Osasuna

Pestizidarik arriskutsuenen zantzua duen fruta %53 areagotu da azken bederatzi urteotan Europan

Azterturiko gerezien erdia kutsatuta dagoela aurkitu dute ia hamarkada batez eginiko ikerketan. Europako Batzordearen eta EBko estatu kideen «erabateko porrota» salatu dute, EBko arauak ezartzeko eta kontsumitzaileak babesteko orduan.

jarraia213820.jpg
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 24a
17:22
Entzun

Norbaitek uste badu Europako Batasuneko arauen eraginez, gero eta zorrotzago zaintzen dela europarrek jaten dutena, eta, ondorioz, elikagaiek dituzten pestizida mailak gero eta baxuagoak direla, erabat oker dago. Hala erakutsi du Pesticide Action Network (PAN) taldeak bederatzi urtez egin duen ikerketak. Europako azoka, denda eta supermerkatuetan saltzen diren 100.000 fruta eta barazki laginak aztertu dituzte, kontinentean bertan hazitakoak, eta, ikusi dutenez, pestizidarik arriskutsuenen kutsadura %53 handitu da azken hamarkadan.

Zenbakiak oso nabarmenak dira: 2011. urtean hasi zuten ikerketa, eta, orduan, bakarrik kiwien %4a zeuden kutsaturik. 2019an, berriz, heren bat (%32) kutsatuta zeuden.

Azterturiko gerezien erdia kutsatuta daudela aurkitu zuten ikerketaren azken urtean (2019). 2011n, %22 ziren.

Horiez gain, frutarik kutsatuenak masustak ziren (%51), mertxikak (%45) eta marrubiak (%38). Eta, barazkien artean, apioa (%50), aza berdea (%31) eta Bruselako azak (%26).

Kutsaturiko fruta eta barazkien kopurua handitzeaz gain, areagotu egin da erabilitako pestizida mota. Esaterako, 2011n, fruten %6,4 zeuden kutsaturik gutxienez bi pestizidarik toxikoenekin, eta 2019an %10,2ra igo da kopurua.

«Pestizida toxikoen erabilera jaisten ari dela eta elikagaietan dauden arrasto mailak kontrolpean daudela esaten dute ofizialki, baina txosten honek eta horren ondorio nagusiek adierazpen ofizialen kontrakoa erakutsi dute», adierazi dute txostengileek.

Haien arabera, honek erakutsiko luke Europako Batzordearen eta EBko estatu kideen «erabateko porrota», EBko arauak ezartzeko eta kontsumitzaileak babesteko orduan.

Emaitzaren irakurketa are larriagoa egin daiteke, ikertzaileek bakarrik aztertu dituztelako Bruselak arriskutsuentzat dauzkan pestizidak, eta, ondorioz, erregulaziorik zorrotzena daukatenak, ustez. Horiek guztiak lotu dituzte hainbat gaitzekin, tartean minbiziarekin, bihotzeko arazoekin eta diabetesarekin. Gizakiak pozoitzeaz gain, ingurumenean ere kalteak eragiten dituzte.

Elikagai kutsatuak ekoizteko joera handiagoa duten herrialdeak Belgika (%34), Irlanda (%26), Frantzia (%22), Italia (%21), Alemania (%20) eta Espainia (%19) dira.

Ikertzaileek kritikatu egin dute Europako Batasunak gaiaren inguruan egiten dituen ikerketak, bakarrik hartzen dituelako kontuan zenbat pestizida saltzen den, ez eta zenbat erabiltzen den, azken horren inguruko daturik ez dagoelako. Salmentak ikusita, Bruselak ondorioztatzen du %12 jaitsi dela pestizida arriskutsuenen erabilera.

Ikertzaileek, berriz, barazkietan geraturiko pestizida zantzuen kopurua aztertu dute.

Zer dela eta areagotu da horrenbeste pestizida arriskutsuenen erabilera? Pesticide Action Networkek azaldu duenez, izurri askok erresistentzia garatu dute genetikoki, belaunaldiz belaunaldi, eta horrek nekazariak eraman ditu toxiko gehiago erabiltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.