Emakumeen aurkako indarkeria

Pertsona bakarrarenak dira aurkitutako gorpuzkiak

Atxilotuaren etxean eta gimnasioan aurkitutako gorpuzkiak emakume batenak direla baieztatu dute polizia iturriek. Igandean jipoitutako andrearen egoerak okerrera egin du. Protesta egin dute Bilbon. Ertzaintzaren hipotesia da prostitutei eraso egiten ziela atxilotutako gizonak.

2013ko ekainaren 4a
20:36
Entzun

Emakume batenak dira Bilbon atxilotuta daukaten gizonaren gimnasioan eta etxean aurkitutako gorpuzkiak. Polizia iturriek BERRIAri baieztatu diote aurkitutako gorpuzkiak aztertuta ondorioztatu dutela "adin ertaineko" andre batenak direla. Identifikatu dute emakumea. Ez dute aparteko xehetasunik eman; soilik atzerritarra dela, kolonbiarra. Ospitalean larri dagoen andrea ere atzerritarra da, Nigeriakoa.

Basurtuko ospitalean "oso larri" jarraitzen du. Areago, azken orduetan okerrera egin du haren osasun egoerak, ospitaleko iturrien arabera. Erasotzailearen gimnasioan aurkitu zuten herenegun, konortea galduta. Alboan zeukan gizona, J.A.C.; 47 urte dauzka. Gimnasioan miaketa egiten ari zirela gorpuzki batzuk aurkitu zituzten poliziek, eta bilaketa zabaldu zuten orduan. Etxean ere bazeuzkan gorpuzkiak, Ertzaintzaren arabera.

Arratsaldean protesta egin dute Bilbon.Askabide elkartek deituta egin dute elkarretaratze bat. Prostitutekin lan egiten du talde horrek, eta azaldu du erietxean larri dagoen andreak horretan jarduten duela: "Prostituzioan diharduten emakume guztiak oso zaurgarriak dira indarkeria matxistaren aurrean", ohartarazi du. Dozenaka pertsona elkartu dira protestara; asko, atzerritarrak. Erakundeetako ordezkariak ere izan dira; besteak beste Jaurlaritzako hiru sailburu: Josu Erkoreka (Justizia), Jon Darpon (Osasuna) eta Juan Maria Aburto (Gizarte Gaiak).

Emakumeen Mundu Martxak 19:30erako antolatu du protesta. Indautxu plazan elkartu dira, eta erasoak gertatu ziren Zen4 gimnasiora joan dira, Maximo Agirre kalera.

Bilboko Udalak eguerdian adierazpen bat kaleratu du, erasoa salatzeko; isilik ez egoteko eta emakumeen aurkako indarkeria ekintzen aurka egiteko eskatu diete udalak herritarrei eta gizarte eragileei. Bihar eguerdirako elkarretaratze bat antolatu du udalak.

Prostitutak jomugan

Auziak sekretupean jarraitzen du. Polizia iturriek BERRIAri aurreratu diote, ordea, Ertzaintzaren hipotesia zein den: uste dute prostitutei eraso egiten ziela gizonak. Erietxean "oso larri" dagoen andrea prostituta dela baieztatu du Askabidek, eta Poliziak uste du hildako andreak ere horretan jarduten zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.