Pertsona guztiek errolda eskubidea dutela aldarrikatu dute Bilbon

'Erroldarik gabe izaterik ez' kanpaina abiatu dute 87 eragilek. Salatu dutenez, errolda agiririk ez izatea oztopoa da zenbait eskubide lortzeko

Erroldaren aldeko kanpainaren aurkezpena atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Errolda udalerri batean bizi diren pertsonen erregistroa izateaz gain, eskubide asko eskuratzeko sarbide atea da egun. Hala ere, pertsona askok ezin dira erroldatu. Hori dela eta, 87 entitatek kanpaina bat jarri dute martxan Bizkaian. Atzo goizean Erroldarik gabe izaterik ez kanpaina aurkeztu zuten Bilboko udaletxeko eskaileretan: «Pertsona guztien errolda aldarrikatu nahi dugu, euren bizitokia zein den kontuan hartu gabe».

Besteak beste, sei sindikatuk babestu dute kanpaina, eta migratzaileen eskubideen alde lan egiten duten beste 30 eragilek. Esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Baobat elkarteak, Atxondo Harrera Herriak, Egintza elkarteak eta Bizkaiko SOS Arrazakeriak. Gizarte mugimenduek ere babestu dute (Feministaldek, Eguzki talde Ekologistak, Kakitzat koordinakundeak...); eta EH Bilduk, Elkarrekin Bilbok eta Sortuk ere bai.

Errolda agiria ez izatea oztopo bat da zenbait eskubide lortzeko, deitzaileek azaldu dutenez. Esaterako, errolda agiririk ez dutenek ezin dute osasun txartela lortu, eta ezin dute Lanbiden izenik eman. Era berean, ez dute bozkatzeko eskubiderik, eta batzuek ezin dute egoiliar baimena eskuratu. «Erroldatzea exijitzea pertsona guztien eskubideen aldeko aldarrikapena izan da, eta izaten jarraituko du», argi utzi dute.

Bizileku bat izanda ere, hainbat bizilagunek ezin dute erroldatzea eskatu, «hartzen dituzten pertsonei kalte egiteko beldurrez edo etxebizitzaren jabeek uzten ez dietelako». Egoera horretan daude, adibidez, pasaporterik ez duten migratzaileak (euren enbaxadek ez dizkietelako berritzen); eta egoera oso prekarioan dauden pertsonak, «erroldatzeko eskubiderik gabeko» logelak alokatzen dituztelako. «Pertsona horiek 200 euro inguru ordaindu behar dituzte hilean, bizi ez diren tokietan erroldatu ahal izateko».

Elkarrizketak udalekin

Kanpainaren helburua da «errealitate hori herritar guztiei ezagutaraztea», eta erroldarik gabeko pertsonek jasaten duten «eskubide urraketa» salatzea. Are, errolda eskuratzeko udalean eskaera formala egiteko erabakia hartu duten pertsonak lagundu nahi dituzte. Eta udalekin «elkarrizketa prozesuak» ireki nahi dituzte, pertsona guztiak erroldatuak izan daitezen, «formula administratiboak» aurkitzeko. Izan ere, eragileek alderdi politikoekin elkarrizketak izan dituzte, eta Bizkaiko udal guztiei gutun bat bidali diete.

Kanpainaren babesleek argi dute hasi duten bidea «arazo burokratikoz» beteta egongo dela. Hala ere, nabarmendu dute errolda agiririk gabe ezinezkoa dela «gizarte bazterketako egoera» gainditzea. «Justiziagatik, duintasunagatik, pertsona guztientzako errolda nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.