Maider Gorostidi. Psikologoa

«Pertsona ziklo batean sentitzen da: atera ezinik»

Agifes Gipuzkoako buruko gaixoen elkartean dihardu. Depresioari buruz solasean hasita, aurki ebaki du hitza: 'estigma'. Eritasuna onartzeak lotsa eta mina eragiten ditu usuegi.

arantxa iraola
2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Tristura puntu bat aski izaten da usu depresioa hizpide hartzeko: «Erraz erabiltzen den hitza da». Maider Gorostidi psikologoak argi utzi nahi du, ordea, serio hartu beharreko eritasun bat dela, eta garaiz diagnostikatzen eta tratatzen ez bada aski ondorio larriak eragin ditzakeela. Gipuzkoan buruko gaixoak eta haien senitartekoak elkartzen dituen Agifes elkartean dihardu lanean.

Hitzaren erabilera errazak hutsaldu egin du denborarekin depresio hitzaren esanahia bera?

Depresioa eta tristura askotan ia sinonimo moduan erabiltzen ditugu, eta, bueno, depresioa hitz potoloagoa da: depresioa osasun arazo bihurtu daiteke, denboran eta intentsitatean areagotuz doan heinean. Sintomak asko izan daitezke, baina, sintoma horiek gure lan aktibitatea baldintzatzen badute, edo familiarteko bizitza baldintzatzen badute, ondorio larriak ekar ditzake.

Egun batean edo bitan triste antzean ibiltzea ez da, beraz, depresioa. Noiz hasi behar da hor atzean gaixotasun bat egon daitekeen susmoa hartzen?

Tristura maila luzatzen denean: egunetan, asteetan... Pentsamendu negatiboak nagusitzen direnean, bai norberak bere buruarekiko dituen pentsamenduetan, baita etorkizunari begirakoetan ere: dena ezkor ikusten da, etorkizunik ez da ikusten. Gero, arazo fisikoak ere ager daitezke: buruko minak, lotarako arazoak, kontzentrazioari eustekoak... Pertsona bat lanean badago, edo familia giroan umeen ardura-eta hartu behar badu, horiek guztiek baldintzatu egiten dute. Ondorioz, tristura eta antsietatea handitu egiten dira, eta pertsona ziklo batean sartuta bezala sentitzen da; hortik atera ezinik.

Beraz, sintomen intentsitatea eta kronikotasuna dira bereizgarri?

Hori da. Eta artatzea, tratamendua edo laguntza zenbat eta lehenago jaso, errazagoa da depresiotik ateratzea. Nolanahi ere, gizarte honetan askotan kosta egiten da laguntza eskatzea: «Nola joango naiz, ba, medikuarengana esatera triste nagoela?». Azaltzeko ere zailtasunak dituzte pertsona batzuek: «Zer pasatzen zaidan? Dena eta ezer ez. Ez dakit zer gertatzen zaidan». Estigmatizatze bat ere badago hor, eta kalte egiten du.

Zerorrek aipatu duzu hitza: estigma. Oztopo handia al da?

Oraindik bai, oraindik bai. Aurrerapen handiak izan dira, eta gero naturaltasun handiagoz hitz egiten da buruko eritasunen inguruan, baina oraindik beste pauso batzuk egin behar dira...

Ondoeza, barruko pena ezkutatzera sarri egiten da, ezta?

Noski. Askotan esaten da: «Triste nago, ez nago ondo, baina aterako naiz». Aterako naiz? Ez baditut erreminta batzuk martxan jartzen, orduan zuloan gehiago eta beherago sartuko naiz. Oraindik ere estigmaren kontua hor dago.

Erraz erabiltzen da hitza, baina, hala ere, beldur handia zaio. Garrantzitsua da esatea lortzen dela zulotik irtetea, ezta?

Bai, atera daiteke, baina laguntza oso berandu iristen ez denean. Azken batean, depresioan ikusten den beldurra da gero etortzen den suizidio posiblea: suizidio hitza ere hor agertzen zaigu.

Depresioak ekar dezakeen ondorio larriena horixe da...

Bai, gure eguneroko bizitza baldintzatzea gaixotasunaren maila bat da, baina gero pertsona bat inongo motibaziorik gabe geratzen bada bizitzeko, suizidioa agertzen da hor. Esaten da urtean munduan 800.000 pertsonak hiltzen dutela beren burua, eta horien atzean, askotan, depresio sakon bat dago.

Erien elkarte batean ari zara. Zein ikuspegi duzue? Ongi tratatzen dira depresioak? Hainbat aditu ari dira esaten usuegitan jotzen dela botikak ematera...

Tratamendua izan daiteke mediku edo psikiatra batek jartzen duen tratamendu farmakologikoa, baina beste tratamendu batzuk ere badaude. Tratamendu psikologikoak, esate baterako; gure lana ere hor dago. Beharren arabera erabaki behar da.Tratamendu farmakologikoak, esaterako, bere ondorioak izaten ditu, eta akaso sortzen dituen ondorio horiek pertsonak ezin ditu ongi eraman... Tratamendu psikologiko batekin ere laguntza ematen da, edo tratamendu psikosozialekin. Horiekin guztiekin, pertsonak, azkenean, atera egiten dira. Betiere, ikusi behar da zein den pertsona bakoitzarentzako tratamendu motarik egokiena.

Botikak beti behar dira?

Beti ez.

Eta bada joera beti erabiltzeko?

Psikiatrengana joanda, badute joera depresioaren kontrako botikak emateko. Baina kontuan hartu behar da adina —ume edo gaztetxoak diren, adibidez— eta depresio maila... Oso sakona ez bada, tratamendu psikologikoak-eta oso eraginkorrak izaten dira. Beti ez dira botikak behar depresio batetik ateratzeko.

Osasun sistemak, oro har, ongi erantzuten die premiei?

Oso profesional onak ditugu gure osasun sisteman. Askotan, ordea, gutxitxo izaten da; osasun arazoak dituzten pertsonak, zifretan, asko dira, eta idealena baliabide gehiago izatea litzateke; badakit beste zenbait tokitan baino aurreratuagoak gaudela, baina idealena profesional eta baliabide gehiago izatea litzateke.

Prebentzioa nola sustatu?

Azken batean, guztiok dakizkigun kontuak dira, baina horiek praktikan jartzea da kontua: estres egoerak saihestea, ordutegi finko batzuei eustea, elikadura ohitura batzuk izatea, norberaren zaintza sustatzea, denbora librea edukitzea, harreman familiar eta sozialak lantzea, ariketa fisikoa egitea... Eta laguntza profesionala eskatzea, behar denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.