Nora atxiki dena mudatzen denean

Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak antolatuta, Naziometroa egin dute; Euskal Herriarekiko atxikimenduari buruzko gogoetez aritzeko foro bat izan da

Andoni Eizagirre, Julen Zabalo, Enara Eizagirre.
Julen Zabalo, Enara Eizagirre eta Andoni Eizagirre, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2023ko azaroaren 22a
17:00
Entzun

Pertenentzia aldagai askori lotuta dago, aldakorra da, eta, gaur, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak antolatutako Naziometroa jardunaldia egin dute, Pertenentzia prozesuak eta Nazioa XXI. mendean izenburupean, mudantza inoiz baino agerikoago, sakonago eta azkarrago sentitzen den garaiotan Euskal Herriarekiko atxikimendua bera nola aldatzen ari den ulertzeko, nola areagotu daitekeen aztertzeko. Hainbat solasaldi egin dira; lehenean, MU Mondragon Unibertsitateko irakasle eta filosofo Andoni Eizagirrek, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Julen Zabalok eta Aztikerreko ikertzaile Enara Eizagirrek parte hartu dute.

«Bistakoak» diren gauzez ari direla esan dute, baina etengabe mudatzen ari den errealitatean «bistakoa» den hori ere etengabe aldatzen da; sentimendua ahaltsua da, oro inguratzen du. Andoni Eizagirrek ondo kokatu du gaia. «Mundua ez zaie nire seme-alabei aldatu: guztioi aldatu zaigu», azaldu du. «Beti ari gara pentsatzen aldaketak gazteei eragiten diela, hurrengo belaunaldiei; baina gu geu gara izan garenarekiko diferenteak». Aldaketa ugarien artean, azken urteotan teknologia berrien ondorioz heldu direnei erreparatu die bereziki. «Transformazio teknologiko ikaragarri bat bizi dugu, eta horrek eragina du euskalherrigintzan oinarrizkoak izan diren aldagaietan». Produkzio sistemak urteotan izan dituen aldaketa sakonak hor daude, komunikatzeko bide berriak.

«Beti ari gara pentsatzen aldaketak gazteei eragiten diela, baina geu gara izan garenarekiko diferenteak». ANDONI EIZAGIRREMUko irakaslea

Produkzio sistemako aldaketen ondorioak horra, Andoni Eizagirreren hitzetan. «Gurean, aktibitate industriala inoizko berritzaileena da, baina, aldi berean, enplegu berria sortzeko zailtasunak ditu, eta sortzen duena goi mailako kualifikazioetarako sortzen du». Hori Euskal Herrian sakon zuztartutako «iruditeria» jakin bat hausten ari da: ahultzen. Aktibitate industrialak orain arte bereziki gizonentzat sortzen zuen «enplegu apala» urritzen ari da, adibidez, eta gizarte barruko arrakalak handitzen ari dira. «Herri zatitu bat daukagu». Horrek eragina du «identitateetan eta identitateen kontzepzioan». Komunikatzeko bide berriek ere bai. Adibide bat jarri du; egun, etxe gehienetan, gurasoek eta seme-alabek euskarri oso antzekoetan «kontsumitzen» dituzte edukiak, baina, sailkatuta eta banatuta ematen direnez, gero eta eduki komun gutxiago jasotzen dituzte. Hortik galdera: «Zer daukagu amankomunean?».

Mudantzari heldu dio Zabalok ere. Aldaketak ez dira berriak arloan. Euskal nazionalismoari dagokionez, horra eboluzioa. Hasieran «jatorriaren» arabera ezaugarritu zen, eta helburu «katoliko» batekin lotu zen. Euskal Herri «sozialista» bat lortzeko ametsa egon zen gero. Orain, helburu «demokratiko» batzuk bermatzeak hartu du indarra. «Helburu bakoitzak nazio tipo desberdin bat eskatzen du». 

Eta gaurko testuingurua zein da? «Inportantea da azpimarratzea gaur egun norbanakoa dela neurria, ez taldea», gogoratu du Zabalok. Norbanakoaren «erabakiak hartzeko ahalmena» gailendu da bizitzaren arlo askotan, eta nazioarekiko atxikimenduaren ingurukoetan ere bai. Alde horretatik, burujabetzarako bidean erreferendumaren aldeko ideia nagusitu da. «Azken erabakia herritarrek edukiko dute, banan-banan».

«Inportantea da azpimarratzea egun norbanakoa dela neurria, ez taldea».

JULEN ZABALOEHUko ikertzailea

«Pentsatu dezakegu gaur egun nazioa sobran dagoela», onartu du. Baina galdera josi du atzetik: «Nazio bultzadarik gabe, zertarako estatu bat? Egon daiteke interes hutsen arabera sortutako independentismo bat? Nik uste dut ezetz».

Datuek zer erakusten duten

Datuetan oinarrituta jardun du Enara Eizagirrek. Naziometroak Euskal Herri osoko datuak jasotzen ditu; Soziometroak, Euskal Autonomia Erkidegokoak; eta Europa mailako datuak ere izan ditu hizpide. Hiru iturritatik edanda jardun du, nazio sentimenduaren inguruan egun Euskal Herrian dagoen erretratu ahalik eta doiena erakusteko asmoz. Ez da erraza, argazki hori aldatzen ari baita, beti. «Pertenentzia sentimenduak ez dira zerbait finkoa».

«Euskal herritar soilik sentitzen direnen ehunekoa txikitzen ari da gradualki».

ENARA EIZAGIRRE Aztikerreko ikertzailea

Bide horretan hainbat joera ikusten dira. Horra nabarmenetarikoa. «Euskal herritar soilik sentitzen direnen ehunekoa txikitzen ari da gradualki». Aldiz, euskal herritar izatearekin batera espainiar edo frantziar sentitzen direnena gero eta handiagoa da: «Nahasketaren taldea ari da indarra hartzen». Soilik espainiar edo soilik euskal herritar sentitzen direnen artean dauden aldeei buruzko xehetasunak ere eman ditu Aztikerreko ikertzaileak. Euskal herritar soilik sentitzen direnen artean, altuagoak dira ikasketa mailak, eta euskara gaitasuna handiagoa da. Beste muturrean gizonak daude batez ere, ikasketa maila apalagokoak, eta gehienak erdaldunak. Aintzat hartzeko bestelako ikasbideak ere badira datuetan, eta pertenentzia nahi bat ageri da: «Estatuarekiko atxikimendua Europako txikienetarikoa da EAEn».

Atxikimenduaren gainean eragiten duten aldagaiak hainbat izan daitezke: askotarikoak. «Onuraren batzuk lortzearen truke ere ager daiteke aldekotasuna», azaldu du, adibiderako, Enara Eizagirrek. Aurkeztu dituen datuei begira, xehetasun bati erreparatu nahi izan dio: egoera ekonomiko hobearen pertzepzioak gorakada ote dakarren nazio batekiko pertenentzian. Eta horra erantzuna: ez; egun eskura dauden datuei begira, ez du ekarri Euskal Herriarekiko «pertenentziak» gora egitea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.