Bi hipotesi nagusi aipatu izan dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur (Donostia, 1950) ETApm-ko militantearen desagertzearen inguruan, eta «gaur egun, ez dago daturik bata ala bestea egiantzekoagoa dela esan ahal izateko». Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzak eskatuta kasuaren egoera ikertu duten taldeko kideek. Pertur Komando Berezietako etakideek bahitu eta hil zutela da hipotesi horietako bat, eta, bestea, Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta hil zutela, Espainiako eskuin muturreko kideen, polizien edo Italiako neofaxisten laguntzaz. Datu berririk eduki ez arren, ondorio batzuk atera dituzte Pertur kasuari buruzko txostena: gaiaren egungo egoera lanaren egileek: «Agerikoa da ez dela interesik izan ikerketa eraginkor eta zehatz bat egiteko».
Atzo aurkeztu zuten EHUko Giza Eskubideen Katedrak eta Gogora institutuak egindako txostena, Donostian. Aurkezpenean izan ziren Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, lanaren zuzendari Jon Mirena Landa eta egileetako Bertha Gaztelumendi.
Kasuaren garapenari buruz egindako «sintesiaren» ondorioz, gomendio batzuk zerrendatu dituzte egileek. Horietatik, eskaera bat nabarmendu du Landak: «Daturen bat izan dezaketen pertsonei dei egin nahi diegu, era anonimo batez bada ere, informazio hori helaraz ahal izan dezaten, familiaren sufrimendua neurri batean arintzearren». Horretarako, «kanpaina instituzional bat abian jartzea gomendagarria» dela uste dute egileek, «gertatu zenaren egia edota, gutxienez, haren gorpua non dagoen ezagutzeko bidea emango duten datu berriak, halakorik bada, eman ahal izateko».
Kasua «ez da iraganekoa»
Izan ere, txostenean jaso dutenez, Perturren inguruko egitateak «ez dira iraganekoak». «Gaur egun, oraindik ere ez dakigu Pertur non dagoen. Eta horrek berekin dakar absentzia horren sufrimenduak eragina duela oraindik ere bereziki senide hurbilenengan».
Juridikoki ere badu eragina horrek. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2008an ireki zuen kasua familiaren kereila bat onartuta, baina artxibatu egin zuen 2012an, behin-behinean, delituaren egileei buruzko froga argirik aurkitu ez zuelako. Datu berririk balitz, ordea, kasua berriz ireki behar litzatekeela deritzote txostenaren egileek. Kasu horretan, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziatik interpretatu daitezkeen irizpideak aintzat hartuta, «oztopo» batzuk egon litezkeela ohartarazi du Landak, kasua preskribatuta edo amnistiatuta dagoela esan baitezakete auzitegiek —Auzitegi Nazionalak ez zuen horri buruzko jarrerarik hartu bere ikerketan—.
Nazioarteko irizpideen arabera, ordea, desagertze behartuak ezin dira preskribatu, eta hori nabarmendu du Landak. Hala jaso dute txostenean: «Teknikoki, nabarmena da delitua egiten jarraitzen dela. Hori dela eta, ikerketarik eza ez da iraganeko analisi bat, baizik eta gaur egungo aldarri bat, eskumena duten agintariak eta gizartea bera, oro har, zuzenean konprometitzen dituena».
Orain arte egindako ikerketak «oso eskasak» izan direla kritikatu dute egileek; bai desagertu ostekoak, bai azken urteetakoak. «Egiletzaren itzala eta haren inplikazio politikoak harlauza baten gisakoak izan dira». Perturren familiari aitortza eta erreparazioa emateko ere zailtasunak areagotzen ditu horrek, egiletzari buruzko zalantzek prozedura hori oztopa dezaketelako.
Sail bateko lehenengo lana
1976ko uztailaren 23an ikusi zuten Pertur azkenengoz, Lapurdin. 40. urteurrenean, Jaurlaritzaren deialdi bera egin zuten senideek: non dagoen dakienari «eskuzabal» jokatzeko eskatu zioten.
Giza eskubideak. Kasuen txosten monografikoak eta ikerketa saileko lehen lana da Perturri buruzkoa. Urtero halako lan monografiko bat egiteko asmoa dute, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren hitzarmen baten barruan.
'Pertur kasuan' laguntza eskatu dio Jaurlaritzak «daturen bat duenari»
Kasuari buruzko txostena egin dute EHUk eta Gogora-k. Aitortza instituzionala eman nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu