PPren Barakaldoko egoitzak erasoa izan biharamunean ezker abertzaleak zehatz hitz egin zuen atzo, Joseba Permachen ahotik: «Argi eta garbi arbuiatzen dugu erasoa», esan zuen Sortuko kideak. Euskal presoen eskubideen alde egin nahi dutenei «bide baketsuak eta demokratikoak» erabiltzeko eskatu zien. Une honetan horrelakoek nori egiten dioten mesede pentsatzeko eskatu zuen, «Estatuko zenbait sektore atzerako prozesua bultzatzen ari diren honetan». Atzoko erasoaz ez ezik, azken egunetan PPren egoitzen kontra izan diren beste eraso batzuei buruz ere ari zen. Atzo, bi koktel molotov bota zituzten PPren egoitzara, goizaldean. Kalte material txikiak eragin zituen.
Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak ere salatu zuen erasoa. «Indarkeria guztiek, bai politikoek eta baita ekonomikoek ere baztertuak izan behar dute», esan zuen atzo. Legebiltzar taldeak oharra ere kaleratu zuen erasoekin «erabateko desadostasuna» azalduz. «Espainiar Estatua agerian uzten ari da behin eta berriro bere interes nagusia inboluzio prozesu batean sartzea dela, eta Barakaldokoa bezalako gertakariek bake prozesua oztopatzea baino bilatzen ez duten sektore horiei bakarrik laguntzen diete», gaineratu zuten.
EH Bilduren Barakaldoko lau zinegotziek ere salatu egin zuten erasoa udalbatzarrean, nahiz eta gainerako alderdiek adostutako testuarekin ez zuten bat egin «terminologia» kontuak tarteko.
Baina gainerako alderdientzat ez dira nahikoak izan adierazpen horiek, eta erasoa salatu ondotik, ezker abertzaleari begira jarri dira. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, «kale borrokaren berritzea» gertatzen ari da, eta «kezkatuta» dagoela azaldu zuen. Erasoak egin dituztenen kontra «ekitea» beharrezkoa iruditzen zaio, eta ezker abertzaleari eskatu dio «argi» kritikatzeko jarrera horiek. Bere sinesgarritasuna jokoan dagoela ohartarazi dio, gainera.
Arantza Quiroga EAEko PPren presidentearen iritziz, PPren egoitzari ez ezik euskal gizartean duen «orria pasatzeko antsiari» ere egin diote eraso ezezagunek. Erasoa nork egin duen ez dakien arren, halako jarrerei «estalkia» ematen dietenei eskatu die «adierazpen argiak» egiteko. «Etorkizunera begiratu eta benetako bake eta askatasunean bizi nahi dugunoi dagokigu nahikoa dela esatea, kokoteraino gaudela esatea, honek ezin duela honela izan, eta Euskadik aro berri bat irekitzea merezi duela esatea», gaineratu zuen Quirogak atzo, Barakaldoko alderdikideekin batera egoitzara egin zuen bisitan.
Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailearen irudiko, berriz, eraso horiek erakusten dute ezker abertzalea «ez dela behar bezain argi» hitz egiten ari bere oinarriei.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, bestalde, Ertzaintzari begira jarri zen, eta«azkartasunez eta irmotasunez» aritzeko eskatu zion. Kezkatuta azaldu zen, eta «kondenarik gogorrena» azaldu zuen. «ETAren munduan» joko arau demokratikoak errespetatzeari «erresistentzia» egiten dion jendea dagoela uste du.
Permachek kale erasoa «arbuiatu» arren, alderdiak ezker abertzaleari so jarri dira
PPren Barakaldoko egoitzari bi motolov koktel bota dizkiote, eta kalte material txikiak eragin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu