Isuri toxiko bat gertatzen denean, substantzia toxikoekin lan egiten duten enpresak legez behartuta daude protokolo bat aktibatzera. Esaterako, alertaren berri emateko alarmak dituzte. Hiru ditu Petronorrek (Muskiz, Bizkaia). Metzaldea Bizirik plataforma ekologistako bozeramaile Sara Ibañezek, baina, hori kontuan hartuta bi zehaztapen egin nahi ditu: batetik, Petronorren «ohikoak» direla isuri toxikoak; «eta bestetik, zerbait gertatu denean alarmek inoiz ez dutela jo». Urtean bitan legeak behartuta simulakroak egiten dituztenean, orduan bai, orduan jotzen dute. «Nik simulakroen berri izaten dut Petronorren posta zerrenda elektroniko batean nagoelako. Bestela, apenas dagoen ohartarazpenik horri buruz». Lehengo asteartean, leherketa bat gertatu zen Tarragonako lantegi kimiko batean (Herrialde Katalanak), eta hiru pertsona hil zituen. Alarmak ez ziren aktibatu. «Petronorrek gardentasunez jokatu beharko luke». Findegiaren jokabidea salatu du. «Ezkutatze sentipena erabatekoa da. Herritarrei ez zaie informazio errealik ematen». Muskizen, herrian bertan dago isurketa kutsagarriak erregistratzen dituen E-PRTR Europako Batasunaren zerrendaren arabera Euskal Herriko enpresarik kutsatzaileenetako bat dena.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako lantegi kimikoak biltzen dituen Aveq-Kimika plataformaren arabera, ez dago gisa horretako enpresetan istripuak gertatzeko arriskurik eza. «Estatistikek diote findegietan egon direla istripu larri asko. Iaz, Texasen [AEB] bakarrik, bi istripu nagusi gertatu ziren», nabarmendu du Ibañezek. Gogorarazi du Petronorrek 50 urte baino gehiago dauzkala, instalazioei «adabakiak» jartzen dizkietela, eta, gainera, erabiltzen dituela «erabiltzen dituen produktuak».
Berez, 2012ra arteko lizentzia zuen enpresak, baina, 2010eko abenduan, Petronorrek beste 40 urtez Muskizen jarraitzeko akordioa lortu zuten EAJk eta PSOEk, Madrilen. PSOE zegoen orduan Espainiako Gobernuan, eta Ekonomia Iraunkorraren Legea onartzeko EAJk jarritako baldintzetako bat hori izan zen. Sasoi hartan, gainera, lantegia handitu zuten koke planta batekin. Auzitara jo zuten plataformakoek, eta Auzitegi Nazionalak iazko apirilean eskatu zion Espainiako Ingurumen Ministerioari irekitzeko zigor espediente bat findegiari.
Bestalde, Petronorren Kanpo Larrialdietarako Plana iraungita dagoela salatu dute. «Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, azkenekoa 2014koa da, eta hiru urtez behin berrikusi behar da», argitu du plataforma ekologistako bozeramaileak. Ingurumen Baimen Bateratua ere iraungita dauka. «Suposatzen da Eusko Jaurlaritza dagoela arau horiek betearazteko, eta egiaztatzen duela betetzen diren ala ez, baina errealitatea beste bat da».
28 urte daramatza Muskizen bizitzen, eta gorabehera «asko» ikusi ditu Petronorren jardueraren eraginez. «2001ean sute handi bat, 2002an leherketa bat, 2012an bentzeno emisio masiboak hamar egunez, labe batean beste leherketa bat 2015ean...». Orriak eta orriak dauzka erregistratuta gorabeherekin. «Ez dakit esaten horiek txikiak edo handiak izan ziren... Haiek [Petronorrekoek] ezeri ez diote deitzen gorabehera». 2012an gertaturiko gorabeheran, Eusko Jaurlaritzak aginduta eten zuten lantegiaren jarduera.
Halakoak gertatzen direnean, herritarrak ez dira seguru sentitzen. Aurren-aurrenik, jendeak elkarri galdetzen dio «zer ari da gertatzen, zer ari da gertatzen?», eta SOS Deietara deitzen dute. «Eta SOS Deietakoek berek deitzen dute Petronorrera, esanez jendea deika ari dela. Enpresak ordubete, bi, hiru ordu geroago kaleratzen du ohar bat». Hau da, informazioaren norabideak beharko lukeenaren kontrako bidea egiten duela.
Zer egin jakin gabe
Eta plataformako kideak salatu du «inork» ez diela adierazi herritarrek zer babes neurri hartu behar dituzten istripu bat gertatzen denean. Triptiko bat eman zieten aspaldi; 2001az ari da. Herrian ere bada «panelen bat edo», adierazten duena alarma entzunez gero zer egin: etxean sartu, pertsianak jaitsi, toki baxuetara ez joan... «2001ean banatu zuten. Jende askok ez du informaziorik». Herria bera, izan kiroldegia, futbol zelaia, eskolak, findegiaren «zero eremuan» daude, 100-200 metrora. Jende askok galdetzen dio Ibañezi ea beldurrarekin bizi ote diren. «2001eko sutea oroitzen dut. Neure buruari esaten nion: 'hau lehertu egin daiteke'. Ez duzulako pentsatu nahi...».
Dena den, uste du «sakoneko arazoaz» ez dela hainbeste hitz egiten. «Kutsadura kronikoa da okerrena, eta horrek, egiazki, epe luzera egiten du kalte: minbizia arriskua, malformazioak, kalteak erreprodukzioari... Hori guztia istripu arriskua baino okerragoa da, kronikoa delako». Baina arazo bat ikusten du Ibañezek: hori ikertzea «inori» axola ez zaionez, «inoiz» ezin izango dutela frogatu «kausaren eta efektuaren arteko» harremana. «Baina mundu mailan badaude nahikoa ikerketa findegi baten ondoan bizitzeak eragin dezakeenaz». Eta Euskal Herrira etorrita, azpimarratu du eremu industrializatuetan heriotza maila batezbestekotik «gorago» dagoela. «Eta Muskizen kasuan batez bestekotik gorakoa da, nahiz eta industria bakarra eduki».
«Petronorrek gardentasunez jokatu beharko luke»
Petronor da Euskal Herriko enpresarik kutsatzaileenetako bat. Meatzealdea Bizirik plataforma ekologistak salatu du alarmek ez dutela jotzen gorabeherak gertatzen direnean, eta lantegiaren Kanpo Larrialdietarako Plana iraungita dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu