«Joan den legealdian ez bezala, gaur inork ez du ukatzen Osakidetzan arazo bat dugula eta gainbehera agerikoa dela». EH Bilduk Osakidetzaren diagnostikoa egin du, eta gaur aurkeztu dute Rebeka Ubera eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek. Koalizio abertzalearen arabera, Osakidetzaren «gainbeherak» bi arrazoi nagusi ditu: indarrean dauden pertsonal politika eta gobernantza eredua.
Osasun arloko ituna adosten ari diren garaian plazaratu du EH Bilduk bere diagnostikoa: Eusko Jaurlaritzarenari egindako ekarpenak dira gaur aurkeztu dituenak. EH Bilduren ustez, itunak berak ez du helburua izan behar, Osakidetzako arazoei erantzuteko tresna bat baizik. Horregatik, «funtsezkoa» da Osakidetzaren arazoen inguruan «diagnostiko on eta zorrotz bat» egitea. Bide horretan, COVID-19aren pandemiak Osakidetzan izandako eragina aztertu dute: «Kultura politiko bat azaleratu zuen: Osasun Sailak aldebakartasunez lan egiteko duen kultura».
Hori ikusita, EH Bildukoek uste dute herritar guztien osasun eskubidea bermatzea izan beharko litzatekeela Osasun Sailaren misioa, eta, horregatik, pazientea izan beharko litzatekeela ardatza.
Pertsonal politika
Osakidetzak sortzen duen kezkaren iturri nagusi bat pertsonal politika da, EH Bilduren ustez, eta hainbat datu eman ditu: egiturazko lanpostuak 32.000 baino gehiago dira, baina langile finkoak, 20.000 baino gutxiago. Hau da, %57koa da behin-behinekotasuna. Datorren urtearen hasieran 7.600 langile egonkortuko dituzte, eta 27.000 izango dira langile finkoak. Dena dela, behin-behinekotasuna %8 izateko helburua ez da beteko, koalizio abertzalekoek ohartarazi dutenez.
«Urteetan, egiturazko beharrak behin-behineko lanpostuen bidez estali dira. Indarrean egon den kontratazio ereduan behin-behinekotasuna sustatu da, eta horrek berekin ekarri ditu mugikortasuna, prekaritatea, profesionalizaziorako zailtasunak eta jarraitutasuna apurtzea. Horrek ez du lagundu planifikatzen», gaitzetsi dute.
Gainera, nabarmendu dute pertsonal politika desberdina dela Osasun Sailean eta Osakidetzan, eta hori ez dela elkarren arteko alde bakarra: «Osasun Sailak ez dio autonomiarik eman Osakidetzari, eta erabaki guztiak Osasun Sailean zentralizatu dira». Horren inguruan gogoeta egin behar dela uste dute. Izan ere, salatu dute arta prozesuak ez direla kontuan hartzen Osakidetza horien arabera antolatzeko, langileak bideratzeko eta politikak definitzeko.
Gobernantza eredua
Koalizioak identifikatu dituen botere harremanak ez dira soilik Osasun Sailaren eta Osakidetzaren artekoak, baita langile kategorien artekoak ere: «Osakidetza oso erakunde itxia da, eta, batez ere, medikuen eta erizainen ardatzean antolatu da. Osakidetzaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako kategoriak gutxietsi egin dira». Garbitzaileez, sukaldariez, informatikariez eta beste hainbatez ari dira. Gutxiespen horrek pribatizazioaren bidea hartu duela adierazi dute.
Gainera, nabarmendu dute ez dagoela taldean lan egiteko kulturarik: «Kategoria eta espezialitate bakoitzeko pertsonala oso bereizita eta hierarkizatuta dago». Harago joanda, azpimarratu dute osasun agintariek ezarritako gobernantza ereduak zehaztu duela asistentzia eredua: «Pazientea medikuarena da, hau da, pazientea ez da bere osasunari dagozkion erabakiak har ditzakeena».
Hizkuntza politika
«Euskarazko arta eta lana ez daude normalizatuta Osakidetzan. Profesional guztiak elebidunak izatetik oso urrun gaude, eta hori lortzeko neurri eraginkorrak falta dira. Hori lortu artean arta euskaraz jasotzea edo euskaraz lan egitea erraztu dezaketen bitartekoak —zirkuituak, itzultzaileak, interpretazioa, arnasguneak...— ez dira modu errealean ezarri». Hori da EH Bilduren diagnostikoaren funtsa.
Batetik, ohartarazi dute hizkuntza eskakizunak egiaztatuak dituzten langileak baino gutxiago direla arta euskaraz eskaintzen dutenak; bestetik, Euskara Planak martxan jartzen dituztenak Euskara Zerbitzuko teknikariak eta hori egiteko borondatea duten zuzendaritzak baino ez direla: «Baldintza horietan, neurrien ezarpena oso mugatua geratzen ari da».
Lehen arreta
EH Bilduren ustez, jarraitutasuna da lehen arretaren zutabeetako bat, baina horren aurkako norantzan oinarritu da kontratazio politika: «Pazienteen eta osasun taldeen arteko ezagutza apurtu egin da». Gainera, nabarmendu dute lehen arretan ez dagoela kulturarik taldean lan egiteko. Ohartarazi dute osasun zentroetan arazoak egoten direla arratsaldez arta eskaintzeko, eta horrek klase sozialik apalenei egiten diela kalte.
Horren atzean langileen behin-behinekotasuna bultzatu izana egon daitekeela uste dute: «Kontratu prekarioen, gainzamaren eta mugikortasun handiaren ondorioz, jarraitutasuna galdu da, poliki-poliki arretaren kalitatea galdu da, profesionalak desmotibatu egin dira, eta ihes egin dute».
Diagnostikoaren beste ondorio bat zera da: osasun zentroen kudeaketa ez da askea, dagokion ESIak bideratutakoa baizik. Ondorioz, ez dute erabakitzeko ahalmenik, ezta aurrekontu berezitu eta gardenik ere.
Pribatizazioa
Osasun sistema publikoaren pribatizazioari ere heldu dio koalizio abertzaleak, hainbat ertzetatik. Azaldu dute Osasun Sailak «modu inplizituan» pribatizatu dituela hainbat zerbitzu: «Zuzeneko asistentzia diren zerbitzuak Osakidetzak bere gain hartu behar ditu, baina gainerakoen kudeaketa kanporatu daiteke». Kultura horren adibide dira larrialdietako garraioa eta garbiketa pribatizatu izana.
Beste ertz bat hau da: «Ez da ulertzen normaltzat hartzea Osakidetzan publikoan eta pribatuan aldi berean lanean aritzea eta ez da ulertzen praktika hori hain onartua egotea». Lagunkeriarako eta klientelismorako bazka dela ohartarazi dute.