Patricia Barcena. CEAR Euskadiko zuzendaria

«Pertsonen babesa ez da sistemaren ardatz»

Babes eskaera gutxik jasotzen dute Espainiako Gobernuaren baiezkoa. Horixe nabarmendu du CEAR Euskadiko zuzendari Patricia Barcenak: Hassanna Aaliaren kasua araua dela, salbuespena baino gehiago. Pertsonen aldeko apustua egin dezatela eskatu die erakunde guztiei.

edurne elizondo
Iruñea
2015eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Datu argigarri bat nabarmendu du CEAR Euskadiko buru Patricia Barcenak (Bilbo, 1971): babes eskaeren %5ek baino ez dutela baiezko erantzuna jasotzen. Atzean dauden arrazoiak azaldu ditu.

Babes eskubidea ukatu diote Hassanna Aaliari; erabaki hori salbuespena da, edo araua?

Ohikoa da ezezkoa jasotzea, tamalez. 2013an, 206 pertsonari bakarrik onartu zitzaien babes eskubidea. Bada bertze babes mota bat, babes subsidiarioa, alegia, eta hori 376 pertsonak jaso zuten. 2013an 4.500 eskaera jaso ziren, baina kontua da Espainiako Gobernuak ez diela urtean bertan erantzuten urte bakoitzeko eskaerei. Pilatuz joaten dira. Edozein modutan, eskaeren %5i ere ez die baiezko erantzuna ematen gobernuak.

Zergatik hain gutxiri?

Babes sistemaren oinarria da mugen kontrola eta segurtasuna. Ardatza ez da pertsonen babesa. Migrazioa kontrolatzeko lan hori egiten da, anitzetan, estatu gisa ditugun betebeharrak kontuan hartu gabe. Politika horren helburua da pertsonak honat ez ailegatzea; ailegatzen badira, babesik ez eskatzea; eta eskatzen badute, ez onartzea.

Zeintzuk dira helburu horiek betetzeko tresnak?

Kontua da babes eskubidea onartzea lortzeko prozedura ez dela batere erraza; gogorra da. Eskubide hori ez onartzeko argudio nagusia da eskatzen duenaren kontakizuna egiazkotzat ez jotzea. Pertsona batek bere herritik ihes egiten duenean, noski, zaila da duen egoerari buruzko xehetasun guztiak frogatu ahal izatea.

Eta zer-nolako epeak daude prozedura hori betetzeko?

Babes eskubidea jasotzeko prozedurak bi zati ditu. Lehenik eta behin, tramiterako onartu behar du Espainiako Gobernuak. Hori hilabeteko epean gertatzen ohi da, eskatzen duen pertsona Espainian sartu bada. Mugan epea laburragoa da, zazpi egunekoa. Tramiterako onartzen bada eskaera, babesa eskatu duen pertsonak erakutsi behar du zein den bere jaioterriko testuingurua, zergatik egin duen ihes, eta abar. Denbora badu hainbat pertsonarekin edo elkarterekin harremanetan jartzeko, bere egoera eta bere herriko testuingurua zein den azaldu ahal izateko. Ez da lan erraza, baina hainbat hilabetetako epea bada hori egin ahal izateko. Kontua da kasu anitzetan babesa eskatzen duena esku-hutsik ailegatzen dela; eta zaila da eskatzen zaion guztia betetzea, bere egoera erraten duena dela frogatzea.

Nolabaiteko zigor bilakatzen ahal da prozesu hori guztia?

Biktima izaera hori sakondu egiten da. Generoarekin edo sexu joerarekin lotutako jazarpenen kasuan, adibidez, babesgabetasuna are handiagoa da. Ez dute zertan elkarteren bateko kide izan. Eta hagitz zaila da duten egoera hori frogatzea. Herritik ihes egiten dute; babes bila etortzen dira, baina ez dute jasotzen. Alderantziz: nolabaiteko tratu txarra jasaten dute, ez dietelako erraten dutena sinesten. Eta pertsona irregular bilakatzen dituzte. Hori hagitz gogorra da. Eta mugan egoera are gogorragoa da, nor zaren ere galdetu ez, eta pasatzen uzten ez dizutenean. Hori gertatzen da Ceutan eta Melillan.

Salatu izan duzu erakundeek babes eskubideari ez diotela duen garrantzia aitortzen .

Hala da. Eta erakundeek pertsonen aldeko apustua egin beharko lukete. Apustu sendoa, erakunde guztietatik, gainera, eskumena Espainiako Gobernuarena izan arren. Pertsona horiek hartu eta babestu behar ditugu, hemen bizi daitezen.

Babes eskubidea onartzen ez denean, zer gertatzen da?

Ezin dugu ahaztu arriskua badela pertsona anitzentzat jaioterrira itzultzen badira. Babesik jasotzen ez badute, hemen gelditzen saiatzea da aukera bakarra; eta hiru urte pasatuta, erroldan izena ematea, lana bilatzen saiatzea eta paperak lortzen saiatzea. Epaitegietan ere egin daiteke bidea, helegiteak aurkeztuz. Baina ez da bide erraza. Aurrera egitea da kontua.

Zuen bulegoan zenbat auzi duzue?

Urtean ehun bat babes eskaera jaso ohi dugu. Iaz 60 inguru izan ziren. Baina gora egin dute aberrigabea izateko eskaerek Saharako pertsonentzat. Estrategia horren alde egin dugu. Gutxik eskatzen zuten babesa, eta zaila zen errefuxiatutzat jotzea. Espainiako herritartasuna eskatu dutenean, gutxitan eman zaie. Beraz, aberrigabe izateko eskaera egiten dugu. Iaz 300 baino gehiago egin genituen. Espainiako Gobernuak 2.000 eskaera baino gehiago dituerantzuna jasotzeko zain. Espainiako Auzitegi Gorenak 2007an erran zuen aberrigabe jo behar zirela Saharako herritarrak. Baina administrazioak ez du bete. Eskaerak egitea erabaki dugu, tiraderan ziren txostenak, behingoz, tramitatzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.