zuen, PSOErekin. Zuzenean 950 langileri, eta zeharka 6.000ri lana ematen diela azaldu zuen jeltzaleen taldeak.
Petronorren koke plantari udalak eman lizentziak baliogabetu ditu auzitegiak
Meatzaldea Bizirik taldeak orain lau urte jarritako salaketari erantzun dio epaileak; koke planta lanean da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu