Gizon bat atxilotu dute Donostiako areto futboleko partida batean arbitroari labana sartzeagatik

Atxilotuak 30 urte ditu, eta atzo atzeman zuten, etxean, Donostian. Ertzaintzak ikertzen jarraituko du, borroka jendetsuan parte hartu zuten guztiak identifikatzeko.

Futbol partida jokatu zuten zelaia, Donostiako Bidebieta auzoan. BERRIA
Futbol partida jokatu zuten zelaia, Donostiako Bidebieta auzoan. BERRIA
nerea intxausti
2024ko ekainaren 11
13:00
Entzun

Larunbat iluntzean, federatu gabeko areto futboleko partida batean epaileari eraso egin zioten labana batez, eta ertzainek atxilotu egin dute ustezko egilea. Larunbat arratsaldeko zortziak aldean gertatu zen liskarra, Bidebieta auzoko areto futboleko zelai batean (Donostian). Partida amaitu eta berehala, galdu zuen taldeak epailearen aurka egin zuen, «bultza eginez eta objektu sendoren bat jaurtiz», Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Borrokan hasi ziren bi taldeetako jokalariak eta zale batzuk. Liskarrean, labanaz eraso zioten epaileari, bizkarrean: bi labankada eman zizkioten. Beste pertsona bat ere jo zuten aurpegian. Bi zaurituak Donostia ospitalera eraman zituzten.

Ertzaintza joan zen futbol zelaira, eta ez zuen inor atxilotu, baina ikerketa bat hasi zuen, eta atzo arratsaldean 30 urteko gizon bat atxilotu zuten Donostian, etxean, epaileari labankadak ematea leporatuta; datozen orduetan deklaratu beharko du epailearen aurrean. Beste pertsona bati ere eginbideak ireki zizkioten igandean, ikertu gisa, futbol partidan gertatu ziren erasoetan parte hartzeagatik: lesio delitua eta liskar nahaspilatsuan parte hartzea egotzi diote. 

Eneko Goia Donostiako alkateak «kezka handia» azaldu du gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean, hirian horrelako «jarrera bortitzak» gertatzen direlako. Gertakariak salatu ditu, eta tokiz kanpo daudela adierazi. 

Ertzaintzak adierazi du ikertzen jarraituko duela borroka jendetsuan parte hartu zuten guztiak identifikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.