«Petronor, ez gara labezomorroak». «Administrazioa, konponbidea». «Petronor, zikinkeria gehiagorik ez». Tankera horretako leloak oihukatuz, Bizkaiko Meatzaldeko ehunka herritarrek manifestazio bat egin zuten atzo goizean, aste honetan findegiak Muskizen duen plantan izandako isuriak gaitzesteko. «Gu pozoitzen ari da Petronor», salatu zuten Meatzaldea Bizirik plataformak deitutako mobilizazioan.
Tarteka, geldialdiak izaten dira Petronorren ekoizpen unitateetan, mantentze lanak egiteko. Horietako bat egiten dabiltza orain. Urtarrilaren 15etik, konbertsio unitatean ari dira beharrean. Oraingoan, mantentze lanekin batera aldaketa teknologikoak ere egingo dituztela iragarri zuen enpresak berak. Martxora arte iraungo dute lanek.
«Hodiak lurrunez garbitzen ari direla esan dute, eta horrena izan dela kiratsa», azaldu zuen Meatzaldea Bizirik plataformako kide Sara Ibañezek. Astearte goizean hasi ziren nabaritzen. «Iparraldeko haizea zegoenez, Meatzalde osoan igarri genuen. Asteazkenean, okerragoa izan zen: Barakaldo aldean eta itsasadarraren beste aldean usaindu zuten, Erandio inguruan».
Zorabioak, eztarriko mina eta goragalea sentitu zuten hainbatek. «Batzuek gau osoa komunean botaka pasatu zutela kontatu digute». Administrazioak izandako jokabidea salatu du Ibañezek: «Larrialdi zerbitzuek ez zuten etxean geratzeko agindurik eman. 112 telefonokoek pertsona bakarrari esan zioten etxean geratzeko. Gehienoi ingurumen arazoetarako telefonora deitzeko esan ziguten, 012ra, baina han bulegoetako ordutegian baino ez dute hartzen».
Aireko isurketak neurtzeko estazioa dauka Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Zierbenako Las Carreras auzoan. Ibañezek salatu du betikoa matxuratuta dagoela iazko irailetik. Duela egun batzuk, behin-behineko bat ipini dute, leku batetik bestera mugitzekoa. «Estazio finkoaren datuak ikusi ahal izaten genituen, baina mugikorretan ez dugu horretarako aukerarik», kexatu da. Airean dauden bentzeno, tolueno eta xileno partikulak neurtzen ditu. Jaurlaritzak esan du asteazkenean, justu inguruko bizilagunak kiratsagatik kexaka ibili zirenean, «ohi baino kopuru handiagoa» neurtu zela, baina «arrisku eta alarmarako kopuruetatik urruti». Hala ere, bizilagunen kezka ikusita, protokoloak berrikusi beharko direla aitortu du.
Ibañezek esan du eurek ez dakitela zein diren arrisku eta alarmarako kopuruak. Era berean, salatu du Jaurlaritzak manipulatu egiten dituela estazio finkoak neurtutakoak. «Denbora bat igarotakoan, kasualitatez, desagertu egiten dira gorantz doazen isurien neurketak. Beherakoekin ez da halakorik gertatzen. Norbaitek ezabatu egiten ditu. Hori frogatu dezakegu».
Auzitara iritsi da
Joan den urtarrilean, estreinakoz, Bizkaiko Fiskaltza Petronorren izandako isurketa bat ikertzen hasi zen. Bizilagun batzuen gutuna jasotakoan hartu zuen erabakia. Iazko azaroaren 8an eta 9an izan zen ikertzen ari diren isuri hori. Bizilagunek Eusko Jaurlaritzaren estazioak egun haietan egindako neurketak bidali zituzten fiskaltzara, baita findegiaren argazki batzuk ere. Ibañezek esan du ez dakitela zer gertatuko den, baina «pozik» hartu du behintzat epaitegietan ikertzen hasi izana. Hala ere, esan du ez dutela beste berririk izan. Delitu zantzurik aurkituko balu, salaketa ipiniko luke fiskaltzak.
Bizilagunek eurek Ertzaintzara jo dute, beste behin. Ibañezen esanetan, «enegarren» salaketa jartzera. Oraingoan, aste honetan izan diren isuriengatik. Zierbenako Udalak ere kezka eta ezinegona agertu ditu. Isuri horiek bizilagunen osasunean ez dutela ondoriorik izango bermatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
«Petronor gu pozoitzen ari da»
Asteon Petronorren findegian izandako isuriak salatu dituzte, Muskizen. Arduragabe» jokatu izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu