'Pertur auzia' artxibatzeko eskatu dio familiak Auzitegi Nazionalari

Fiskala ere kasua ixtearen alde dago, epaileak posible ziren diligentzia guztiak egin dituela uste duelako

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko zuzendaritzako kide zenaren desagertzea argitzeko auzia artxibatzearen alde agertu da haren familia, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Berri agentziek zabaldu dutenez, familiak uste du Fernando Andreu epaileak egin dituela egin zitzakeen diligentzia guztiak eta, beraz, berak jarritako kereila baten ondorioz abiatutako auzia artxibatzeko eskatu du. Fiskaltza ere iritzi berekoa da, berri agentzien arabera. Iturri juridikoen arabera auzia itxi egingo dutela ere jakinarazi dute agentziek.

Pertur 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azkeneko aldiz, Pausuan (Lapurdi). Espainiako Auzitegi Nazionalak 2008ra arte ez zuen ikerketarik abiatu auzia argitzeko. Perturren gurasoek jarritako kereila baten ondorioz hasi zen orduan Andreu auzia ikertzen. Hiru hipotesi zeuden mahai gainean: bide politikoen alde zegoelako ETAko Komando Bereziek hil zutela da hipotesietako bat, eskuin muturreko talderen batek hil zuela da bigarrena, eta Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta Italiako neofaxistek hil zutela hirugarrena.

Bertsio ofizialak aurreneko hipotesiari eutsi zion urteetan, baina Italiako neofaxisten hipotesiak indarra hartu zuen Angel Amigo zine zuzendariak El año de todos los demonios dokumentala egin zuenean. 2007an aurkeztu zuen filma, Donostiako Zinemaldian. Film hartan azaleratu zen Italiako neofaxistek, Espainiako zerbitzu sekretuekin elkarlanean, Pertur izan zitekeen pertsona bat bahitu zutela. Perturren familiak ez zuen baikortasun handiz hartu dokumentala, baina, hortik abiatuta, hipotesi hori ikertzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari.

Italiako sikarioak galdekatu zituen Andreuk. Neofaxistek Bartzelona inguruan Faktoria izeneko masia bat zutela kontatu zioten epaileari, eta hura erabiltzen zutela etakideak bahitu, torturatu eta desagerrarazteko. Ikerketa horraino iritsi da.

«Duela hilabete ezagutu eta berriro ikusi nahi zaituen pertsona» baten izenean 1976ko uztailaren 23an Donibane Lohizuneko Consolacion tabernara joateko hitzordua jaso zuen Perturrek, baina beste pertsona ez zen agertu. Tabernatik atera, eta Pakito Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi ETAko komando Berezietako kideak topatu zituen, eta Pausura eramateko eskatu zien. Pausura eraman, eta hantxe utzi zutela diote bi haiek. Geroztik ez du inork ikusi Pertur, eta ezta haren berririk izan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.