Caritasek 42.241 pertsona artatu zituen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orain bi urte 34.288 pertsona izan ziren; beraz, kopuruak gora egin du nabarmen. Lagundu zituzten gehienak (%55) emakumeak direla nabarmendu dute, eta geroz eta gehiago direla adingabekoekin bakarrik dauden amak. 6.900.000 euro baino apur bat gutxiago baliatu dituzte laguntzak emateko.
Donostiako egoitzan egin duten agerraldian, azaldu dute etxebizitza eskuratzeko zailtasunak kezkatzen dituela bereziki. Kontxi Elexpe idazkariak azaldu duenez, nahiz eta etxea bilatzeko eta alokairua ordaintzeko arazoek gizarte osoari eragiten dioten, Caritasera jotzen dutenek are gehiago pairatzen dituzte zailtasun horien ondorioak: «Bizitokia lortzeko baldintzak gogorrak dira, eta erantzun publikoa, berriz, eskasa».
Elexpek nabarmendu du erroldatzeko aukerarik ez izateak egoera larritzen duela, eskubideak eta aukerak eskuratzeko erroldatuta egon behar baita. Horrekin lotuta, zehaztu du Gipuzkoan artatutako hamarretik zortzi baino gehiago (%86) migratzaileak direla, «askotarikoak jatorriari dagokionez», eta kopuru horrek gora egin duela azken urteetan: 2022tik %4 egin du gora, eta 2019tik %15. Hain zuzen, Gipuzkoako Caritasek jendeari zuzenean laguntzeko emandako kopuruari erreparatuta, hiru eurotik bat etxebizitzarekin lotutako gastuak ordaintzeko izan da, 890.703 euro guztira.
Geroz eta gazte gehiago kalean
Hiru lurraldetan egin dute agerraldia aldi berean —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—, eta hiruretan iruditu zaie kezkatzekoa etxebizitzaren gaia. Horregatik, Gipuzkoako Caritasek ikerketa bat abiatu du gizarte bazterketarako arriskua duten edo baztertuta dauden herritarrekin: artatzen dituzten 2.889 lagun hartu dituzte lagin gisa, bost hilabetez —aurtengo urtarriletik maiatzera—.
Ateratako ondorioak laburtu dituzte: ikertutakoen %17,7k ez dute bizilekurik, eta gehienak bakarrik bizi dira; etxebizitzetan bizi diren eta erroldatuta daudenen %68k ordaintzen dute alokairua, baina ez dute alokairu kontraturik; eta alokairua ordaintzen dutenen artean, hiru familiatik batek adin txikiko seme-alabak ditu. Erroldatuta dauden eta alokairu kontraturik ez dutenen %57 emakumeak dira.
Bestalde, aipatu dute bizilekuari lotutako bazterkeria larria pairatzen dutenak %31 gehiago direla iaztik hona. Gipuzkoan laguntzen dituztenen artean, lau lagunetik hiru 44 urtetik beherakoak dira, eta haietatik %26k 18 urte baino gutxiago dituzte. Bide beretik, gehitu dute hamar familiatik zazpik adingabeak dituztela euren kargu, eta hamarretik hiru guraso bakarreko familiak direla.
Datu horiek guztiak kezkatzekoak direla uste dute, pobreziak eta bazterkeriak haur edo gazte direnean harrapatzen dituelako, eta etorkizunean hori traba izan daitekeelako haientzat. Ahaleginak egiteko eskatu diete erakundeei, herritar horiei etorkizun duina ziurtatzeko eta «pobreziaren herentziari» aurre egiteko.
Askoren lehen aldia, Bizkaian
Bizkaian iaz Caritasen laguntza jaso zuten 13.000 pertsonak baino gehiagok, eta horien artean ia erdiek lehen aldiz jo zuten Caritasera: 5.915 pertsonak jaso zuten lehen aldiz laguntza. Orotara, 13.000 pertsona baino gehiago artatu zituzten iaz.
Nabarmendu dute laguntza jaso zutenen artean lautik bat (%27) 23 urtetik beherakoa zela. Horren harira, uste dute funtsezkoa dela pobreziaren transmisioa eta etorkizuneko gizarte bazterkeria prebenitzea, familiei, haurrei eta gazteei laguntzeko.
Araban, egoera «konplexuagoa»
Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek 12.580 pertsona artatu zituen iaz, eta hiru milioi euro baino gehiago baliatu zituzten horretarako. Aipatu dute kopurua orain bi urtekoa baino hobea dela, baina baztertuta dauden familiek egoera konplexuagoei aurre egin behar dietela: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta jakien prezioak igo izanak eragindakoak, esate baterako. Izan ere, salatu dute gizarte arrakala gero eta handiagoa dela, eta laguntza eskatu diete erakunde publikoei.
Datuak ere eman dituzte: artatutakoen %42k lehen aldiz jo zuten Gasteizko Caritasera iaz. Nabarmendu dute lehen aldiz joan zirenen artean hirutik bi (%65,3) emakumeak izan zirela, eta lau familiatik hiru (%75), berriz, atzerritarrak. Familien %40k seme-alabak zituzten.
Zaurgarri direnen eta pobre bizi direnen ongizate emozionala eta buru osasuna ere kezka «larria» da Caritaseko kideentzat, nabaritu baitute «behar handiak» dituztela. Esan dute politika eraginkorrak behar direla egoerari aurre egiteko, eta administrazioei eskatu diete ulerbera eta malgu jokatzeko. Errolda soziala ere galdegin dute.