Europako bozak

Pernando Barrena proposatu du EH Bilduk Europako zerrendaburu

Josu Juaristik uko egin zion hautagaitzari "harreman bat amaitzean" jarrera "ez-onargarriak" izateagatik. Pernando Barrena proposatu dute haren ordez. EH Bilduko oinarriek berretsi beharko dute erabakia, bihar eta etzi.

Pernando Barrena, iazko maiatzean, Bilboko ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
2019ko apirilaren 9a
13:47
Entzun

Josu Juaristiren ukoaren ondoren, EH Bilduko zuzendaritzak Pernando Barrena (Berriozar, 1965) ezker abertzaleko kide eta Sortuko bozeramaile ohia proposatu du Orain Errepublikak hautagaitzaren bigarren lekuan joateko —ERC, BNG eta beste indar politiko batzuekin osatu du EH Bilduk koalizio hori, eta Oriol Junqueras izango da  zerrendaburua—, BERRIAk baieztatu duenez. Europako Parlamenturako bozak izango dira maiatzaren 26an, eta Barrenak beteko luke Juaristik utzitako lekua, EH Bilduren oinarriek proposamena berretsiz gero. Bihar eta etzi izango dute horretarako aukera, boto telematikoarekin.

Barrenak ibilbide luzea egin du ezker abertzalean. Berriozarko zinegotzi izan zen 1990eko hamarkadan, eta 1999an EH Euskal Herritarrok hautagaitzarekin aurkeztu zen Nafarroako hauteskundeetara. Batasuneko kide ere izan zen, eta 2007an Segurako operazioan atxilotu zuten. Legez kanporatzeen ondoren, Sortu alderdia eratzeko prozesuan hartu zuen parte, eta bozeramaile lanak egin zituen lehen urteetan. Euskal gatazkaren harira, nazioarteko eragile ugarirekin izan ditu harremanak. Txillarreko elkarrizketetan parte hartu zuen.

Josu Juaristik joan den ostiralean jakinarazi zuen uko egiten ziola Europako Parlamentuko bozetan zerrendaburu izateari, "harreman sentimental bat" amaitu ostean izan dituen jarrera "ez-onargarri" eta "lekuz kanpokoengatik". EH Bilduk ontzat jo zuen Juaristiren dimisioa, eta abian jarri zuen zerrendaburu berria aukeratzeko bidea. Gertatutakoa argitzeko protokoloa ere martxan du koalizioak, eta behin-behinean militantzia eten diote Juaristiri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.