Espainiako Gobernuak babes sozialerako hainbat neurri onartzea espero da biharko Ministroen Kontseiluan, eta, EH Bilduk iragarri duenez, pertsona zaurgarrien etxegabetzeen debekua 2025. urtera arte luzatzea adostu dute. «Horri esker, etxegabetzeen aurkako ezkutua mantendu ahal izango da bizitegi alternatibarik gabeko pertsona zaurgarrientzat», adierazi du koalizioak, ohar bidez.
Neurri hori pandemia garaian ezarri zen lehen aldiz, orduan ere Espainiako Gobernuko bi kideek eta EH Bilduk adostuta. Etxegabetzeak eragozteko neurriekin batera, oinarrizko horniduren mozketak —argindarra, ura eta gasa— debekatzea ere onartu zuten, eta hala berretsi dute orain. Gainera, galdara komunen TUR4 tarifa arautua zabaltzea ere adostu dute. Koalizioak ohartarazi du neurriok ez direla «nahikoak» krisiari aurre egiteko, baina positibotzat jo du akordioa: «Neurri horiek eta Etxebizitza Legean adostutako alokairuen %3ko muga ezinbestekoak dira milaka familiaren bizitegi egoera zailaren aurrean».
Helegitearen inguruko negoziazioak
Hain justu, Etxebizitza Legearen aurkako helegitearekin bueltaka dabil oraindik Eusko Jaurlaritza. Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak gaur Radio Euskadin iragarri duenez, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua aldebiko batzorde batean negoziatzen ari dira, eskumenen inguruko «interpretazio adostu bat» lortzeko, eta, hala, legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman behar ez izateko. «Legearen interpretazioa argitu behar da, ez dadin sartu erkidegoen eskumenetan», esan du Arriolak.
Arriolaren ustez, garrantzitsua da legea aplikatu ahal izatea, EAEko arauek jasotzen ez dituzten neurriak bideratzeko —alokairuen prezioa mugatzea, besteak beste—, baina aitortu du Jaurlaritzako alderdien artean ez dagoela eskumenen inguruko adostasunik. Sailburu sozialistaren ustez, legeak ez du «eskumenetan sartzeko asmorik», hainbat formularen bidez aipatzen baitu autonomia erkidegoen eskumenetan ez eragitea. «Baina EAJk ez du horrela ikusten», adierazi du.