Pertsona bat hil da, eta 184 artatu dituzte bero oldearen ondorioz

Jaurlaritzaren arabera, Amoroton zendu da gizona, beroak jota. Hiru baso sute itzali dituzte

Ekaineko bero oldearen eraginez, tenperaturak gora egin du Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Amoroton (Bizkaia) pertsona batek bizia galdu zuen astelehenean, bero oldeak Euskal Herrian utzi zituen tenperatura altuak direla eta. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu zuen ezbeharra atzo, Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.

Bestalde, Osakidetzak beroaldiko hiru egunik larrienetan—larunbata, igandea eta astelehena— tenperatura altuekin zerikusia zuten 184 larrialdi dei jaso zituen: 27 Araban, 104 Bizkaian eta 53 Gipuzkoan. Horietatik 83 pertsona ospitaleetan artatu behar izan zituzten, eta 23 bestelako osasun zentroetan. Gainontzekoak ez zituzten lekuz aldatu behar izan.

Nahiz eta tenperaturarik altuenak astelehenean erregistratu ziren, igandean hartu behar izan zituzten pertsona gehien, astelehen arratsaldean tenperaturak nabarmen jaitsi baitziren. Larunbatean 33 pertsonak jaso zuten arta, igandean 45ek, eta astelehenean 35ek.

Lurraldeei dagokionez, Bizkaiko ospitaleetan artatu zituzten pertsona gehienak, 48. Gipuzkoako ospitaleetan hemeretzi pertsona hartu zituzten, eta Arabakoetan, berriz, hamabost.

Zupiriaren esanetan, joan den asteko bero oldea azken urteetako «luzeena eta gogorrena» izan da, eta nahiz eta tenperaturak jaitsi egin diren eta are gehiago jaitsiko diren, aurrerantzean ere Osakidetzaren gomendioei kasu egiteko eskatu die herritarrei.

Ondorengoak dira bero oldeari aurre egiteko gomendiorik garrantzitsuenak: ur asko edatea, kafeina duten edariak ez hartzea, barazki eta fruta gehiago jatea, gantz gehiegi duten jakiak ez jatea, pertsianak jaistea, gorputza freskatzea, kalean eguzkipean denbora asko ez ematea, eta berorik handiena egiten duenean esfortzu fisiko handirik ez egitea.

Sute txiki ugari

Azken asteetan piztutako hainbat suteren berri eman dute Hego Euskal Herriko agintariek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 38 sute erregistratu zituzten uztailaren 11 eta 15 bitartean; horietako hamabi «sute larri» gisa izendatu ditu Zupiriak: «Gehienak Araban izan dira, eta bost egunetan guztira 300 hektarea erre dira herrialde horretan». Hala, Barrundia, Mendoza, Erribera Garaia eta Gasteiz inguruko basoak izan dira gehien kaltetutako eremuak.

Bestalde, joan den larunbatetik astelehenera, beste lau sute erregistratu zituzten; larunbatean Gaubean (Araba), igandean Gasteizen eta Arrigorriagan (Bizkaian), eta astelehenean Bilbon.

Sute horietako hiru aztertzen ari direla adierazi du Zupiriak; izan ere, haren esanetan, laborantza lanekin zerikusia duten eta «saihestu zitezkeen» kasuak izan daitezke, eta, ikerketa amaitu ostean nahita piztuak izan zirela ebazten badute, zigorrak jarriko dituztela gehitu du.

Nafarroan, lau baso sute piztu ziren, Areson, Leitzan, Artaitzen eta Etxabakoitzen (Iruñea). Aresokoa izan zen larriena, baina ordu gutxitan Leitzako eta Cordovillako suhiltzaileek kontrolpean hartzea lortu zuten. Leitzan, borda batek sua hartu zuen atzo goizean, baina suhiltzaileek berehala itzaltzea lortu zuten. Artaizko sutea labore lur batean piztu zen, atzo goizean, baina aurrekoekin gertatu moduan, azkar kontrolatu zuten. Etxabakoitzen, uztatu gabeko soro batean piztu zen herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.